Kazetaritza

Aldizkako formakuntzan, kazetaritza euskaraz

Hedabideek kazetari euskaldunak atzemateko dituzten zailtasunetatik abiatuz, EEPk hiru unibertsitateren arteko elkarlana bultzatu du, eta ikasturte honetan Baionan kazetaritza ikasten ahalko da euskaraz. Ikasleak hedabideetan ariko dira lanean, eta praktikak eta ikasketak aldizkatuko dituzte bi urtez.

Ipar Euskal Herriko Euskal Hedabideen emankizuna etxebizitzaz, Larzabale Ezpeletenian. PATXI BELTZAIZ
Joanes Etxebarria.
2023ko irailaren 1a
11:43
Entzun

Ipar Euskal Herriko hedabideetatik dator eskaera, kazetari euskaldunak atzemateko zailtasunagatik. Euskararen Erakunde Publikoarengana (EEP) jo zuten hedabide euskaldun eta elebidunek 2020an, eta ikasurte berri honetan estreinatuko dute urteetan landu duten formakuntza, Baionan kazetaritza euskaraz irakasteko. Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea (UPPA), Bordele-Akitania Kazetaritza Institutua (IJBA) eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eskuz esku aritu dira formakuntza akademikoa prestatzen, eta ikasleak hedabideetan ere ariko dira, aldizkako formakuntzan.

Kazetari euskaldunen beharra duten hedabideetatik abiatu zen dena, behar konkretu batetik, EEPko langile gisa diploma berrirako bidea koordinatu duen Ibai Agirrebarrenak oroitarazi duenez: «Hedabideek jakinarazi ziguten bazela behar bat euskarazko kazetarien atzemateko, euskarazko hedabideak garatzen ari direlako eta euskararen lekua garatzen ari delako hedabide elebakarretan, France Bleu Urdin irratian bezala. Baina ez zen atzematen euskaldun profesionalik». Hedabide horiek, beraz, formakuntzaren partaide izanen dira, gehien-gehienek ikasle bat edo bi hartu baitituzte langile gisa. Bi urteko ikasketetan, sei astez hedabideetan ariko dira, eta bi astez unibertsitatean, aldizka.

Orain hiru urte abiatu zen gogoeta, eta EEPren inguruan hiru eragile akademiko juntatu ziren. EHUko ordezkari gisa, lantalde horretan egon da Josu Amezaga, Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko irakaslea: ikasi zuten, hain zuzen, «Ipar Euskal Herriko hedabideetan euskara bultzatzea» dela beren zereginetako bat, Amezagak dioenez, EHUko estatutuetan helburu gisa ageri baita «euskal kultura eta euskara sustatzea». Leioan (Bizkaia) kazetaritza euskaraz ikas daitekeenez, hastapenetik mahai gainean izan zen ikasleak han formatzearen proposamena, nahiz Amezagaren erranetan formula hori ez izan egokiena: «Gure graduko formakuntza lau urtekoa da; aldiz, Ipar Euskal Herriko diagnosian hurbilago izan behar zen denboran, premia handia baitago».

Bi urtez lanean eta ikasten

Iragan apirilean aurkeztu zuten diploma berria, Baionan, eta maiatz hondarrerako ikasleen hautagaitzak aztertu zituen eragile akademikoek osatu epaimahai batek. Hogei hautagaitzatik goiti presentatu ziren, eta 11 ikaslerentzat ireki ziren unibertsitateko ateak. Maiatzaren 26an, berriz, foro bat antolatu zen hedabideak eta ikasle horiek juntatzeko, Agirrebarrenak zehaztu duenez: «Foro horretan, ikasleek beren burua aurkeztu zioten hedabide bakoitzari, eta gero hedabideek behar zuten hautatu zein ikasle hartuko zuten bi urtez aprendiz gisa. Engaiamendu bat da, hedabideek lansaria pagatzen baitiete; azkenean, ikaslea langile bilakatzen da bi urtez». Gutieneko soldata bat pagatzea inposatua zaie hedabideei, ikaslearen adinaren arabera, baina gehiago ere paga dezakete, EEPko langilearen erranetan.

Kazetaritza euskaraz ikasteko ikasle hautagaiak eta hedabideetako ordezkariak, maiatzaren 26ko foroan, Baionan. (EEP)

Marga Berra Zubieta grafista pausuarrarentzat, programa egokia da ofizio berri bat ikasten hasteko: «Baldintza ezin hobeak ziren niretzat. Bederatzi urtez nire kontu aritu naiz grafista lanean, eta banuen lanez aldatzeko gogoa, baina formatzeak badu prezio bat. Bikaina da: formakuntza izanen dut, eta lanean ariko naiz. Beraz, soldata bat ukanen dut. 33 urterekin, irudi zait baldintza ezin hobeak direla lan berri batean hasteko», erran du.

Formakuntza profesionalean, kulturala da hautu bat edo beste hobestea, eta, estatuen hautuen eraginez, Ipar Euskal Herrian eta Hego Euskal Herrian ez dira ohitura berak. EHUren engaiamenduaren arrazoietatik bat zen «ikasi nahia», Amezagaren erranetan: «Bagenekien garatuagoa dela Frantziako Estatuan. EHUn aldizkakoaren pareko eredu bat aspaldi dago garatua osasun eta hezkuntza zientzietan, baina ez kazetaritzan edo komunikazio zientzietan. Gure unibertsitatean, aldizkako ikasketak duela bi edo hiru urte hasi ziren, eta gauza berria da», esplikatu du EHUko irakasleak.

Diplomaren ezagupena

Kazetari euskaldunak behar dituzten hedabideak formakuntzaren partaide izanik, de facto onartzen diote diploma berriari haien ezagupena. Baina ezagupen zabalagoa ere izan daiteke, Agirrebarrenaren ustez, IJBAk ematen duen bermeari esker: «Prestigiorik handieneko kazetaritza eskola publikoa da Frantziako Estatuan. Ofizioak aitortzen dio bere formakuntza; horrentzat garrantzitsua zen».

Halere, unibertsitate diploma berriak ez du ezagupen ofizialik ukanen, «ez baita Europa mailako goi mailako hezkuntzako titulazio ofiziala», Amezagak argitu duenez. Halere, EHUko irakasleak ere azpimarratu du IJBAren bermeak balio duela ofizioaren ezagupena ukaiteko: «Unibertsitate diploma bat da; beste kategoria bat du. Ez da sistema estandar horretan kokatzen. Berez, ikasle horiek Bordeleko IJBA eskolan matrikulatuak dira, eta titulua ere IJBAk emanen du, nahiz EHU eta Baionako Unibertsitateak barne izan».

Ikasle gisa, diploma sortu berrian izena emateko, hiru unibertsitateen arteko elkarlanak ekarri dio segurtasun sentsazioa Berrari: «Iruditu zait formakuntza biziki ongi pentsatua zela, hiru unibertsitateen arteko lotura egin izanak zinezko pisua ematen diola. Euskaraz izateak ere bai. Biziki logikoa eta koherentea iruditu zait hola pentsatu izana; euskara maila, euskal lurraldea eta kazetaritza arloak aitzinean ezarri dituzte, eta horrek interesa pizten dit».

Hilabete honetan hasi eta unibertsitate ibilbidean bi urteak gainditzen dituzten ikasleek 2025ean ukanen lituzkete lehen diplomak. Bide horretan, EHUrekin iraganen dituzten lan asteetan, besteak beste EITB eta BERRIAren egoitzak bisitatzea pentsatu dute. Hedabide horietatik, justuki, diplomaren ezagupena hel daitekeela uste du Amezagak: «Frantziako Estatuan kazetarien kolegioak onartzen duen bezala, hemen BERRIAk edo EITBk onar lezakete, ofiziala izan gabe ere».

Euskararen leku handia

Unibertsitatearen partean, IJBAk ez du soilik bere formakuntza bermearen partea ekarriko; kurtsoen gehiengoak ere segurtatuko ditu. Amezagaren hitzetan, IJBAk emanen ditu kurtsoen bi heren, eta beste herena UPPA eta EHUren artean partekatuko da. Horrek erran nahi du, EHUko irakasleak dioenez, «unibertsitateko parte handi bat frantsesez» izanen dela. Baina haren kalkulua ez da hor gelditzen, kurtsoak formakuntzaren laurdena baizik ez baitira, ikasleek denbora gehiena hedabideetan lanean pasatuko baitute: «Euskara hutsezko hedabideetan ariko dira ikasle gehienak, eta gehiena euskaraz eginen dute; ikasle horien formakuntzaren %80 euskaraz izanen da. Kasurik okerrenean, ikasle batek izanen du formakuntza gehiena frantsesez eta zati bat euskaraz, eta kasurik hoberenean, horiek dira gehienak, formakuntza gehiena euskaraz jasoko du, eta zatitxo bat frantsesez», ondorioztatu du.

Konparazioan ere hasi da Amezaga, eta oroitzen du EHUko kazetaritza ikasketak euskaraz proposatzen hasi zirenekoa, 1980. urte inguruan: “Gogoan dut EHUn gaur egun eskaintza osoa euskaraz egitera iristeko egin den bidea. Urteak eta urteak behar izan ditugu horretara iristeko; hutsetik abiatu ginen 1980an, eta ez da egiten urte batetik bestera. Aldiz, ikusten dut Ipar Euskal Herrian lehenengoz eginen den formakuntza honetan gehiena euskaraz eginen dela, eta iduri zait izugarriko jauzia dela. Harritu eta poztu nau”.

Bordeleko kazetaritza eskolaren kurtsoak, gainera, tahitieraz eskaintzen dituzten kurtsoetan oinarrituak direla zehaztu du Agirrebarrenak: “IJBAk Tahitin egiten duen kazetaritza formakuntzan oinarritu gara batez ere. Tahitieraz egiten dute. Haien eskemak anitz lagundu du gurea plantan ematen, nahiz behar izan den egokitu Euskal Herrira, euskarara eta hedabideek duten beharretara”. Euskara mailaren hobetzea izanen da unibertsitateko arloetarik bat, eta aurkezpen egunean zehaztu zituen Celine Mounole Euskal Ikasketetako irakasle ikerlariak markatu dituzten helburu konkretuak: “Helburua da formakuntzatik ateratzean gutxienez C1 maila eskuratzea; ahal bada, C2”; Euskarazko B2 maila eskatu zitzaien hautagaiei.

EEPko koordinatu diplomaren interesaz mintzatu zen Antton Kurutxarri erakundeko lehendakaria: “Lurraldean euskarazko ekoizpen mediatikoen garapen perspektibei modu eraginkorrean erantzutea ahalbidetuko du. Kazetari euskaldunen belaunaldi berri baten formakuntza lortuko da, eta, horrela, euskarazko kazetaritza lanaren sendotzea eta garapena ahalbidetuko da”.

Ondoko egunetan hasiko du ibilbidea euskarazko kazetaritzan ariko den Ipar Euskal Herriko lehen promozioak, baina oraino bi leku izan daitezke, hedabide gehienek aprendizak hartu badituzte ere horietarik bi ikaslerik gabe gelditu baitira. EEPrekin harremanetan sartu behar dute azken orduan promozioa integratu nahi luketen hautagai berriek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.