Aldiriko trenen zerbitzua eta atzerriko tituluen homologazioa eskualdatzea hitzartu dute Jaurlaritzak eta Madrilek

Bizkaiko eta Gipuzkoako aldiriko trenak bere gain hartuko ditu Eusko Jaurlaritzak. Etorkizunean Araban zerbitzua garatzeko aukera egongo dela nabarmendu du Olatz Garamendik. 93 milioi eurokoa izango da eskualdatzearen kostua.

(ID_13404055) Renfe - Trena
Aldiriko tren zerbitzua. GORKA RUBIO / FOKU
joxerra senar
2024ko otsailaren 23a
20:15
Entzun

Hirutik bi. Bere agintaldi amaierarako aldiriko trenen zerbitzuak, atzerriko tituluen homologazioa eta migrazioaren eskualdatzeak nahi zituela iragarri zuen urtarril amaieran Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak. Hiru eskumen horien eskualdatzea aztertzeko, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko lantaldeak bildu dira arratsaldean, telematikoki. Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak iragarri du aldiriko trenen eta tituluen homologazioaren inguruko akordioa lortu dutela.

Transferentzien Batzorde Mistoan sinatu behar da akordioa, baina oraingoz «ez dago datarik». Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioaren barruan, EAJk PSOErekin hitzartu zuen «hiru hilabeteren buruan» egingo zela hiru eskumenen eskualdatzea. Garamendiren arabera, nahi izan balute edukirik gabeko akordio bat egin zezaketen lehenago: «Herritarren interesak jarri nahi izan ditugu aukera politikoaren aurretik». Urkulluk hauteskundeetara deitu duen astean etorri da albistea.

Garamendik gaineratu du «intentsitate handiko lana» egin dutela, «ahalik eta akordiorik onena» lortzeko.

Aldiriko trenen akordioa

Hala, Renferen egungo Bilboko eta Donostiako aldirietako trenen zerbitzua bere gain hartuko du Eusko Jaurlaritzak. Araban gaur egun ez dago halako zerbitzurik, baina, Garamendiren arabera, etorkizunean zerbitzu hori izateko aukeraren «atea ireki da». Gainera, Bilboko Portura sartzeko linea bere gain hartuko du behin hegoaldeko tren saihesbidearen lanak amaitutakoan. Bilbo eta Karrantza arteko trenbide estuko zerbitzua ere bere gain hartuko du Euskotrenek.

Aldiriko trenen eskualdatzearen kostua 92,7 milioi eurokoa izango da, eta 400 milioi euroko inbertsio plana izango du: ehun jarduera egitea espero da. Inbertsioen kasuan, Garamendik azpimarratu du beharrezkoa dela makineria eta azpiegiturak berritzea. «Beharrezkoa zen, eta tinko aritu garelako lortu dugu azkenean. Akordioan azpiegitura batzuk jasotzea ere beharrezkoa zen, eta, pazientziaz, lortu dugu».

Garamendik adierazi du ez dela soilik zerbitzua eskuz aldatzea: «Gure herrialdearen lurralde garapenari eta kohesioari aurre egiteko gure ahalmenaren aitortza ere bada».

Tituluen homologazioa

Aldiriko trenez gain, atzerriko tituluen homologazioa eskualdatzeko akordioa lortu dute bi aldeek. Hala, atzerriko unibertsitate titulu ofizialak homologatzeaz arduratuko da Hezkuntza Saila. Garamendiren arabera, akordio horrek «garrantzi berezia» du, hainbat sektoretan profesionalen «behar handia» dagoelako.

Jaurlaritzaren arabera, funtzio hori kudeatuko duen «autonomia erkidego bakarra» izango da. Homologazioak balioko du estatuko tituluen eragin bera izateko kasuan kasuko lanbideetan aritzeko —medikuntzan, arkitekturan edo abokatutzan, kasurako—. Espezialitate jakin batean, medikuntzako tituluaz gain dagokion espezialitatea egiaztatu beharko da. Espezialitatea atzerriko unibertsitate batekoa bada, baina, haren titulua Osasun Ministerioak aitortuko du aurrerantzean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.