Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako sailburuak, Jose Antonio Santano Espainiako Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko Estatu idazkariak eta Raul Blanco Renfeko presidenteak hitzordua dute gaur arratsaldean Bilboko Abandoko tren geltokian: aldiriko trenen zerbitzua eskualdatzeko akordioa sinatuko dute. Hartara, hemendik aurrera, Renferen egungo Bilboko eta Donostiako aldirietako trenen zerbitzua bere gain hartuko du Eusko Jaurlaritzak.
Aurreko legegintzaldian adostu zuten eskumen hori eskualdatzea, otsailean egindako bilera batean. Aldiriko trenen zerbitzuarena ez ezik, atzerriko tituluen homologazioaren inguruko akordioa ere lortu zuten. Martxoaren 11n sinatu zuten akordioa, Transferentzien Batzorde Mistoan.
Zerbitzua eskualdatuta, Jaurlaritzak eskumena izango du aldiriko trenak arautzeko, kudeatzeko, koordinatzeko eta ikuskatzeko. Horrez gain, prezioak, ordutegiak eta maiztasunak adosteko aukera izango du. Eta Araban, egungo trenbidea erabiliz, zerbitzu berriak ezarri ahalko ditu: Araia eta Gasteiz artean, eta Gasteiz eta Manzanos artean. Aldiriko tren zerbitzu izendatu ahalko dute Bilbo eta Karrantza (Bizkaia) artekoa ere.
Aldiriko trenen eskualdatzearen kostua 92,7 milioi eurokoa izango da, eta 400 milioi euroko inbertsio plana izango du: ehun jarduera egitea espero da. Azpiegiturak hobetzea aurreikusi dute. Egun, Renfek kudeatzen du zerbitzua, eta hala izango da aurrerantzean ere. Enpresarekin egindako akordioaren arabera, 2027ra arte du kontratua. Beraz, aldaketarik ezean, kontratua amaitu arte baldintza berberekin emango dute zerbitzua.