Argindar etenagatik hornitzaileei kontuak eskatzeko prest agertu da Sanchez

Espainiako Gobernuak iragarri du ikerketa bat abiatuko dutela gertatutakoa argitzeko, eta «aukera guztiak zabalik» daudela. Europako Batasunari ere ikerketa independente bat eskatuko dio Madrilek.

Tolosako tren geltokia hutsik, atzo arratsaldean. GORKA RUBIO / EFE
Tolosako tren geltokia hutsik, atzo arratsaldean. GORKA RUBIO / EFE
Jokin Sagarzazu - Xabier Martin
2025eko apirilaren 29a
07:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Erabat argitu gabe jarraitzen du zein izan den atzoko argindar itzalaldiaren arrazoia, baina zibererasoaren hipotesia baztertu egin du Espainiako Red Electricak (REE). Eduardo Prieto konpainiako zerbitzu zuzendariak prentsaurreko batean adierazi duenez, orain arte aztertutako datuekin eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuek eta Incibe Zibersegurtasuneko Institutu Nazionalak eginiko ikerketen arabera, ezin da esan gertakaria «zibersegurtasun intzidente baten» ondorio izan denik. «Gaur goizean ondorioztatu ahal izan dugu ez dela inolako intrusiorik izan sare elektrikoaren kontrol sisteman».

Lehen azterketen arabera, REEk dio Espainiako hego-mendebaldeko sistema elektrikoan egondako akats batek eragin zuela itzalaldia. Potentzia deskonexio masibo bat detektatu dute han, ustez energia berriztagarriena. Prietok esan du ez dakitela zehatz-mehatz zein diren gertakari horren arrazoiak, eta ez du adierazi energia planta horien kokapen zehatza. Informazio guztia bildu arte ezin dutela halakorik argitu du.

Atzean giza akats bat dagoela baztertu nahi izan du, hala ere, REEko bozeramaileak. «Ezerk ez garama hori pentsatzera». Era berean, «erabat» baztertu du «perturbazio atmosferiko bat».

Dena bost segundoko tartean gertatu zen. REEko arduradunak azaldu duenez, astelehen eguerdian sistemak modu egonkorrean eta segurtasun baldintzetan funtzionatzen zuen. Bapatean lehen deskonexio bat izan zen, ustez energia fotovoltaikoarena, baina «behar bezala» gainditu zen. Segundo eta erdi geroago baldintzak «degradatu» egin ziren, eta hiru segundo eta erdi geroago baldintza horiek «bateraezinak» ziren hornidura mantentzearekin. «Sistema ez zen gai izan muturreko asaldura horretatik bizirik ateratzeko, eta zero tentsioa sortu zen», adierazi du Prietok.

REEko bozeramaileak azaldu duenez, sistema berreskuratzeko prozesuan funtsezkoak izan ziren planta hidroelektrikoak eta ziklo konbinatukoak, martxan azkarrago jar daitezkeelako. Frantziarekiko eta Marokorekiko loturak ere funtsezkoak izan zirela nabarmendu du.

Horraino azalpenak. Red Electricak nabarmendu du energia ekoizpen zentroen datu guztiak jasotzeko zain dagoela, gertakariaren arrazoiak «hobeto identifikatzeko» eta «beharrezko neurriak hartzeko», halako egoera bat berriro errepika ez dadin.

24 ordu pasa eta gero zer gertatu den oraindik argitu ez izanari buruz eginiko kritikei erantzunez, Prietok ez du «espekulazio eta polemiketan» sartu nahi izan eta azpimarratu du argindar garraio sareak ahalik eta bizkorren eta modurik eraginkorrean erantzun diola krisiari. «Azken 50 urteotan ez dugu inoiz horrelako gertakaririk izan». Gogoratu du zerbitzua berrezartzeko plana osorik gauzatu behar izan diren lehen aldia izan dela, eta prozesu konplexua dela, ehunka planta koordinatu behar direlako.

Aurrera begira, REEko bozeramaileak argindarra biltegiratzeko instalazioen eta beste herrialde batzuekiko interkonexioak garatzearen garrantzia nabarmendu du.

Aukera guztiak zabalik

Espainaiko Gobernuko presidente Pedro Sanchezek ere agerraldia egin du atzoko itzalaldiaz azalpenak emateko. «Gertatu dena azaltzeko muturrera iritsiko gara eta ardurak exijituko dizkiegu hornitzaile pribatuei». Red Electrica enpresak zibererasoa baztertu arren, Sanchezek esan du zabalik daudela aukera guztiak. «Ez zen egon berriztagarrien gehiegizko ekarpen bat. Nuclearren gabeziari lotutako arazoa dela esaten ari direnak gezurretan dabiltza».

Sanchezek iragarri du ikerkerta batzorde bat martxan jarriko duela Espainiako Gobernuak, eta zibersegurtasuna ere tartean sartu du: «Gertatu denak ezin du berriro gertatu, sekula ere ez». Europako Batasunari ikerkerta independente bat ere eskatuko dio Madrilek, «argazki zorrotzagoa eduki dezagun». Eta berriro azpimarratu du «ardurak» eskatuko dizkiela gobernuak sektorean dabiltzan enpresa pribatuei.

Sanchez: «Eskertzen diogu Red Electricari bere ekarpena. Zibererasoa baztertu du, baina guk azterketa independente bat egingo dugu». Hirugarrenez errepikatu du enpresa pribatuei ardurak eskatuko diela exekutiboak, «horretarako arrazoiak badaude».

Espainiako gobernuburuak goraipatu egin du «itzalaldiak eragindako arazoak gainditzeko ahalmena» eta azaldu du «munduko sistema aurreratuenetako bat» dela Espainiakoa.

Argindar enpresei ohartarazpenak egin eta gutxira, sektoreko hornitzaile nagusiekin bildu da Espainiako presidentea Moncloa jauregian. REE, Iberdrola, Endesa, EDP, Acciona Energia eta Naturgy konpainietako ordezkariak hartu ditu, eta bileraren ostean sare sozialetan zabaldu duen mezuan azaldu duenez, argindar zerbitzua berreskuratzeko egin duten ahalegina eskertu die, baita itzalaldiaren zergatiak argitzeko ikerketan laguntzeko eskatu ere. Mezu berean presidenteak sektoreari begirako neurriak hartzeko prestutasuna agertu du. «Beharrezkoak diren hobekuntzak egin behar ditugu gure sistemaren hornidura eta etorkizuneko lehiakortasuna bermatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.