Zenbakiei eta dakartzaten ezinei buruzkoak izan ohi dira azken urteetan BERRIA Taldeko akziodunen batzarrak. Zenbakiez bai, ezinez bai, baina ilusioaz ere aritu ziren atzo, eta izanaz, eta izenez. Arduradun berriak izendatu dituzte: Beatriz Zabalondo izango da lehendakari, eta Iban Arregi kontseilari ordezkari. Hamar urte beteta, taldearen bideragarritasunari eustea jarri dute xede, eta komunitatea indartu egin nahi dute.
Iragarria zuten hamargarren urteurrenarekin batera kargua utziko zutela. Euskaldunon Egunkaria itxita, BERRIAren gidaritza hartu zuen enpresako buru jardun dute Joxan Lizarribar lehendakariak eta Joanmari Larrarte kontseilari ordezkariak. Lizarribarren heriotzak ez ditu aldarazi asmo horiek, eta, atzoko batzarrarekin batera, arduradun berriak izendatu zituzten, aho batez. Dozenaka akziodun bildu ziren Andoainen, Gipuzkoan, taldeak urtero antolatzen duen batzarrean.
Azken aldiz, Larrartek eman zituen azalpenak egoera ekonomikoari buruz. «Urte gogorra» izan zen iazkoa. Papereko hedabideen krisiari ekonomikoa gehitu zaio azken urteetan, eta ataka zailean jarri ditu horrek komunikabideak; areago euskarazkoak. Datuak zinez dira gordinak: publizitatea ia erdira erori da —2006tik 2012ra %46—, eta kioskoan ere egunkari gero eta gutxiago saltzen dituzte —%7 bueltan jaitsi da BERRIA, baina harpidetza sare indartsua duelako eusten ari da alor horretan—. Erakundeen laguntzek ere behera egin dute azken urteetan —%9 apaldu zen iaz Jaurlaritzarena—.
Galerekin itxi zuen 2012a taldeak. Ia 150.000 euro. Horien azterketa egin zuten batzarrean; hots, nola sortu den ustekabeko zuloa. PSE-EEren gobernuak hitza jatearen ondorio izan da: berrikuntza proiekturako laguntza modura, 170.000 euroko ekarpena agindua zuen —publikoki, gainera—, baina atzera egin zuen egun batetik bestera. «Hori izan da galeraren arrazoia, gainerako ahaleginak eginda baitzeuden», dio Larrartek. Agindutako laguntza jaso izan balu, urtea galerarik gabe amaituko zuen BERRIA Taldeak.
Komunitatearen garrantzia
Iragarpenak ez dira onak aurten ere, eta egoera bideratzeko asmoz iaz hasitako proiektu batzuetan indar egiten segituko du taldeak. Zure ziztada behar dugu kanpaina da horietako bat. BERRIAren inguruan dabiltzanen eta proiektua beharrezko ikusten dutenen diru ekarpenak biltzeko egitasmoa da, eta iaz jarritako helburuak bete ditu: 500.000 euro bildu zituzten BERRIA Taldeak aurrera egiteko. Harpidedun edo papereko kazetaren erosle ez den jendea ere badabil BERRIAren inguruan, eta horren froga izan da kanpaina hori, Larrarteren hitzetan; dirua jarri dutenetan, lautik hiru ez dira harpidedunak. «Etorkizuneko bideetako bat izan daiteke». Aurten 600.000 euro biltzea dute erronka.
Deigarri da egoera, izan ere: sekula baino irakurle eta jarraitzaile gehiago, eta egoera ekonomiko estuan dago taldea. Honakoak dira azken datuak: BERRIAk 64.000 irakurle ditu, Hitza kazetek astean 118.000, eta Berria.info atarian egunean batez beste 31.000 bisita dituzte; CIES etxearen datuak dira guztiak. Hedabideei jarraitzen segitzen du jendeak, baina paperetik Internetera jotzen dute gero eta gehiagok. Publizitateak ez du, ordea, berdin egin: paperean gero eta gutxiago dago, baina Interneten ere ez da indartu. Komunikabideen bideragarritasuna kolokan jarri du horrek, eta sarean kobratzen ari dira gero eta gehiago. Ez da hori BERRIAren asmoa. «Euskarazko hedabideetarako sarbidea ez dugu mugatu nahi», azaldu du Larrartek. Jendearen borondatezko ekarpenen alde egingo dute.
Kanporako zerbitzuen bidean ere segitu nahi dute urratsak egiten. «Erronka handia dugu: diru sarrera txikiak ekarriko dituzten bide asko jarri behar dira abian». Administrazioko eta kontularitzako lanak, diseinuari lotutakoak, itzulpenak eta horrelako zerbitzuak eskaintzen ari da taldea.
Orain arte ez dira aski izan, ordea, diru sarrera horiek. Lantaldeari eragin dioten neurriak hartu behar izan zituzten iaz: soldatak jaitsi egin zituzten —urteetan izoztuta zeuden—, eta hamabi postu kendu egin zituzten. «Erabaki zailak» direla aitortu zuen Larrartek, baina nahitaezko jo zituen. «Egungo baliabideetara egokituko den egitura behar da».
Bat egitearen indarra
Egoera ez da samurra, baina, ilusioz, azken urtean emandako aurrerapausoen berri ere eman zuten. Nagusia: Hekimen elkartea sortu dute herri ekimeneko euskarazko hedabideek. «Benetan pentsatzen dugu sektoreak elkar hartuta aritu behar duela egoera zail honen aurrean», nabarmendu zuen Larrartek. Komunikabideen batasunak sektoreari indarra emango diola ziur agertu zen.
Beste pauso bat emango dute Tolosaldean aurki: elkar hartuta, proiektu multimedia bat sortuko dute eskualdeko euskarazko lau hedabideek: Hitza egunkariak, Galtzaundi aldizkariak, Txolarre irratiak eta 28 Kanala telebistak. Aitzindaritzat jo dute proiektua.
BERRIA Taldeak parte hartzen duen beste proiektu batzuen berri ere eman zuten. Irrien Lagunak klubak emandako aurrerapausoa nabarmendu zuten bereziki; sendotzea lortu du azken urtebetean, jaietako egitarauetan tokia egiten ari da, eta ez du galerarik izan.
Urteurrenarekin, izen berriak
Hamar urte. Eskualdez eskualde ekitaldiak egiten ari dira ospatzeko —azken jaia hilaren 22an izango da Martin Ugalde parkean—. Hamarnaka kontatzekoak gara hartu dute lelo gisara, eta hamarkada baten bukaera irudikatu zuten atzo. Joxan Lizarribarrek eta Joanmari Larrartek eskuz esku egin dute bidea BERRIA sortu zenetik, eta, urteurrenarekin batera, kargua uzteko asmoa zuten.
Beatriz Zabalondo proposatu zuten lehendakaritarako, eta akziodunen batzarrak aho batez aukeratu zuen. Taldean luze jardundakoa da Zabalondo; Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn euskara taldean aritu zen. Itzulpengintzan denbora askoan lan egin du, eta unibertsitatean irakasle ari da. 2011tik dago BERRIA Taldeko administrazio kontseiluan.
Etxekoa izango da kontseilari ordezkari berria ere: Iban Arregi. BERRIA Taldeko hedabideen arduraduna izan da azken urteetan. Herri hedabideekin lotura estua du, Azpeitiko Uztarria komunikazio proiektuaren sortzaileetako bat izan baitzen, eta lehen lehendakaria. Larrartek BERRIA Taldean jarraituko du; gainera, administrazio kontseiluan egongo da urtebetez, zubi lana egin dezan.
Akziodunen aurreko lehen hitzaldian, proiektuaren garrantziaz aritu zen Zabalondo —hitzaldia, osorik, Berria.info atarian dago—: «Munduko herrialde guztiek nahi dituzte beren hedabideek. Gu ez gara gutxiago izango! Euskaldunok ematen ez badugu gure munduaren berri, nork emango du?». Taldea «berritze eta eraldatze prozesu bete-betean» dagoela azaldu zuen, eta hori ezinbesteko dela, «atzera geratu nahi ez badu». Proiektuak martxan dira: estilo liburua Interneten izango da aurki; webgune berria, irailean.
Akziodunen batzarraren bideoa, BERRIAren webean:
www.berria.info
BERRIA Taldea. Akziodunen batzarra
Aldi zailean, ilusiozko arnasa
BERRIA Taldeko lehendakari izendatu dute Beatriz Zabalondo, eta kontseilari ordezkari Iban Arregi; bideragarritasuna dute helburuGalerak izan zituen taldeak iaz ere, eta, horri aurre egiteko, komunitatea bultzatu nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu