Instituzio lanetan —batez ere, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoetan eta bestelako ardura tekniko-politikoetan— eskarmentu handia izan arren, Mikel Legardarentzat(Bilbo, 1956) berria izan da Espainiako Kongresuan aritzea. 2015eko hauteskundeetan diputatu aukeratu zuten, eta berdin gertatu zen sei hilabete geroago, bozak errepikatu behar izan zituztenean. Orain, Arabako EAJren zerrendaburua daostera ere.
Zein da legegintzaldiaz egiten duzun balantzea?
Gorabeheraz beteriko legegintzaldia izan da, oso ezegonkorra. Trantsizioaren garaitik zetorren alderdi sistemak eztanda egin duela dirudi, eta alderdi berriak sortu dira, baina, berezko arrazoi horiez gain, badaude beste batzuk mendebalde osoa zeharkatzen dutenak; globalizazioa eta populismo autoritarioaren igoera, esaterako. Horren denaren emaitza da ezegonkortasuna eta ziurtasunik eza.
Kanpaina hasi aurretik, Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrean EAJ eta EH Bilduren babesarekin onarturiko dekretuak eta EAEra transferitzeko dauden lau eskumen horiek izan dira hizpide. Kanpotik begiratuta, badirudi EAJ eta EH Bilduren artean nolabaiteko lehia badagoela Madrilen eragiteko auzi horretaz.
EAJren ibilbidea argia da: alderdi instituzionala da, humanista, eta pentsatzen du egonkortasun abaguneak egokiagoak direla garapen ekonomikoa eta ongizate soziala sustatzeko. Nik uste dut lan egiteko modu hori bat datorrela Euskadiren izaerarekin, eta fruituak eman ditu. EH Bilduk orain bide hori ibili nahi duela? Haien hautua da. Ikusiko dugu.
Gai honetan, herri gisa aritu beharrean, alderdi gisa aritzea leporatzen dizueElkarrekin Podemosek, bai eta euskal agenda defendatzearen monopolioa zuenganatu nahi izatea ere.
Bakoitzak nahi duen analisia egiteko libre da, baina egitateak hor daude. Gizarteak ezagutzen du EAJk agintaldi honetan lortutakoa. EAJ alderdi zentratua da, eta gizarteak bat egiten du horrekin, hauteskundeen emaitzek erakusten dutenez.
Zeintzuk izango dira EAJren ardatzak Espainiako Estatuko hurrengo legegintzaldian?
Nik esango nuke orain arte egin duguna egiten jarraituko dugula.Esparru nagusiak egonkortasuna eta autogobernuaren defentsa izango dira. Horiek ezinbestekoak dira jarduera politikoa garatu ahal izateko. Eta gero, jarduera politiko horren edukiak dira gizartea kezkatzen duten gaiak: garapen ekonomikoa, industria sustatzea, enplegu duina, sistemaren iraunkortasuna, askatasun publikoen defentsa, genero berdintasuna eta abar. Ez dago sorpresarik: aldez aurretik erraz igartzeko moduko alderdia gara, eta uste dut gizarteak hori saritu egiten duela.
Edozeinekin akordioak egiteko gaitasuna nabarmendu duzue beti, eta aurreko legegintzaldian, esaterako, PPrekin zein PSOErekin egin dituzue hitzarmenak. Baina gauzak dauden moduan egonda, ez du ematen eskuineko alderdiak zuekin itunak egiteko prest daudenik. Eragiteko gaitasuna murrizten al dizue horrek?
EAJ, eta euskal gizartea oro har, funtzionalak gara. Gure balioak ditugu, baina ez gara abstrakzio handietatik bizi. Badakigu egokitzen, nazio txikia garelako eta beste biderik ez dugulako izan. Funtzionaltasun horren barruan, itunak egiteko jaidura geneetan daramagu. Baina, jakina, alderdi horiek orain arte bezalako adierazpenak egiten badituzte, ia ezinezkoa da akordioak egitea. Mezua baldin bada hierarkia, birzentralizazioa, zigor kodea eta frankismoaren antzeko kutsu bat, orduan ez dugu ados jartzerik izango borondate handia izan arren.
Erosoago egongo zinatekete ituna PSOErekin eginda?
Guk oso argi izan dugu beti: azken berrogei urtean akordioak eta desakordioak izan ditugu guztiekin, eta, printzipioz, guztiekin hitz egiteko prest gaude, arazoa ez baita norekin, zertarako baizik. Ez goaz inoren alde itsu-itsuan, ezta eskuko galga jarrita ere: gakoa da hitzartutakoa euskal herritarren mesederako izatea.
Programaren aurkezpenean,Aitor Estebanek esan du, autodeterminaziorantz aurrerapausoak egiteko aukerak baino gehiago, orain arte lortutakoari eusteko beharra ikusten duela.
Nik uste dut futbolean bezala egin beharko dugula. Lehendabizi, ikusi eta gauzak nola dauden aztertu; gero, gure atean golik ez hartzen saiatu. Eta, jakina, guk golen bat sartzeko aukera sortuko balitz, saiatuko ginateke gola sartzen, baina lehentasunak zeintzuk diren argi edukita.
Teorian, euskal diputatuok hurrengo legegintzaldian eraman beharko zenukete Espainiako Gorteetara Eusko Legebiltzarrean estatus berriaren inguruan lortzen den akordioa. Horretarako aukera egongo dela uste al duzu?
Oso zaila da etorkizuna iragartzea, Espainiako egoerak izan dezakeen bilakaerari dagokionez zein euskal esparruan lor daitezkeen akordioen inguruan. Nik ez nituzke gauzak aurreratuko; ikusiko dugu legebiltzarrean zer gertatzen den, eta, akordiorik balego ere, ikusi beharko genuke zein den Madrilen dagoen egoera, eta merezi ote duen lur antzuan hazia ereitea edo komenigarriagoa ote den gerorako uztea.
Zure ustez, zein izango litzateke hauteskunde emaitza on bat EAJrentzat?
Nik uste hiru lurraldeetan lehenengo indarra izatea eta Nafarroan [Geroa Bai] sendotzea ez dela lortu ezineko guraria. Oinarria badago hori gerta dadin, baina gertatzen ez bada, egokitu zaizkigun kartekin jokatuko dugu.
Zu Arabako zerrendaburua zara. Askok esaten dute azkeneko urteotan aldaketa soziologiko nabarmena gertatu dela Araban, eta horrek isla izan dezakeela hauteskundeen emaitzetan. Zuk sumatu duzu aldaketa horren aztarnarik?
Zientzialariek esan ohi dute begiradak errealitatea aldarazten duela; zerbait aztertzen duzunean, hori kutsatu egiten duzu nolabait. Nik, egia esan behar badizut, badut sentsazio hori. Baina emaitzak ikusi arte, uste dut hobe dela umiltasun apur batez jokatzea.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria. Mikel Legarda. EAJren zerrendaburua Araban
«Aldez aurretik erraz igartzeko moduko alderdia da EAJ»
Hurrengo legegintzaldian EAJren ardatzak «egonkortasuna eta autogobernuaren defentsa» izango dira, Legardak dioenez. Itunak egiteko jaidura «geneetan» dutela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu