Alderdien koaliziotik haratago

Mugimendu «zabal eta indartsua» sortzeko bidean, EH Baik biltzarra eginen du hilaren 20an

EH Bildu koalizioko kideak, Baionan eginiko agerraldian, atzo. NICOLAS MOLLO.
Baiona
2014ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
EH Bai koalizioa 2007ko hauteskunde legegileen karira sortu zen, eta, geroztik, parte hartu du 2008 eta 2011ko kantonamendu bozetan, 2012ko Frantziako Legebiltzarrerakoetan, eta aurtengo udal hauteskundeetan. Orain, urrats bat gehiago egin nahi du bere ibilbidean, barne antolaketan «salto kualitatibo bat» emanik: alderdien bat egite soila izan beharrean, «ezkerreko abertzaleen mugimendu iraunkorra» izanen da. Abenduaren 20an eginen du hori, Uztaritzen (Lapurdi), lehen biltzar nazionalean.

Ia lau urteko prozesu baten emaitza izango da hori. 2011n, koalizioak Ipar Euskal Herriko abertzale eta ezkertiarrentzako inkesta bat jarri zuen martxan, eta 1.600 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute. Galdeketa horrek argira ekarri du Ipar Euskal Herriko abertzale eta ezkertiarren artean dagoen xedea: «Abertzale ezkertiarren arteko elkarlana bultzatzeko gogoa badela oinarri militantean», azpimarratu zuten atzo Anita Lopepe eta Dominika Dagerre koalizioko kideek Baionan eginiko agerraldi batean.

Hiru urte geroago, EH Bai osatzen duten hiru alderdiek —Sortuk, Eusko Alkartasunak eta Abertzaleen Batasunak— erabaki dute «hauteskunde koaliziotik haratago» joan behar dutela eta ezkertiar eta abertzale sentitzen diren «guziei» lekua eman behar zaiela, «mugimendu bat» osatuz.

Prozesu hori hasi zuten aurtengo martxoko udal bozen ostean. EH Baik tokiko bilkurak iragarri zituen herriko militanteekin batera, bere inguruko gogoeta bat eramateko. «Dozenaka eta dozenaka jendek parte hartu dute gogoeta fase honetan», azpimarratu dute koalizioko kideek. Orain, herrietan eramandako gogoetaren ostean, jakinarazi dute EH Baik koaliziotik mugimendura bilakatzeko lehen biltzar nagusia antolatuko duela. Abenduaren 20an izanen da hori, Uztaritzen. Bertan, EH Bairen «ibilmolde berri bat» bozkatuko dute, alderdien arteko koalizio izateari utzi eta «egiazko mugimendu iraunkor bat» bilakatzeko. Horrez gain, EH Bairen mozio politikoa ere bozkatuko dute. Azken horren «garrantzia» azpimarratu dute EH Baiko kideek, ondoko aste eta hilabeteetan koalizioak izanen duen «oinarri politiko azkarra» izanen baita.

Estruktura berria ez ezik, aipagai izanen da «Iparraldean aspaldiko urteetan abertzaleek ekarri duten aldarrikapena» eta oraindik gaurkotasuna duena: ezagupen instituzionalaren gaia.

«Ezkerreko alternatiba»

2015eko martxoan, departamendu hauteskundeak iraganen dira Ipar Euskal Herrian, eta boz horiek «aldaketa nagusi bat» ekarriko dute, koalizioko kideen arabera. Izan ere, kantonamenduen berrantolaketaren ostean, gaur egun Ipar Euskal Herria hamabi kantonamendutan banatua dago. Hori horrela, datorren martxoan, «lehen aldiz» egun berean bozkatuko da kantonamendu guzietan.

Beste berritasun bat ere izanen da: Ipar Euskal Herrian zein Hego Euskal Herrian, «lehen aldiz eta ber momentuan» bozkatuko da bi hilabeteko tartearekin. Hego Euskal Herrian, herriko bozak, foru bozak eta Nafarroako Parlamentuko hauteskundeak iraganen dira maiatzean.

Kantonamenduetako bozei begira, baikor da koalizioa. Egungo krisi politiko eta ekonomiko «larriaren» aurrean, alderdi sozialistaren «porrota» aurreikusten du. Horren aitzinean EH Bai«egiazko ezkerreko alternatiba» izanen dela adierazi dute.

Ipar Euskal Herriko «hirugarren indar politikoa» direla ikusirik, «indartsu eta irabazteko» asmoarekin doaz hauteskundeetara. Azpimarratu dute aurkeztuko direla tokian tokiko errealitateei eta «arazoei» erantzuteko eta «herritar xumearen aldarrikapenak aitzina eramateko».

Horrez gain, nabarmendu dute Ipar Euskal Herriko interesak «defenditzeko» aurkeztuko direla. Bilakaera instituzionalari etagatazka politikoaren konponbideari garrantzi handia ematen diotela eta gai horren inguruan proposamen «argiak» plazaratuko dituztela aurki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.