Urte politikoa hastearekin batera ekin dio Eusko Legebiltzarrak bere jardunari. Eratzeko bilkura joan den maiatzean egin bazuen ere, udako etenaren ondotik atzo izan zuten legealdiko lehen saioa, bi lehendakariordeen hitzaldiekin. Eusko Jaurlaritzako sailburuek legealdirako prestatu dituzten programen berri emango dute datozen egunetan. Mintzaldi horietan hizpide izango dituztenaz harago, dena den, ikusteko dago legealdiak berak zer ekarriko duen.
Braulio Gomez Deustuko Unibertsitateko irakaslearen hitzetan, hori da legealdi honen «berritasun nagusia», hain zuzen ere: «Ohituta geundenarekin alderatuta, zalantza asko dauzkat etor daitekeenari buruz. Izan ere, Pradalesek aldaketarako mandatu gisa irakurri ditu hauteskundeen emaitzak, eta, beraz, aurreikusi ezin genitzakeen gauzak espero daitezke». Gomezek argi du «politikak aldatzeko legealdia» izango dela jada martxan den honako hau: «Politikari ezin diogu begiratu azken hamarkadari begiratu diogun betaurreko berberekin».
Izan ere, gogorarazi du beste gehiengo bat posible dela Eusko Legebiltzarrean; «azken hamar urteetan ez da halakorik egon». Iker Iraola EHUko irakaslearen hitzetan, legealdiko erronkak zehazteko orduan, ezinbestekoa da indar korrelazio hori kontuan hartzea: «Gobernuko bi alderdiak nahiko eroso daude, beren gehiengoa ez dagoelako zalantzan. Oposizioaren kasuan, aldiz, EH Bilduren profilaren indartze bat egongo da, nahiz eta gobernu egonkor bat izango duen aurrean».
Iraolak ohartarazi du, dena den, Espainiako politikagintzaren eragina ere «oso garrantzitsua» izan daitekeela. «Madrilgo kongresuan egoera ez da batere egonkorra, eta uste dut nabarituko dela hori». Bat dator horretan Ainara Villaño Silvan & Miracle aholkularitzako politologoa ere. Iritzi dio Euskal Autonomia Erkidegoan «garai politiko oso interesgarria» zabaldu dela, eta datozen hilabeteetan Madrilen nahiz Katalunian gerta daitekeenak ondorio zuzenak izan ditzakeela Gasteizko ganberan.
Aurrez aurrekoari eutsi
Adituek uste dute arlo sozialeko gaiak gailenduko direla legealdiko lehen urtean, hala legebiltzarrean, nola alderdien arteko eztabaidetan. Lehentasun horiek ezarri ditu lehendakariak berak ere: Osakidetza eta etxebizitza, batez ere. Ez alferrik, bi gai horiek izan ziren hauteskunde kanpainako gai nagusiak, eta legealdi honetan ere hala izango direla aurreikus daiteke, Villañok zehaztu duenez. «Gobernu akordioan ere konpromiso zehatzak daude jasota; beraz, nik uste horrek markatuko duela legealdiko lehen urtea».
Alor horietan akordio zabalak lortzeko apustua egin du Jaurlaritzak, eta, oposizioak begi onez hartu baditu ere, Gomezek iritzi dio alderdien arteko «aurrez aurrekoa» ez dela desagertuko: «Konfrontazioari dagokionez, politika inoiz baino gehiago egongo da presente». Osasun mahaiaren garapenean jarri du begia Villañok, zehazki, eta uste du hasiera batean elkarrizketak «modu diskretuan» egingo direla espero badaiteke ere, litekeena dela aurrerago alderdi nagusien arteko desadostasunak agertzea. «Esango nuke osasun mahaiaren azken txanpan nabarmen ikusiko dugula elkarrengandik urruntzen; hemendik sei hilabetera edo».
Urtea tonu gogorrarekin hasi zen, Osakidetzaren gaiari lotuta, hain justu ere. Villañok uste du, ordea, giro hori «leunduz» joango dela, mahaian eztabaidak dirauen bitartean. «Edukian eta tonuan alde handia markatuko du horrek». Izan ere, nabarmendu du beste eragile batzuen iritziak jaso nahi izateak «aldaketa bat» islatzen duela egiteko moduetan, aurreko gobernuarekin alderatuta. «Ikusiko dugu zer ematen duen, baina prozesua abiatzeak sinbolikoki badu garrantzia».
Alderdiez harago
Iraola eta Gomez ere iritzi berekoak dira: eztabaida alderdietatik harago zabaltzea «politikagintzak dituen betebehar berrien erakusgarri» da. «Esango nuke garai berrien behar bat dela, alderdien arteko akordioak ez ezik, beste eragileei ere lekua eta hitza ematearena», azpimarratu du EHUko irakasleak. Bada, horren falta sumatzen du estatus berriaren eztabaidan ere. «Ematen du badagoela alderdien aldetik interes bat horri heltzeko, baina, nire ustez, hor gakoa izango da legebiltzarretik kanpo gaiak zer garrantzi izango duen».
Izan ere, Iraolak nabarmendu du aurreko legealdietan egindako lana «legebiltzarrera mugatu» zela soilik, eta ganberatik kanpo ez zuela oihartzunik izan. Hori dela eta, azpimarratu du gaia berriz hizpidera ekarri eta alor horretan aurrerapausoak egin nahi dituzten alderdiek kontuan hartu beharko luketela hori. «Gaia garrantzitsua izango bada, ezinbestekoa da jakitea legebiltzarrean egingo den eztabaidaz aparte gizarte mailan zer garrantzi hartzen duen».
Gomezen irudikoz, beharrezkoa da autogobernuari buruzko eztabaida gizarte zibilari zabaltzea ere, gai horretan aurrera egin nahi bada: «%90 eginda dagoela esaten dute, baina jendeak ez daki Autogobernu Lantaldean zer egin zuten. Zerbaitek huts egiten du hor». Horregatik, Deustuko irakaslearen ustez, akatsa litzateke eztabaida berriz ere alderdiengan uztea. Izan ere, uste du EAJk eta EH Bilduk datozen asteetan abiatuko dituzten barne prozesuek ekar dezaketela arreta are gehiago urruntzea gai horretatik. «Pena da legealdi honetan hainbeste denbora galdu behar izatea alderdien kontuekin».