Alderdiek kritikatu dute errealitatetik at bizi dela Felipe VI.a

Sumarrek kritikatu du Espainiako erregearen diskurtsoa eskuinera lerrokatuta dagoela, eta Ahal Dugu-k uste du bere «onarpen mailari» soilik erreparatzen diola. EAJk, berriz, nazio auziaz egindako analisia salatu du, eta afera horri erantzuteko eskatu.

Aitor Esteban, artxiboko irudi batean. ZIPI / EFE
Aitor Esteban, artxiboko irudi batean. ZIPI / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko abenduaren 25a
17:15
Entzun

Espainiako errege Felipe VI.aren Gabonetako diskurtsoak ez ditu epel utzi Euskal Herriko alderdi politikoak. EAJk, Ahal Dugu-k eta Sumarrek uste dute euskal gizartearen errealitatetik deskonektatuta dagoela estatuburua. EAJk Espainiako Konstituzioaz eta nazio auziaz esandakoei egin die azpimarra. Ezker konfederaleko bi alderdiek, berriz, gai sozialei erreparatu diete, eta eskuinera lerrokatua egotea aurpegiratu diote.

EAJren Espainiako Kongresuko eledun Aitor Estebanen esanetan, erregeak Espainiako Konstituzioaren inguruko «ikuspegi idiliko bat» du, eta baztertu egiten ditu bai haren «gabeziak eta defektuak», bai haren «erabilera okerra». Besteak beste, esan du konstituzioak armada egiten duela Espainiaren batasunaren bermatzaile, tentuz osatu zela «botere judiziala kontrolpean» izateko, eta, behin hura idatzita, Auzitegi Konstituzionala ez dela inpartziala izan haren gaineko interpretazioan; nagusiki, autonomia estatutuen kaltetan.

Hala, kritikatu du erregeak 1978ko konstituzioaren «espiritua» berreskuratu nahi izateak ez duela bat egiten euskal gizartearen errealitatearekin. Kontrara, gogoratu du EAJk eta euskal gizartearen gehiengoak ez zutela hura babestu, eta ordutik sarri eskatu izan dela hura erreformatzeko.

Eskaera horiei segika, defendatu du testua erreformatzeko batzorde txostengile bat jarri beharko litzatekeela martxan, eta eztabaida horretan nazio auziari erantzun beharko litzaiokeela. «Hemen nazio bat dago, euskal nazioa. Espainian nazio bakar bat dagoela adieraztea ukatu ezin dena ukatzea da», gehitu du, berriz ere erregeak atzo esanei aipamen eginda. Haren esanetan, estatuan nazio bakar bat baitago.

Ezker konfederaleko alderdien kritikak, berriz, arlo sozialean zentratu dira; batez ere, etxebizitza eta migrazio auziei egindako erreferentzietan. Sumar Mugimenduak uste du Felipe VI.aren hitzaldia «zaharkitua eta eskuinera lerrokatua» izan zela, eta hartan «Euskadirekiko deskonexio kezkagarria» erakutsi zuela. Izan ere, alderdi hark uste du ez dituela ezagutzen herritarren benetako kezkak.

Eta bide beretik, EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Richar Vaquerok nabarmendu zuen erregea «errealitatetik urrun» dagoela: «Errealitate paralelo batean dago, non bere ardura nagusia bere onarpen mailari lotua dagoen, ez dadin herria altxa». Adierazi du elkarrizketarako deia egin bai baina ahaztu egin zituela oinarrizko eskubideak.

PSE-EEk eta EH Bilduk ez dute adierazpen ofizialik egin, baina koalizio subiranistaren kasuan, sare sozialetan mintzatu da Jon Iñarritu diputatua: «A zer alamena!». Hark kritikatu du Espainiako monarkia ez dela «ez eredugarria, ez gardena, ezta demokratikoa ere», eta galdetu du ea zertarako balio duen halako instituzio batek. Mezuari dagokionez, koalizio subiranistako kidea ez da xehetasunetan sartu, baina Felipe VI.ari kritikatu dio aktualitatearen inguruko errepasoa egiterakoan hizpide ez izatea errege etxeari lotutako «eskandaluak eta ustelkeriak». 

«Zentzuzko analisia»

Bestelako analisi bat egin du EAEko PPko idazkari nagusi Esther Martinezek. Haren esanetan, erregeak errealitatearen «zentzuzko analisi bat» egin zuen atzo, baita «euskal herritarren beharrei, esperantzei eta desirei» dagokienez ere. Bide horretan, hark, Felipe VI.ak bezala, «Espainiako Konstituzioaren espirituari» erreferentzia egin dio, 1978koa bezalako espazio bateratu baten beharra dagoela iritzita: «Zarata eta distortsiorik gabe entzuteko, elkar ulertzeko, eta, batez ere, erantzunak eman ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.