Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztutako bost alderdi nagusiak aztertu ditu bere tesian Jone Goirigolzarrik, Deustuko Unibertsitateko Soziologia irakasleak (Getxo, Bizkaia, 1984): EAJ, ezker abertzalea, PSE-EE, PP eta Ezker Anitza. 1980tik 2012ra osatu dituzten programak ikertu ditu, bakoitzaren hizkuntza politikak eta hizkuntza ideologia zein diren ezagutzeko.
EAJ da Eusko Jaurlaritzan denbora gehien egon den alderdia. Zelan definituko zenuke haren hizkuntza politika?
Bere programak egitasmo zehatzetan oinarritzen ditu. Ez da sartzen hainbeste justifikazio ideologikoetan. Argi eta garbi esaten du euskara gure hizkuntza dela, baina batez ere esparru bakoitzerako egitasmo zehatzak proposatzen ditu. Hezkuntza arloan hau egingo dugu, administrazio publikoan beste hau, komunikabideetan, aisialdian... Euskararen aldeko egitasmoak bideratzean dago erdigunea, eta, batez ere, horrek bereizten du beste alderdietatik. Beste muturrean, PPren diskurtsoa erabat ideologikoa da, ez dago proposamen politikorik. Ezker abertzalea ere oso ideologikoa da; euskararen egoeraren gaitzespena egiten du gehienbat.
Alderdiren batean nabaritu duzu bilakaerarik?
Ezker abertzaleak modu argian planteatzen du Euskal Herri euskaldun bat nahi duela, herritar eleaniztunekin. Erabateko lehentasuna eman nahi dio, euskara naziogintzarako tresna dela uste duelako. Erreferentziazko unitatea Euskal Herri osoa da. Baina aldaketa estrategiko bat egon da azken aldian. Euskal Herritarrok-en eta EHAKren programetan ez zuten kontuan eduki Jaurlaritzak zein eskumen dituen. Eskumenak gaindituz, Euskal Herri osorako egitasmoak planteatzen zituzten. EH Bildurentzat ere erreferentziazko eremua Euskal Herria den arren, pragmatikoagoa da, eta, jarduera eremua autonomia erkidegoa da orain.
Zelakoak dira EH Bilduren proposamenak?
Ez dira EAJren besteko zehatz eta zabalak, baina bai zorrotzak eta inpaktu handiagoa izango dutenak. Adibidez, hezkuntzan benetan herritarrak euskaldunduko badira, murgiltze eredua planteatzen du. Herri administrazioetan hizkuntza eskakizunak proposatzen dituzte, epe zehatzak ezarriz. EAJk ere planteatzen ditu, baina epeak ez dira horren zorrotzak. Arlo bakoitzean helburuak ipintzen ditu, baina proposamenak ez dira hain handinahiak eta zehatzak. EAJk tentsioak saihesten ditu. Ezker abertzaleak euskaldunen hizkuntza eskubideak ditu buruan, ulertzen duelako euskaldunen hizkuntza eskubideak daudela jokoan. Ez du aipatuko inoiz gaztelania hiztunen hizkuntza eskubiderik. Jeltzaleek herritar guztientzako hizkuntza eskubide eraginkorrak nahi dituzte, euskaldun zein erdaldun izan.
Zein antzekotasun eta ezberdintasun dute PPren eta PSE-EEren diskurtsoek?
Erdaldunen hizkuntza eskubideak defendatzen dituzte, uste dutelako gaztelania hiztunak baztertuta daudela, euskara inposatu zaielako. Euskararen ofizialtasuna eta normaltasuna lortzeko ez dute benetako proposamen eraginkorrik egin sekula. PSEk badu jarrera baikorra: jendeak ikas dezala euskara, baina borondatez. Positiboa ikusten du euskara zabalduz joatea, baina inori ezer eskatu gabe, ezta langile publikoei ere. PPk are egitasmo gutxiago ditu. Onartzen dute euskaldunen hizkuntza komunitatea dagoela, eta euren egitasmo komunitate horri begirakoak dira, baina ez dute beharrezko ikusten komunitate hori zabaltzea. Adibidez, euren ustez, irakasle guztiek ez dute euskaldunak izan behar; nahikoa da eremu euskaldunekoek euskara jakitea. Euskararentzako egoera estatikoa proposatzen du.
PPk badu euskalkiak defendatzeko joera. Zergatik?
Ez dakit oso ondo zelan interpretatu. Ez dute hizkuntza komunitatea babesteko egiten. Bizkaian,hizkuntza komunitatea nor dira? Bizkaitarrak, bizkaieraz berba egiten dutenak. Nik ez daukat arazorik euskaldun bizkaitarrek euren hizkeran berba egitearekin, eta laguntzeko eta errazteko prest nago. Euskara batuak, ostera, hiztunen komunitatea zabaltzea dakar.
Zelakoa izan da Ezker Anitzaren diskurtsoa?
Ezker Anitzak, PPk eta PSEk bizikidetza politikoaz egiten dute berba. Baina Ezker Anitza da politiken bitartez hizkuntza pluraltasuna benetan defendatzen duen bakarra. Diote: «Nik Espainian sinesten dut. Baina nahi dut estatua askotarikoa izatea, eta aniztasun hori errespetatzea eta horri balioa ematea». Horretarako hainbat proposamen ditu. Estatuko gainontzeko hizkuntzak ere aipatzen ditu. Estatuko eskoletan hizkuntza guztiak ikastea nahi du; estatuko hizkuntza guztiak ofizialak izatea nahi du, pluraltasunaren alde. Ezker Anitzaren planteamenduan herritarren hizkuntzak ipintzen dira zentroan, etabakoitzak bere hizkuntzan bizitzeko baliabideak izan behar dituela defendatzen du. Euskal Herria onartzen du, eta ez du eragozpenik Euskal Herriko hizkuntza euskara dela esateko. Ezker Anitzak bi estatutan banatuta dagoen herri bat badela onartzen du.
Beste hizkuntzen presentzia ere aztertu duzu. Ingelesak aspaldion badu pisua hezkuntzan.
Denek defendatzen dute eleaniztasuna. Baina nor egon daitekehizkuntzak menperatzearen aurka? Deigarria da sozialisten kasua. Euskararen inguruan ez dituzte politika indartsuak, baina ingelesarentzat, bai. Interesgarria da ikustea zelan Jaurlaritzan egon ziren urteetan euskara esparru batzuetan ingelesaren eskutik sartu zen; adibidez, unibertsitatean eta Lanbide Heziketan. Ingelesa indartu nahi izan dute, eta, bide batez, euskarari ere mesede egin dio.
Alderdien diskurtsoak gizartean eragina du, edo boto-emaileen iritzia jasotzen dute alderdiek euren programetan?
Ez nago oso ziur, baina argi daukat alderdiek esaten dutenak eragin itzela duela herritarrengan. Mezu zuzenak eta zehatzak zabaltzen dituzte. Jende arruntarekin halako gaiez hitz egitean erraz konturatzen zara bakoitzak zein alderdirekiko lotura ideologikoa duen, zeinen diskurtsoa duen.
Posible ikusten duzu bosten artean zerbait adostea?
Hori izan zen tesi tribunalean Xabier Aierdik egin zidan galdera. Ezker Anitzaren diskurtsoa da inklusiboena. Identitatearekin lotzeaz gain, justizia sozialarekin ere lotzen du hizkuntza. Eta, nire ustez, hori da bidea. Bakoitzak bestearen hizkuntza ezagutzea eta bakoitzak bere hizkuntzan berba egin ahal izatea baino zer justuagorik? Ez zait inporta zer sentitzen zaren: euskaldun, espainiar, frantses... Ikas dezagun bakoitzak bestearen hizkuntza, eta hobeto ulertuko dugu elkar. Hobeto ezagutuko zaitut zure hizkuntza ezagutzen badut, eta alderantziz. Alderdiek hor aurkitu beharko lukete hizkuntza politika eraikitzeko topagunea.
Jone Goirigolzarri. Soziologoa
«Alderdiek justizia sozialarekin lotu behar lukete hizkuntza»
Goirigolzarriren esanetan, ezker abertzaleak euskaldunen eskubideak ipini ditu hauteskunde programetako hizkuntza politikaren muinean; PPk eta PSE-EEk, erdaldunenak; EAJk eta Ezker Anitzak, guztienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu