Euskal Autonomia Erkidegoko Trantsizio Energetikoaren Legeak beste urrats bat egin du. Atzo amaitu zen lege egitasmoari zuzenketak jartzeko epea, eta ezein alderdik ez dio osoko zuzenketarik jarri. Beraz, printzipioz, legea onartua izateko gertuago dago. Herenegun Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak adierazi zuen otsailean onartuko dela legea. Jaurlaritzak 2023ko maiatzean onartu zuen lege egitasmoa, eta parlamentuko tramitearen azken pausoetan dago, beraz. Osoko zuzenketarik ez, baina zuzenketa partzial ugari jarri dizkiote: EH Bilduk, 115; Elkarrekin Podemos-IUk, 116; PPk, 50, eta C's-k, bederatzi.
Oposizioko taldeek eguna baliatu dute gai horren inguruko euren jarrerak zehazteko. EH Bilduk, ohar baten bidez, eskatu du urtarrilean legebiltzarra gaitu beharko litzatekeela araua agintaldia amaitu baino lehen onar dadin errazteko.
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, «anbizioa, zehaztapena, helburu argiak eta haiek lortzeko mekanismoak» falta zaizkio lege proiektuari. Oterok uste du «premiazko ahalegina» egin behar dela «lege on bat egiteko« eta energia berriztagarrietarako trantsizioa bideratzeko. «Legeak seinale argi bat bidali behar du erregai fosilak bertan behera uzteko, eta horrek eskatzen du Energiaren Euskal Erakundearen norabidea aldatzea».
Erregai fosiletan inbertsioa egiteko bidea moztu egin beharko luke legeak, EH Bilduren iritziz, eta «desinbertsio plan bat» jaso beharko luke. Ildo horretan, aktibo fosiletatik lortutako baliabideak trantsizio energetikoan inbertitu beharko liratekeela uste du oposizioko alderdi nagusiak. EH Bilduk adituen batzorde bat eskatu du gobernantza mekanismoak hobetzeko. Zehazki, legeari helburu argiak eskatu dizkio, 2030. urteari begira isuriak eta energia kontsumoa gutxitu eta energia matrizean berriztagarriak sartzeko.
Elkarrekin Podemosen proposamena
Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, trantsizio energetikorako bere proposamena aurkeztu du gaur. Proposamen horren ardatz-edo, neurri hau: Energia Berriztagarrien Sozietate Publikoa sortzea, «energia berriztagarria arrazoizko prezioetan ekoitzi eta merkaturatzeko». Horrek lagunduko luke energia subiranotasuna lortzen, talde horren iritziz. «Jaurlaritzak EEErekin edo Eguzkind bezalako sozietateekin horretarako gaitasuna du, baina nahiago du merkatu librean eta multinazionalei lan egiten utzi».
Sozietate publiko horrek energia berriztagarria salduko lieke etxeei eta industriari. Trantsiziorako 50 proposamen aurkeztu ditu Elkarrekin Podemos-IUk, besteak beste, Miren Gorrotxategi Legebiltzarreko bozeramaileak parte hartu duen agerraldian: «Trantsizio energetikorako proposamenak 50 neurri jasotzen ditu etxebizitza, garraioa eta industria elektrifikatzeko, gas galdarak pixkanaka ezabatzea sustatzeko, eraikinak birgaitzeko eta haien eraginkortasun energetikoa hobetzeko, garraio publiko elektrifikatua bultzatzeko eta txartelen prezioan % 50eko deskontua mantentzeko». Halaber, beste gobernantza eredu bat ere bultzatu nahi du, batzorde zientifiko bat eta herritarren batzarrak sortuz.
Gorrotxategik zalantzan jarri du gaur egungo ekoizpen eta kontsumo eredua, «jasanezina» delakoan: «Ezinezkoa da baliabide mugatuak dituen planeta batean hazkunde ekonomiko mugagabea izatea».