Alderdiek eta erakundeek asteburuan izandako istiluen aurka egin dute

Urkulluk kale istiluak gaitzetsi ditu. EH Bilduk eta Podemos-ek istiluak arbuiatu dituzte, eta adierazpen askatasunaren auziari heldu diote

Ertzain bat manifestari bat atxilotzen, igandean, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
Erredakzioa
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Hainbat mobilizazio egin dituzte asteburuan Pablo Hasel kantaria bere abestien letrengatik espetxeratu dutela-eta, espetxeratze hori salatzeko eta adierazpen askatasuna defendatzeko. Zenbait tokitan, kale istiluak izan dira. Igandean, Bilbon, Moyua plazaren inguruan hainbat manifestarik edukiontziak gurutzatu zituzten, eta botilak jaurti zizkieten ertzainei. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «irmo» gaitzetsi ditu istiluak: «Erantzun eraikitzaileak, berritzaileak eta kultura behar ditugu bizi dugun krisi egoerari aurre egiteko. Atzo [herenegun] bizi izandako gertaerek islatzen dutenaren justu kontrakoa», Urkulluren arabera. «Giza duintasunaren zentzua iraintzen dute eta suntsitu baino ez dute egiten», haren iritziz. Ildo beretik egin du Juan Maria Aburto Bilboko alkateak ere. Istiluak gaitzestearekin batera, eraso egin zioten argazkilariari babesa igorri dio. Aburtoren ustez,«kontraesan handi bat da adierazpen askatasuna defendatzea eta gero bere lana egiten ari den hedabide bateko profesional bati eraso egitea». Bilboko EH Bilduk ere arbuiatu egin ditu istiluak; «lekuz kanpo daudela» uste du. Eta gaineratu du eztabaida bat dagoela egiteko Espainiako Estatuan: «Bere burua demokratikotzat daukan estatu batek indarrean dituen arauek adierazpen askatasuna mugatzen badute, egokitu egin behar ditu».

Podemos-Ahal Dugu-k ohar bidez arbuiatu ditu istiluak, eta adierazpen askatasunaren alde egin du. «Babesten ditugu adierazpen askatasunaren alde egiten ari diren mobilizazio guztiak. Hala ere, manifestari batzuek indarkeria erabili izana arbuiatzen dugu, adierazpen askatasuna aldarrikatzearen kontra doalako». Ahal Dugu-k gaineratu du istilu «deitoragarri» horiek erabiltzea Podemosen aurka egiteko: «Ezin da normaltasun demokratikorik egon musikari bat espetxeratzen denean haren abestietan monarkia kritikatzeagatik».

Nafarroako Parlamentua

Iruñean larunbatean izan zen adierazpen askatasunaren aldeko manifestazioa, eta amaieran, zenbait manifestarik edukiontziak erre zituzten. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egin ditu istiluak, baina ez du lortu adostasunik adierazpen bateratu baterako. Navarra Sumak aurkeztu du. Istiluak gaitzestearekin batera, koalizioaren proposamenak Poliziaren lana txalotu eta babestu egiten zuen, eta PSNren babesa baino ez du lortu. Iruñeko Udaleko alderdiek ere istiluen kontra egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.