Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

Alderdiei muzin eginda

Herrietako zerrenda independenteak biltzen ditu Ikune koordinakundeak; oraingoan, foru hauteskundeetara ere zerrendak aurkeztu ditu Bizkaiko eta Arabako zenbait barrutitan.

Barakaldo Decide-ko alkategai Alex Plans —eskuinean—, atzo, propaganda banatzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Barakaldo
2015eko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Zerrenda independenteak ez dira berriak Euskal Herriko zenbait udalerritan. Batzuek tradizio luzea dute, eta arrakasta handia erdietsia daukate. Plentzian, Abadiñon eta Etxebarrin (Bizkaia), esaterako, alkatetza izan dute amaitzear dagoen agintaldian, eta Etxebarrin hogei urte baino gehiago daramate udal agintean. Herriaren Ahotsa izeneko taldeak, hain zuzen, Etxebarriko Udaleko hamahiru zinegotzietatik hamar ditu.

Duela bizpahiru urte, Ikune koordinakundea sortu zuten, zerrenda eta hautetsi independente haiei babesa emateko asmoz: independenteen «aterkia» da, haien hitzetan. Atzean alderdi politiko egituratu bat ez edukitzea desabantaila dela jakitun, aurten foru hauteskundeetara ere aurkeztea erabaki dute, Ikune izendapenarekin, «aldunditik ere eragiteko». Zerrendak aurkeztu dituzte Bizkaiko Enkarterrin eta Arabako bi barrutitan—Aiaran eta Gasteizen—.

Hainbat herritan atera dituzte Ikunerekin koordinatutako zerrenda independenteak. Araban, Gastoria (Gasteiz) eta Omnia (Laudio) dira aipagarrienak. Bizkaian, Etxebarri, Abadiño eta Plentziako betiko zerrendez gain, Indaz (Abanto-Zierbena), Muskiz Bai (Muskiz), Grupo Independiente (Gorliz) eta beste zenbait aurkeztuko dira. Bizkaian bertan, Barakaldon, Barakaldo Decide taldea osatu dute; Herriko Plazan ekitaldi bat egin dute, eta Barakaldo Decideko alkategai Alex Plansekin batera, Ikuneko koordinatzaile nagusi Alvaro Barrios eta Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagai Joseba Arroita eta Javier Rodriguez egon dira.

Alderdien loturetatik aske

Udal mugimendu independentearen garrantzia nabarmendu du Barriosek. Esan duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 88 herritan daude horrelako taldeak; 39 alkate dituzte, eta 353 zinegotzi. Alderdien loturetatik aske aritzea begitantzen zaio aukerarik onena: «Alderdiek euren botere kuotak dituzte, eta, askotan, euren interesei erreparatzen diete, ez herritarren interesei».

Horregatik erabaki dute zerrenda independenteak osatzea. Ez dituzte ukatzen ideia politiko eta hautu ideologikoak: «Badakigu beste zenbait esparrutan ideologiak garrantzi handia duela. Baina hori ez da gure esparrua», esan du Barriosek.

Izan ere, ideologiak eta alderdi politikoak tartean daudenean, «udalen gainetiko interesak herritarren interesen kaltetan lehenesteko» arriskua dagoela uste du. Eta adibide bat jarri du: Galdakaoko herritarrak metrora eramateko autobus zerbitzuaren auzia. Polemika latza sortu du auzi horrek Bizkaian, Etxebarriko Udalak uko egin diolako autobus horrek Etxebarriko udalerria zeharkatzeari. «Galdakaon eta Basaurin EAJko alkateak dituzte, etaalderdi horrek agindu du Bizkaiko Aldundian ere; horregatik, diputazioak alderdiaren interesak lehenetsi ditu Etxebarriko herritarren interesen gainetik».

«Udala kudeatzea auzokideok gure etxea kudeatzen dugun moduan»; horra hor Barakaldo Decideko alkategai Alex Plansen proposamena. Dioenez, alkateak eta zinegotziek herritarren borondatearen kudeatzaile soil izan beharko lukete. Horregatik, auzi garrantzitsu guztietan herritarrei galdetzea proposatzen dute, batzarren bidez eta teknologia berriak erabilita, baita herritarrek erabakitakoa egitea ere, udal agintarien iritzia gorabehera.

«Gure asmoa ez da etengabe galdeketak egitea eta herritarrak gai guztien inguruan bai ala ez esatera behartzea, erabakirik onena kontsentsuaren bidez hartzen dena baita», zehaztu du, «baina udal agintariek jakin behar dute zein den gehiengoaren iritzia, eta horixe gauzatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.