Eskuin muturrak darabiltzan irispide berriak gero eta eraginkorragoak dira euskal gizartean barneratzeko. Adostasun soziala hautsi eta jito autoritarioa ezarri nahi dutenek gezurraren eta gorrotoaren eroale bihurtu dituzte sare sozialak. Alderdi politiko tradizionalak hasiak dira borroka zelai berri horretara moldatzen, baina astiro; joko arau berriak daude: gezurra eta desinformazioa erabatekoa da demokraziaren funtsa oztopo dutenen aldetik. Eztabaida ez dute datu errealen gainean egiten, balekoa baitzaie susmoa, duda eta aurreiritzia ereitea. Baratze horretan gorrotoa hazten da, migranteen aurka, emakumeen aurka, klima aldaketari aurre egiteko ekinaren aurka, euskararen aurka...
Urte politikoaren hasieran, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek «politikan gizalegez aritzeko ituna» eskaini zien Eusko Legebiltzarreko alderdiei. Ohartarazi zuen «giro garratza eta iraina» baztertu behar dela eztabaida politikoan, baina, aldi berean, onartu gaitz hori zabalduagoa dagoela beste lurralde batzuetan. Eskuin muturra gailendua da jadanik Ipar Euskal Herriko hauteskunde batzuetan, eta, Nafarroan, isla kezkagarri bat lortu du, parlamentuan ez ezik kalean ere. Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordeak atzera bota du aurten Voxek migrazioari buruz aurkeztutako mozio bat, «gorrotoa» sustatzen duelakoan.
Zer egin dezakete alderdi tradizionalek faxismoari bidea zabal-zabalik utzi nahi diotenak gerarazteko? Alderdiak hasiak dira estrategiak lantzen. «Desinformazioari aurre egiteko garrantzitsuena irizpide sendoak edukitzea da», esan du Xabier Barandiaranek, EAJko EBBko burukide eta Berrikuntza Politikoaren arloko arduradunak. Barandiaranek egiaren balioaren garrantzia azpimarratu du: «Egian oinarritutako jarrera aktiboa izan behar dugu alderdi politikook, eta aurrerapen teknologikoaz baliatu gizarte sareetan sortzen den desinformazioa antzeman eta gezurtatzeko». Gazteak hurbiltzen dira gehien informazio bide berrietara, eta «heziketa eta kontzientziazioan sakontzea» ezinbestekoa dela azaldu du. Horrez gain, komunikazio publikoan «erabateko gardentasunarekin» jokatu behar dela nabarmendu du: «Adostasunak landu behar ditugu eragile politiko, erakunde eta gizarte eragileen artean».
Erasoa euskarari
Urrian, EH Bilduko legebiltzarkide Garikoitz Mujikak legez besteko proposamena aurkeztu zuen Gasteizko ganberan, fake news edo albiste faltsuei aurre egiteko batzorde berezi bat sortzeko, baina ez zen aurrera atera. Mujikak uste du gobernuek «dagokion garrantzia» eman behar diotela gaiari. «Baina ikusten ari gara marketin politikoaren bitartez baino ez dela gaia lantzen, eta halaxe Euskal Herrian ere». Bilkideak dio «gutxietsi» egiten dituztela desinformazioaren arrisku errealak, «arazo horren arriskuez Euskal Herria salbuetsia egongo balitz bezala». Bada, justu aurkakoa dela ohartarazi du: «Nazio txiki bat gara; euskara eta euskal kultura erasoaldia jasaten ari diren honetan, hemen nahiago dute arazoa ez identifikatu eta koherentziarik gabe jokatu».
«Ongizate estatua mantentzeko arazoak daude, eta haserre hori kudeatzen du eskuin muturrak»
XABIER BARANDIARANEAJko legebiltzarkidea
Desinformazioari aurre egiteko lanean, bada alderdi politikoen «erantzukizun esklusiboa» den zerbait, Mujikaren arabera: «Hizkuntza eta diskurtso publiko-politikoen egokiro erabiltzea eta gardentasun osoko jardun politikoa egitea». Uste du ez direla horrela ari: «Euskal Herrian ere, konbentzionalismo politikoan diharduten indar politikoen hizkeran erdi gezurrak eta falaziak erabiltzen dira». Eta salaketa argi bat erantsi du: «Espainiako eskuin muturreko eta muturreko eskuinak erabiltzen dituen jardun komunikatibo berak erabiltzen dituzte Euskal Herriko zenbait alderdik ere».
PSNko Lurralde Antolamendu idazkari Ramon Alzorrizek onartu du kezkatuta daudela desinformazio masiboaren gaia dela eta. «Demokraziari eraso egiten dio, eta, funtsean, eskuina agintean ez dagoenean gertatzen da hori. Demokratikoak ez diren metodoen bitartez, lohiaren eta gezurraren makineria erabiltzen dute gobernuak eraisteko». Sare sozialak baino gehiago ohiko komunikabideen jarduerak kezkatzen du. «Prentsako azalak eta irratietako eta telebistetako tertuliak baliatzen dituzte gezurrak etengabe zabaltzeko eta herritarrengana heltzeko. Gezurrak erabiltzen dituzte aurkari politikoaren aurka».
Txibiteren ustezko osaba
Espainian, Pedro Sanchezen inguruan sortu diren auzi judizialak jarri ditu Alzorrizek horren adibide gisa, baina argi du Nafarroan ere erabiltzen direla metodo horiek: «Hemen ere erabiltzen dituzte gezurrak. Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilari izendatua izan zenean, esan zuten Txibiteren osaba zela, eta ez da. Esan dute, era berean, Belateko tunelen adjudikazioa modu irregularrean egin dugula, baina ez dute frogarik aurkeztu eta auzitara jo. Gezurrak esaten dituzte AHTaz, ubideaz, Nafarroa salduko dugula, gaur ETA bizirik dagoela...».
Gobernuek, oro har, herritarrei eman beharreko funtsezko zerbitzuetan huts egitearekin batera, ez ote zaio laguntzen eskuin muturrari gizartearen geruza gehiagotara iristen? EAJko kide Barandiaranek uste du egungo globalizazio ereduan «arazoak» dituztela «demokraziek ongizate estatua mantendu eta garatzeko»: «Horrek haserrea sortzen du, eta, haserre horren ondorioz, erreakzio populistetarako baratzea sortzen da».
Barandiaranen hitzetan, eskuin muturrak herritarren haserrea «kudeatzen du», hiru esparrutan: «Etorkizunari uko egin, eta segurtasuna iraganeko komunitate itxietan bilatzen dute, dibertsitateari eta etorkinei uko eginez»; horrekin batera, «autoritarismoaren aldeko apustua» aipatu du jeltzaleak, «errealitate konplexuak kudeatzeko demokrazia alde batera uzten duena»; eta azkenik, «komunikazio hipersinplifikatu, emozional eta instrumentalizatuaren erabilera» nabarmendu du. Uste du egiaren gainetik jendea erakartzea dutela helburu. «Guztion ardurari» erreparatu dio, «lasterbiderik ez baitago konplexutasuna kudeatzeko».
«Gaiari dagokion garrantzia eman beharrean, marketin politikoaz lantzen dute gaia Euskal Herrian»
GARIKOITZ MUJIKAEH Bilduko legebiltzarkidea
EH Bilduko legebiltzarkide Mujikak, berriz, gobernuen eta alderdien erantzukizunari begiratu dio: «zuritu» egiten dituzte eskuin muturra eta muturreko eskuinak, haren hitzetan, «bai Europan eta bai Espainian». Eta horrek ondorioak ditu Euskal Herrian, erantsi duenez, «hemen antifaxisten alde bozkatzen den arren». Egungo arazoei ez bazaie «irtenbide errealik» ematen, «politikaren beraren muina desitxuratzen da, eta herritarrenganako atxikimendu falta areagotzen», Mujikaren arabera. «Zirrikitu horietan puzten da eskuin muturra, populismoarentzat autobideak baitira arrakala horiek».
Bilkideak salatu du eskuin muturrari eremu bat utzi zaiola maiz: agenda publikoa bideratzea eta gidatzea. «Marko diskurtsiboak funtsezkoak dira». Agendan eta markoan eragiteko beste giltzarri bat aipatu du: informazioa. Izan ere, eraldaketa azkarreko prozesuan dago sistema demokratikoen oinarrietako bat: «Frantziako Iraultzatik lehen aldiz, kazetaritzatik eta haren araubideetatik kanpoko eragile batzuk zuzenean eragiten ari dira belaunaldi oso baten iritzi publikoan; belaunaldi berriek informazioaren %23 inguru Tiktoketik jasotzen dute. Zer informazio dira horiek? Nork idatziak? Nola zabalduak?», galdetu du.
Mujikak azaldu du komunikabideek eta gobernuek ez dutela jadanik «agenda mediatikoa eta publikoaren monopolioa». Hiru agenda ikusten ditu gaur egun: «Mediatikoa, publikoa eta konbertsazio soziala». Bada, zehaztu du ezen, agenda soziala aurreko biekin bat ez badator, arrailak hor sortzen direla, eta adibideak jarri ditu: «Etxebizitzaren arazoa transbertsala da, eta agenda sozialean dago. Horrek ez badu agenda mediatiko eta politikoan erantzun errealik, hor sartzen da eskuin mutur populista».
Hauteskundeak errespetatu
Udaberrian, Maria Txibitek egiaztatze agentzia bat sortzea proposatu zuen «Nafarroaren eskumenen barruan». Azaldu zuen agentzia hori adituekin elkarlanean egin beharko litzatekeela eta ez litzatekeela publikoa. Ez zuen zehaztu zer formula izango lukeen. Era berean, adierazi zuen garai digitalean komeni dela «herritarrak alfabetatzea». Horri buruz galdetuta, Alzorrizek azaldu du neurriak aztertu behar direla, «saiatzeko herritarrek izan dezaten egiazko informazioa, ez Alderdi Sozialistak nahi duena».
Haren irudiko, oso lagungarria litzateke demokraziaren oinarrizko printzipioekiko atxikimendua lortzea: «Lehenik, errespetua eta hauteskunde emaitzak errespetatzea. Bigarrenik, adierazpen askatasuna ez erabiltzea gezurrak esateko, manipulatzeko. Hirugarrenik, legeak egin, eta gogoetarako eremuak irekitzea». Hori esanda, ordea, «oso konplikatua» ikusten du politikoki hitzartzea gutxieneko horiek.
Nafarroako Parlamentuan jokabide kodea lantzen ari dira jarduera politikoan gutxieneko horien bila, eta legebiltzarkideek erantzukizunez joka dezaten. Izan ere, eskuin muturraren presentziak ohiko jarduera baldintzatu du. Giroa ez da gaiztotu beste toki batzuetan adina, baina haien mezuak agenda politikoan kokatzen ahalegindu dira. Alzorrizen arabera, «ez dute oraingoz oihartzun mediatikorik, gezurrak erabiltzen baitituzte».
PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak hitzarmen bat dute Voxen ekinaldietan ez parte hartzeko. «Gogorra da, astakeriak esaten baitituzte eta ez baitiezu erantzuten. Oreka bilatu behar da». Voxen mozio xenofobo bat fiskaltzara eraman zuten irailean, gorroto deliturik ba ote zen azter zezan. Haren ustez, Nafarroan Vox ez da indartuko; bai, aldiz, haren ideiak: «Arazoa da eskuin muturraren antzera jokatzen duela eskuinak, eta Voxek beste lurraldeetan erabiltzen duten diskurtsoak dituztela UPNk eta PPk».
Bistan da: ez da erraza gezurrari aurre egitea, ez da sekula izan, orain baino lehen ere gezurra aski erabilia izan baita Euskal Herriko politikagintzan. Berritasuna neurrian dago, gezur emarian, zabalkundean. EAJko kide Barandiaranen errezeta «egia sendotzea» da. «Gezurra zabaltzeko tresnak sofistikatzen badira, egia zabaltzeko tresnetan, bideetan, adostasunetan sakondu behar dugu. Demokrazian sakontzea da gakoa: demokrazian sakondu eta demokraziaren bidea erabili». Eta oinarri argi bat ezarri du: «Demokraziarik gabe, gure herriak ez du etorkizunik».
Mujika bilkideak dio ezin dela «gezur bakar bat ere salatu eta desmuntatu gabe utzi». Erantsi du eskuin muturraren gudu kultural oso bat dagoela munduan. «Hori da zuhaitza, eta guk ezin diegu hostoei soilik begiratu».