Azken 38 urteetan bezala, jaieguna izango da bihar Hego Euskal Herrian; Espainiako Konstituzioaren Eguna da. 1978ko abenduaren 6an bozkatu eta onartu zen testu hura, eta 1983tik ospatzen da urteurrena. Hori dela eta, adierazpen bateratu bat argitaratu dute Llotja de Marreko akordioa sinatu zuten alderdiek: EH Bilduk, ERCk, PDCat-JxCatek, CUPek eta BNGk. Konstituzioa «agortuta» dagoela esan dute, eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu.
«Beste urte batez, Espainiako Konstituzioa gorespen eta defentsa fanatiko baten objektu bilakatuko da gure herrien eskaera nazionalei erantzun bat ematea saihesten duten horien partetik», hasi dute testua. Salatu dute Konstituzioak errealitate plurinazionala ukatzen duela, «baita bertatik eratorritako eskubide nazionalak ere».
Eredu autonomiko deszentralizatua agortuta dago alderdi subiranisten iritziz, eta gaitzetsu dute Auzitegi Nazionala «birzentralizazio instrumentu» bilakatu dela. Gainera, Konstituzioak defizit nabarmen bat duela gogorarazi dute: «Biztanleriak ez du izan eduki nagusien inguruan bere iritzia emateko aukerarik: monarkia, lurralde eredua, eskubide sozialak... Ondorioz, agortua dagoen Konstituzio baten aurrean gaude, zilegitasunik ez duen Konstituzio baten aurrean».
Horregatik, «egiturazko aldaketak» eskatu dituzte. eta baieztatu dute Estatua bera ere jabetua dela ziklo konstituzionalaren amaieraz eta hura erreformatzeko beharraz.
Bi joera
Espainiako unionisten artean, egoera horri aurre egiteko bi joera identifikatu dituzte subiranistek: «Alde batetik, badira ziklo hau makillaje operazio berri batekin itxi nahi dutenak, itxura ireki eta progresista batetik, baina Konstituzio honen oinarriak ukitu gabe. Beste alde batetik, ordea, badira inboluzio birzentralizatzaile eta antidemokratiko bat planteatzen dutenak», azaldu dute.
Azkenik, ziurtatu dute etorkizunean ere agenda politikoan jarraituko duela nazio auziaren gaineko eztabaidak. Berretsi dute Konstituzioa eragozpen bat dela «gure nazioen etorkizun demokratikoaren aurrean», eta gehitu dute herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat eskatzen jarraituko dutela: «Nazioak gara, eta demokratikoki erabaki nahi dugu gure etorkizuna».