Gorka Maneiro. UPDren bozeramailea

«Alderdi sozialistaren krisiak aldaketa handiak ekar ditzake Euskadira»

Denbora batez politikaren lehen lerrotik aldenduko da Maneiro, baina zeregin zehatz batekin: PSOEren eta Ciudadanosen jarrerekin ados ez dauden militante eta eragileekin zubiak eraiki nahi ditu.

ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
jokin sagarzazu
2017ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
2015eko apirilean, Rosa Diezek dimisioa eman zuen; 2016aren hasieran, haren lekukoa hartu zuen Gorka Maneiro Labaienek (Donostia, 1974). Herenegun, jakinarazi zuen ez duela hautagaitzarik aurkeztuko UPDk urtarril amaieran egingo duen kongresuan. Euskal instituzioetan alderdi horrek bere historian izan duen ordezkari bakarra izan da, Eusko Legebiltzarrean 2009-2012koeta 2012-2016ko legealdietan.

Politikaren lehen lerrotik aldenduko zara, baina jarraituko duzu UPDn. Zertan?

Zortzi urte egin ditut zuzendaritzan, eta uste dut nahikoa dela. Azken urtea oso gogorra izan da, baina asko ikasi dut. Orain, jarraituko dut UPDn, baina beste zeregin batzuetan. Jende askorekin hitz egin dut: politikaren barrenak oso ondo ezagutzen dituzten pertsona batzuekin egon naiz. Informazio horiek mahai gainean jarrita,ondorioztatu dugu aldaketa handiak etor daitezkeela laster.

Eta zein asmo dituzue?

Konstituzionalisten artean jende asko topatzen ari naiz Espainiaren egoerarekin oso kezkatuta dagoena. Itzal handiko jendea da, eragiteko ahalmen handia duena. Hitz egiten ari gara, eta aztertzen zer egin behar dugun. Hurrengo aste edo hilabeteetan emango dugu gure asmoen berri.

Alderdi berri bat?

UPDk jarraituko du, eta nik UPDn jarraituko dut. Baina ideiak dira garrantzitsuena.

Zeintzuk dira aipatu dituzun pertsona ospetsu horiek?

Ezin dut askorik aurreratu. PSOEren egoerarekin kezkatuta dauden pertsonak direla, Ciudadanosen eboluzioarekin haserre daudenak... Alderdi horietako kideak, tartean. Hasi berri den urtea oso garrantzitsua izango da. Aldaketa asko egon daitezke. Alderdi sozialista oso gaizki dago, badakigu Podemosek zein arazo izan dituen eta Ciudadanosen mugak zeintzuk diren. Alderdi horietan aldaketa handiak egongo dira. Panorama politikoa oso aldakorra da. Adi egongo gara; hor egongo gara UPD eta ni.

Baina tokirik ba al du UPDk?

UPDk defendatzen dituen ideiak ez ditu beste inork defendatzen. Eta guk pentsatzen duguna pentsatzen duen jende asko dago aipatu ditudan alderdi horietan. Urte honetan gertatuko denak erakutsiko du hori.

Zein egoeratan dago UPD Euskal Herrian?

Oso ahul. Arazo asko izan ditugu azkenengo bi urteetan, eta hori hemen ere islatu da. Dena den, Euskadin hiritar asko daude alderdi sozialistarekin eta Ciudadanosekin konforme ez daudenak. Bi alderdi horiek huts egin dietela uste dute. Bereziki, alderdi sozialistak. Bere krisiak aldaketa handiak ekar ditzake Euskadira ere. Mezu hori ari gara jasotzen, geroz eta modu argiago batean.

Ciudadanosek ez al du hartu zuen lekua?

Ez. Alderdi hori desastre bat da hemen. Ez dago hori gobernatzeko gai den inor. Ideien aldetik ere ikusi da aldea dagoela haienen eta gureen artean: adibidez, guk arazorik ez dugu Kontzertu Ekonomikoaren aurka hitz egiteko.

Eusko Legebiltzarren egin dituzu bi legegintzaldietatik, zerekin geratzen zara?

Beti aritu naiz aske UPDren ideiak defendatzen. Ez gara bakartuak egon, batzuek eman nahi izan duten irudiaren kontrara: akordio ugari lortu ditugu. Baina guk esan ditugu beste inork esan ez dituen gauzak. Guk ez ditugu beste batzuen konplexuak. Denborak erakutsiko du gure lana historikoa izan dela. Bide bat zabaldu dugula Eusko Legebiltzarrean.

Zertarako?

Guk defendatu ditugun gauza batzuk defendatzen ditu jende batek Euskadin, nahiz eta guri botoa ez eman. Adibidez, Kontzertu Ekonomikoaren kontrako gure jarrera, diputazioak kentzea, hauteskunde legea aldatzea, ustelkeriaren aurkako borroka, terrorismoaren biktimen defentsa... Behingoz, konplexurik gabe hitz egin da gai horiei buruz. Ate garrantzitsuak zabaldu ditugu.

2007an sortu zen UPD, besteak beste, ETAren aurkako zenbait taldek hauspotuta: Basta Ya, Ermuko Foroa... Lotura al daukate ETAren jardunaren amaierak eta UPDren gainbeherak?

Guk bakarrik terrorismoaz hitz egiten genuelako irudia eman nahi izan da, baina ez gara horretara mugatu. Hainbat gairen inguruan proposamen asko egin ditugu. Egia da, agian, hori erakusten ari ginenean, panorama politikoa erabat aldatu zela, alderdi politiko berriak agertu zirela, guk barne arazo batzuk izan genituela... Foku mediatikoa horren guztiaren gainean jarri zen,eta gure lana lausotuta geratu.

Alderdi deserosoa izan zarete abertzaleentzat, baina ez haientzat soilik.

Bai, hala da: PSE eta PPrentzat ere oso deserosoak izan gara, eta, neurri batean, lortu dugu euren jarrerak baldintzatzea edo haien kontraesanak agerian uztea. Lan hori ere hor dago, aurrera begira.

Euskalduna zara, baina, aldi berean, oso kritikoa instituzioetan eta horietatik kanpo euskararen alde egiten den lanarekin. Kontraesanik eragin dizu inoiz jarrera horrek?

Ez. Egia da ez dela oso ohikoa jarrera hori euskaldunon artean, baina bazen garaia. Bide hori ere guk zabaldu dugu. Niretzat, ez da kontrajarria euskalduna izatea eta erdal eta euskal hiztunen eskubide-berdintasuna defendatzea, eta erdal hiztunekin egin diren zenbait injustizia salatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.