Gobernantza ereduarekin eta euskal estatuaren inguruko jarrerarekin batera, «pertenentzia atxikimendua» da seigarren Naziometroak jorratu duen gaia. «Kontzeptu labainkorra» eta gutxi landu izan dena, Asier Etxenike Aztikerreko teknikariak azaldu duenez. Datuen arabera, Euskal Herriarekiko atxikimendua eta Espainiarekikoa eta Frantziarekikoa «positiboak» dira, baina lehena gailentzen da: 0tik 10erako eskalan, batez beste, 7,8koa da lehena, eta 6,4koa bigarrena. Halere, lurraldez lurralde badira aldeak, eta Nafarroan hirugarren atxikimendu bat nabarmentzen da horien gainetik: hain zuzen, lurralde hari espresuki lotua.
Ikusi gehiago
Gaur egun indarrean diren hiru eremu administratiboak alderatuz gero, Ipar Euskal Herrian eta EAEn oso positiboa da euskal sentimenduarekiko atxikimendua, baina aldeak dira frantziar eta espainiar sentimenduei erreparatzerakoan. Ipar Euskal Herrian, nabarmenagoa da euskal nazio sentimendua (batez beste, 8,8), baina baita Frantziarekiko sentimendua ere (7,6); herritarren %65,5 Euskal Herriari «oso atxikiak» zaizkio ─hamarretik 9 edo 10─, eta %44,7 Frantziari «oso atxikiak».
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, datuak antzekoak dira Euskal Herriarekiko atxikimenduari dagokionez (8,5), baina bada aldea estatuarekiko atxikimenduari erreparatuz gero (6,1), kasu horretan Espainiarekikoari. Izan ere, Ipar Euskal Herrian ez bezala, EAEn %22,3 besterik ez daude Espainiari «oso atxikiak». Era berean, nabarmenagoa da espainiartasunarekiko «kontrakotasuna» ere.
Nafarroan, egoera bestelakoa da. Euskal Herriarekiko atxikimendua nabarmen txikiagoa da (batez beste, 4,8); horren ordez, Nafarroarekiko atxikimendua da ardatza (8,5), eta «euskal eta espainiar nortasunen nahasketa nabarmena da». Izan ere, herritarren %60,5 «oso atxikiak» zaizkio Nafarroari, %35,8 Espainiari, eta %15,1 Euskal Herriari. Beraz, Ipar Euskal Herriaren antzeko datuak dira, baina Nafarroarekiko eta Espainiarekiko atxikimendua izanik ardatz nagusia. Gainera, Euskal Herriarekiko atxikimenduan bada beste inon ez den berezitasun bat Nafarroan, harekiko «ezerezeko» atxikimendua %23,2koa da. Izan ere, Etxenikek azaldu duenez, euskal nortasunak «polarizatu» egiten du.
Atxikipen horietako bakoitza herritarrek nola interpretatzen duten, horri ere erreparatu dio Naziometroak, eta alde nabarmenak daude. Adibidez, norbait espainiarra edo frantziarra izateari dagokionez, gazteleraz edo frantsesez hitz egiteko gaitasunari ematen zaio garrantzirik handiena (batez beste, 7,8), eta «paperak edo agiri ofizialak izateari» (7,4). Hala, Etxenikeren esanetan, «ikuspegi funtzionala» gailentzen da, bizitzeko beharrezkotzat jotzen diren elementuak lehenetsiz.
Euskal herritar edota nafar izateari dagokionez, berriz, elementu «emozionalak eta kulturalak» dira nagusi. Norbait euskal herritartzat hartzeko, «Euskal Herriaren parte sentitzeko gogoa» (8,1), Euskal Herrian bizitzea (7,9) eta «ohiturak eta tradizioak partekatzea» (7,8) nabarmentzen dira; urrunago geratzen da euskaraz hitz egitea (6,8). Hain zuzen, joera ia bera da norbait nafartzat jotzeko hartzen diren ezaugarriekin ere, ordena apur bat aldatzen den arren: Nafarroan bizitzea (8,2), Nafarroako «ohiturak eta tradizioak partekatzea» (7,9) eta «Nafarroaren parte sentitzeko gogoa» (7,9) dira babes gehien duten esaldiak. Eta euskaraz hitz egiteko gaitasuna are urrunago geratzen da; batez beste, 2,3.
Era berean, euskal eta nafar sentimendu nazionalaren eraginei erreparatzean ere, antzeko ideiak gailentzen dira bi kasuetan: kultura, tradizioak eta ohiturak iraunaraztea, komunitate bateko nortasunaren eta kidetasunaren zentzua indartzea, historia eta memoria lantzea... Oro har, ikuspegi positiboa duten elementuak dira horiek, Etxenikeren esanetan. Eta horietatik urrun ageri dira ikuspegi negatiboa dutenak: «aukerak eta askatasun indibidualak mugatzea», «'atzerritartzat' edo 'desberdintzat' hartzen direnak baztertzea eta diskriminatzea» eta «nazioarteko lankidetzaz ez arduratzea».
Halere, badira aldeak ere bien artean. Euskal estatu baten aldeko eta kontrako jarrerari dagokionez, zenbat eta handiagoa izan euskal sentimendua, orduan eta nabarmenagoa da euskal estatu baten aldeko jarrera; eta kontrara espainiar edo frantziar sentimendua handiagoa den heinean. Nafar sentimenduaren kasuan, berriz, bi muturretan ─atxikimendua oso handia denean eta ezereza denean─ nabarmenagoa da euskal estatu baten kontrako jarrera, eta erdialdean kokatzen denean, euskal estatuaren aldeko jarrera nagusitzen da.
Historiaren garrantzia
Norberaren nazio atxikimendutik harago, Naziometroaren egileek ondorioztatu dute euskal herritarren artean adostasun zabala dagoela «beren historiaren, kulturaren eta ingurumenaren garrantzia» nabarmentzerakoan. Inkestan zenbait esaldiren inguruko adostasunaz galdetu diete herritarrei, hura nazio sentimendu jakin bati lotu gabe, eta hamarretik bederatzik lurraldeko historiari balioa ematen diote (%90,5), baita lurraldeko «garapenari eta ongizateari» ere (%88,2), eta bertako «edertasun naturalari eta ondareari lotuta» sentitzen dira (%88,8).
Nabarmena da hizkuntzaren eta kulturaren (%87,7), kultur aniztasunaren (%86,6) eta «aukera eta askatasun indibidualen» eskaintzaren (%84) balioespena ere. Halere, adostasuna ez da hain zabala «izaera kolektibo edo komunitarioak» aurkezten dituzten esaldiekin: «elkarrekin erronkak gainditzen dituen komunitate baten» parte sentitzea, nazio sentimenduaren «harrotasuna» (%72,5), eta «konpromiso zibikoaren eta parte hartze politikoaren» balorazioa (%66,2).