Idoia Zabalza. Mikel Zabalzaren arreba

«Alderdi denek ikertzeko eskatu dute, eta orain ezin da beste aldera begiratu»

Alberto Perote eta Pedro Gomez Nietoren arteko elkarrizketaren berri aurretik bazuen Idoia Zabalzak, baina entzutea diferentea dela azaldu du: «Gogorra da entzutea zer-nolako naturaltasunez mintzo diren».

JON URBE / FOKU.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Betidanik jakin izan du sendiak nola hil zuten guardia zibilek Mikel Zabalza. Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketaren transkripzioa aspaldidanik ezaguna zen, baina audioa bera Non dago Mikel? dokumentala egiten ari zirela entzun zuten lehen aldiz, egileen lanari esker. Audio horrek eragin duen oihartzunaz mintzatu da Idoia Zabalza, Mikelen arreba (Orbaizeta, 1964).

Grabaketa entzuteak zer eragin dizue?

Gogorra da entzutea zer-nolako naturaltasunez hitz egiten duten horri buruz. Transkripzioa irakurria genuen, eta horren berri bagenuen, baina elkarrizketaren tonua eta zer-nolako naturaltasunez hitz egiten duten, diferentea da. Ematen du laneko kontuez hitz egiten ari direla, egunerokoa balitz bezala, ohituta baleude bezala. Hori da harrigarriena.

Oihartzuna hartu du kasuak, eta lehen mailan jarri da berriro. Noraino hel daiteke?

Jakingo bagenu noraino hel daitekeen, baina argi dago honek eragin beharko lukeela zerbait.

Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteordeak adierazi du estatu terrorismoari aurrez aurre begiratu beharko litzaiokeela.

Oso ongi deritzogu. Adierazpen horiek ongi hartzen ditugu, baina bera presidenteordea da. Gobernuaren parte da, eta, hori esaten badu, ezin du beste aldera begiratu. Ez da edonor. Ezin da hori esaneta ondoren gobernuak ez ematea inolako pausorik. Badute egitekoa. Ez dakit zein diren gobernuaren funtzioak, baina egituratu beharko lukete zerbait horretan benetan sinetsita badaude. Gobernuko kide batek esaten badu tortura praktika bat izan dela, hori kuantifikatzeko, ikertzeko beharrezko neurriak hartu behar dituzte. Bai ala bai.

Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu du gehiago ikertzea. Hitzetatik ekintzara pasatu behar da?

Ez dakit baloratzen zenbaterainoko esanahia duten hitz horiek, baina ez da onargarria esatea eta gero ez egitea.

Aho batez onartu dute adierazpen hori. Zer ematen du aditzera horrek?

Ezkutatu ezin den errealitate bat agertu dela. Gure anaiarena kasu argi-argia baita. Torturatu asko izan dira, baina hildako gutxi. Gure anaiaren bertsioak ez zuen ez hankarik ez bururik. Ez du sinesgarritasunik. Ez du inoiz izan. Horrela ulertu dugu familiak, eta jende askok. Alderdi guztietako pertsonek pentsatzen zuten horrela gertatu zela, eta bakoitzaren ideologiagatik onartzen zuten modu batera edo bestera. Adostasun handia dago; erakusten du errealitate bat dagoela. Audio horrek mahai gainean utzi du hori.

Auzia berriz irekitzea nahi zenukete, edo gutxienez estatuak aitortzea egindakoa?

Ez dakit nola aitortu daitekeen auzia ireki gabe. Bidezkoa da ikertzeko beharrezko baliabide guztiak jartzea. Horretarako zabaldu egin behar direla sekretupeko dokumentu horiek? Egin beharko da. Argi eta garbi.

Beste eragileekin batera, sendiak tortura ikertzeko deitutako manifestazioa egin da Iruñean. Zer mezu nabarmenduko zenuke?

Gure kasuaren inguruan garbi dago zer gertatu zen. Beti jakin dugu nola hil zen Mikel, harekin batera atxilotu zituzten horien testigantzengatik. Beti esan izan dugu urte luzetan praktikan jarri den jarduera bat izan dela tortura. Jardun hori onartua egon da beti, eta ez bakarrik hori. Antolatua izan da, agente asko inplikatu ditu. Orain ezin da beste alde batera begiratu. Nafarroako alderdi guztiek eta estatuko presidenteorde batek ikertzeko eskatu dute, eta hau ezin da horrela geratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.