Udal eta foru hauteskundeak. Araba. Cristina Gonzalez. PSE-EEko Arabako ahaldungai nagusia

«Alderdi berriek sor dezaketen frustrazioak kezkatzen nau»

PSE-EEko hautagaia ziur da Araban akordioak beharko direla PP oposiziora bidaltzeko. Prest agertu da ados jartzeko «murrizketak» amaitu nahi dituen gobernu «aurrerakoi» bat nahi dutenekin.

edurne begiristain
Gasteiz
2015eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Joan den irailean Arabako PSEko idazkari nagusi izendatu zutenetik, etxe barruko ika-mikak konpondu eta Arabako ahaldun nagusirako hautagaitzari heldu dio Cristina Gonzalezek (Gasteiz, 1969). Inkestak kontra izanda ere, baikorra da bozei begira.

Igandean zein helburu duzu?

Ahalik eta boto gehien lortzea,eta, posible bada, irabaztea.Lortzen ditugun bozek herritarrentzat mesedegarri izan behar dute; bereziki, enplegu duina lortzeko.

Ahaldun nagusi modura ikusten duzu zeure burua?

Bai, noski, hori da nire helburua.

Hauteskundeak ez badituzu irabazten, PP aldunditik botatzeko akordioak egiteko prest zaude?

PPk oposiziora joan behar du, eta, horretarako, akordioak beharko dira. Akordioak norekin izango diren esateko goiz da, emaitzak jakin behar direlako. Murrizketakamaitu nahi dituen gobernu bat nahi dugu, elkartasuna, berdintasuna eta justizia soziala bultzatzen dituena, eta akordioak lortzeko prest gaude gobernu aurrerakoi bat nahi dutenekin.

Eta hori, zein alderdirekin lordaiteke?

Alderdi guztiekin ditugu ezberdintasunak. EAJrekin eta EH Bildurekin alde asko ditugu, baina egia da legealdian elkar ulertzeko gai ere izan garela. Hortaz, akordioak lortu ditzakegu, dela gobernua osatzeko, nola egonkortasuna emateko.

Ahal Dugu-k eta Ciudadanosek eserlekuen banaketa asko baldintzatu dezakete?

Asko kezkatzen nau alderdi berriek herritarrengan zer frustrazio sor dezaketen. Herritarrek entzun nahi zuten guztia esanez hasi zen Ahal Dugu alderdia, eta, azkenean, atzera egin behar izan du planteamendu askotan. Hasieran herritarrengan sortu zuten ilusioaorain frustrazio bilaka daiteke. Gauza bera gerta daiteke Ciudadanos eta gainerako alderdiekin ere. Gaur egun, politikak sinesgarritasun txikia dauka herritarren artean, eta hori areagotzea ez da ona. Horregatik, sozialistok azken lau urteotan egindako lanaren balantzea egin dugu, eta, horrekin, segurtasuna eman nahi diegu herritarrei.

Ahal Dugu-k kasta deitzen dizue. Zein iritzi duzu?

Azaldu beharko dute zer esan nahi duten kasta hitzarekin, nik ez dudalako neure burua kasta-tzat hartzen. Gure alderdian askok herri honen askatasunen alde bizia arriskuan jarri dugu, eta hori kasta izatea bada, kasta naiz.

PSErekin etsita dauden askok Ahal Dugu-ri botoa emateko arriskua ikusten duzu?

Hori gerta ez dadin lan egingo dugu. Gobernuan zaudenean akats asko egiten dira, eta ulergarria da herritar asko etsita egotea sozialistek bere garaian hartutako erabaki askorekin. Hala ere, alderdi sozialista aldatu egin da, buruzagiak aldatu ditu, eta programa oso zehatza dauka. Hori da segurtasuna ematea. Hiru baldintza betetzen dituen alderdi bakarra gara: ezkerrekoak gara, 136 urtez askatasunen eta berdintasunen alde borrokatu gara, eta eskubideen eta zerbitzu publikoen alde lan egin dugu.

Baina herritar askok zuekiko konfiantza galdua du. Zaila izango da horri buelta ematea.

Bai, badakigu, eta horregatik aldatu ditugu gure jarrera eta gure edukiak. Emaitzak hobetzea espero dugu.

Alderdi barruko ika-mikek kalte egingo dizuete?

Arabako PSEn gertatutakoa konponduta dago. Alderdi demokratikoa gara, eta gehiengoaren erabakiak errespetatzen ditugu. Arabako sozialista guztiak bide berean ari gara lanean.

Hauteskunde programa bat egin beharrean, herritarrekin kontratu bat egin duzue. Zer da zehazki?

Kontratuak ez du letra txikirik. Zati batean egindako kudeaketaren begiratua jaso dugu gure lanaren berme gisa, proposamenak ekonomikoki baloratu ditugu, eta hartzen ditugun konpromisoen agenda publikoa egin dugu. Hauteskunde kanpainatik harago eramango dugu, legealdi osorako konpromisoak izango dira, sarean izango dira, eta horien jarraipena egin ahal izango da.

Fracking-a bete-betean sartu da kanpainan. Zein jarrera duzu?

Ez dugu fracking-ik nahi. Eta ez dugu energia nuklearrik nahi. Gure betebeharra da energia berriztagarrien aldeko apustua egitea, ingurumena kalterik egiten ez diotelako.

Fracking-ari ez, beraz?

Fracking-ari ez, argi eta garbi. Teknika horrek ez du bermatzen erabateko segurtasuna. Zergatik tematu, beste energia iturri batzuk baldin badaude?

Araban zergak jaistearen aldekoa zara?

Ez. Zergak jaitsiko dituela hitzeman du PPk kanpaina honetan,eta nik ez dut bat egiten. Zerga politika progresibo baten aldekoa naiz. Orain, zerga sisteman iruzurraren aurkako borroka da lehentasuna, eta hortik ateratzen den dirua inbertsioetara bideratzea.

Euskara jomugan jarri zuen PPk kanpaina hasieran. Zer iritzi duzu?

Euskara EAEko hizkuntza bat da,eta politika guztiona den zerbaiten aurka egiteko erabiltzen denean, gizartea kaltetu egiten da. Alde bateko zein besteko inposizioak akatsa dira: batetik, gizartea banatzen delako, eta, bestetik, euskarari eta gaztelaniari kalte egiten zaielako. Erakunde publikoek bermatu behar dute bi hizkuntzak ezagutzeko eskubidea eta betebeharra izatea herritarrek, eta, hortik aurrera, bi hizkuntzak normal-normal erabili beharko lirateke.

Zer proposatzen duzue euskararen normalizaziorako?

Administrazioaren barruan euskararen normalizazio prozesuarekin jarraitzea proposatzen dugu. Gure helburua da euskara politizatzeari uztea eta tentsiorik ez sortzea. Normalizazioaren aldeko pausoak eman behar dira.

Trebiñuko auziari zein konponbide ikusten diozu?

Trebiñuko auzia administrazioa arrazionalizatzeko ikuspuntutik jorratu behar da. Egoera normalizatu behar da, eta lanean jarraitu behar dugu, logikoa delako.

PSOEren jarrera aldatzen saiatuko zarete?

Gure erronka da Gaztelako eta Leongo sozialistak konbentzitzea. Ez dugu etsiko lan horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.