Ahal Dugu-ko EAE-ko koordinatzaile nagusia

Richar Vaquero: «Alderdi batzuk morez jantzi dira argazkian ateratzeko»

Koordinatzaile berriak ziurtatu du Ahal Dugu-ri ez diotela utzi «gorenean jarraitzen», baina ezkerreko alderdi hori «behin izandako alternatiba izateko lanean» ari direla esan du.

Richar Vaquero. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Richar Vaquero. MONIKA DEL VALLE / FOKU
xabier martin
Bilbo
2025eko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

Duela 11 urte jaio zen Ahal Dugu Euskal Herrian, eta bere ibilbideko unerik larrienean dago orain, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza guztia galdu baitu. 2015ean eta 2016an jo zuen gailurra, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak irabazita, Hegoaldean; botoetan lehenik, eta, botoetan eta eserlekuetan, ondoren. Richar Vaquero (Erandio, 1974) Bizkaiko batzarkideari egokitu zaio orain ezkerreko esparru hori atzera suspertzea, primarioetan Miren Etxebesteri ozta-ozta gailendu ondoren.

Nola hartu duzu Ahal Dugu berriro pizteko ardura?

Pozik nago, galdu ditugun esparruak berreskuratzeko ilusioarekin.

Hogei boto ingururen aldea baizik ez diozu atera Miren Etxebesteri. Alderdiko ildo guztiak zuzendaritzan egotea da zure helburua, batasuna sustatzeko?

Hamazazpi botoren aldea egon da. Zuzendaritza osatzeko lanean hasi gara dagoeneko, eta bi hautagaitzetan egon garenak batera ari gara. Orain Ahal Dugu Euskadi gara, ez bi hautagaitza. Jendearen gaitasunaren eta motibazioaren arabera ari gara osatzen taldea.

Ahal Dugu-ren iraupena kolokan al dago? Eusko Legebiltzarrean ez duzue ordezkaritzarik.

Batasuna oinarrizkoa da, eta motibazioa ere bai. Inkestek islatzen dute hazten ari garela, askok uste zutenaren aurka. Jendeak ikusi du beste proiektu bat dugula, eta genuen hori berregituratzen hasi gara. Luze gabe kongresu bat egingo dugu, gaur egun dugun errealitatera egokitzeko.

Ahal Dugu-k izan dezake gerorik ezker konfederalaren esparruan Sumarrekin duzuen gatazka konpondu gabe?

Ahal Dugu-k bere izaera dauka. Sumarri buruz hitz egiteak orain ez du lekurik. Gu gurean ari gara, barrutik. Iritsiko da, beharbada, alternatibak proposatzeko garaia, baina, aldi honetan, militantziak beste helburu bat dauka: izaera propioarekin eta motibazio handiarekin alderdia barrutik berregituratzea. Hau da, ez gara ari ezkerraren esparrua berregituratzen, geure alderdiarena baizik.

Baina Ahal Dugu-ren oinarrien artean ez dago kezkarik esparruaren barruan Sumarrekin izandako gatazkak eragindako emaitza dela eta? Eusko Legebiltzarrean zenituzten sei legebiltzarkideak galdu dituzue.

Orain ez dago kezka hori oinarrien artean, ez dago esparruaren inguruko kezka Sumarri lotua. Ahal Dugu-ren izaera berrindartzeko lanaren ingurukoa da kezka. Gauza asko dauzkagu esateko, eta iritsiko da beste indar batzuekin hitz egiteko garaia; agian, indarrak batzeko. Baina militantziak erabaki beharko du saio horiek beharrezkoak diren ala ez. Azken urteetan izan ditugun harremanak kontuan hartuz, militantziak beharbada erabakiko du ez dela bat egite horien aldeko saiorik egin behar.

«Azken urteetan izandako harremanak kontuan hartuz, militantziak beharbada erabakiko du ez dela bat egiteen aldeko saiorik egin behar»

Zenbat afiliatuk bozkatu dute primarioetan?

Mila pertsona inguruk.

Oinarri nahikoa da proiektuari goraka bultzatzen hasteko?

Mila pertsonak bozkatu izanak ez du esan nahi atzetik soilik mila pertsona ditugula alderdiaren geroaz erabakitzeko. Askoz gehiago gara; baina, edonola ere, hausnartu beharko dugu primarioetan zergatik izan den parte-hartzaile kopuru hori.

Ahal Dugu izan daiteke berriro Hegoaldeko lehen indarra hauteskundeetan, 2015ean eta 2016an gertatu zen moduan? Ala utopia da orain?

Pentsatuko banu hori utopia dela eta ez dugula lortuko, ez nintzateke hemen egongo. Pertsona oso pragmatikoa naiz, eta helburu hori lortzeko lanean ariko naiz. Hala ere, orain, baldintzak desberdinak dira, eta errealitatera egokitu behar dugu. Gu borrokatu egingo gara oraindik ere hor dagoen esparru hori berreskuratzeko.

Urteek ematen duten ikuspuntutik begiratuta, zer dela eta desagertu zen kasik Ahal Dugu-ren olatua, aurrena kalera eta gero parlamentuetara iritsitako hori?

Alderdi politiko guztiok ez dugu ibilbide bera. Guk 11 urte egin ditugu oraintxe, eta alderdi guztiek izan dituzte gorabeherak. Jaio ginenetik, bipartidismoa gu oztopatzen aritu da, sendotu ez gaitezen eta alternatiba izan ez gaitezen; guk defendatzen ditugun eskubide sozialak ez baitira bipartidismo horren apustua. Ez digute utzi gorenean jarraitzen. Baina jendeak badaki gu desagerrarazten saiatu direla, eta badaki ez dutela lortu. Horregatik izan nahi dugu berriro behin izan ginen alternatiba hori.

Ez zen egon akats larririk alderdiaren estrategian?

Banaketa arazoak izan ditugula ezkerrean? Bai, eta eskuinean ere badaude, baina hedabideetan ezkerrekoen barne arazoei jartzen zaie fokua. Botere borrokaz ari badira, gureak bakarrik dira hizpide; bitxia da. Borroka horiei egozten diete guk indarra galdu izana, baina hori baino konplexuagoa da.

Nola sor dezakezue berriro ilusioa?

Gauza asko lortu ditugu urte gutxian alternatiba gisa, eta gauza horiek aldean daramatzate orain alderdi batzuek. Alderdi horiek ez zekiten oso ongi nola defendatu behar zen eduki soziala, eta, neurri batean, Ahal Dugu-ren itxura hartu dute. Originalak izateari utzi diogu, hortaz. Gure ardatz nagusi batzuk orain denek bere egin dituzte, baina guk ziurtatu dezakegu esandakoa bete egingo dugula, eta beste batzuk morez jantzi besterik ez dira egiten, argazkian ateratzeko.

«Argi daukat EH Bilduk gugandik ikasi duela, eta hori ez da txarra. Gu ez gara iritsi politikara aberasteko eta betiko geratzeko, baizik eta justizia sozial hori lortzeko»

Politologoen artean zabaldua dago EH Bilduk esparru konfederala irentsi duelako ustea. EH Bilduri buruz ari zara jantzi moreaz ari zarenean?

Argi daukat EH Bilduk gugandik ikasi duela, eta hori ez da txarra. Guk nahi duguna da gizarte zibila defendatzea arlo zehatzetan, eta, helburu horiek beste batzuek lortzen badituzte, ba ongi, gu ez baikara iritsi politikara aberasteko eta betiko geratzeko, baizik eta justizia sozial hori lortzeko. Hala ere, sarritan itxura hutsa da; izan ere, ez zen beharrezkoa EH Bilduk Bizkaiko aurrekontuetan parte hartzea, eta hedabideen arreta eskuratzeko egin dute, baina praktikan ez dute ezer lortu.

Ezkerreko esparruan Espainian dauden ezinikusiek ez diote kalterik egin Ahal Dugu-ri? Madrilekiko askatasun handiagoa behar duzue proiektua biziberritzeko?

Madrildik iristen zaiguna izaera komun baten parte da; beste kontu bat da guk gaitasuna edukitzea eduki zehatzei buruz erabakitzeko. Baina Madrilek ez digu kalterik egiten, mesede baizik. Sintonian gaude. Kontua ez da Madrilek agintzen duela eta guk aginduak betetzen ditugula; ez da horrela. Norabide bat ematen digu hemen hartuko ditugun erabakiek izaera zabalagoa eduki dezaten.

Estatus berriaren eztabaida egitekoa da legegintzaldi honetan. Ahal Dugu-k babesten du Espainiako Estatuarekin beste harreman bat ezartzea, parez parekoa, erabakitzeko eskubidea eta nazio aitortza jasota?

Erabakitzeko eskubide demokratikoaren aldeko hautua da gurea. Autogobernuan sakondu nahi dugu, eskuduntza guztiak eduki, baina jakinda zertarako baliatu behar diren. Bestalde, erabakitzeko eskubidea ez dugu mugatuko esparru geografiko zehatz batera: edonork eduki behar du eskubidea erabakitzeko eragiten dion horri buruz, adibidez Usansolon. Zergatik ez dugu galdetuko azpiegitura berrien inguruan? Herritarrek esaten dutenaren arabera hartu beharko genituzke erabakiak.

Euskal herritarrei Espainiako Estatuarekin beste harreman bat eduki nahi ote duten galdetzea ontzat jotzen duzue?

Bai, argi dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.