Alderdi baten babes bila

Herrietako zenbait plataforma independentek Ikune alderdia sortu dute. Elkartzeak ematen duen indarra baliatu nahi dute, arrakasta espero dute, eta foru hauteskundeetara ere aurkeztuko dira.

Ikuneko kideak, iazko azaroan, alderdia aurkezteko agerraldian. Garbiñe Biurrun epaileak babesa eman zien. IKUNE.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Independente gisa ezagutzen dira udaletan. Bakoitzak bere izena du, eta bere izaera. Txikiak dira batzuk, eta herrian indar handia dute beste batzuek. Baina badute ezaugarri komun bat: ohiko alderdi politikoetatik kanpo jarduten dute eta herriko eguneroko arazoez bakarrik arduratzen dira; udalgintzaz. Ondorioz, herritarrekiko gertutasuna dute bertute. Ahuldadea, alderdiek eman ohi duten babes orokorrik eza. Horri aurre egitea erabaki, eta mugitzen hasi dira. Nor bere herrian bakarrik egoteak eragiten dien ahulezia gainditzeko, elkartzea erabaki dute horietako batzuek. Bidea egiten hasiak dira, eta alderdi politikoa ere sortu dute dagoeneko: Ikune. «Orain da garaia», diote sustatzaileek; «orain edo inoiz ez».

Herritarrek politikarekiko duten desilusioak, politikarien artean pilatuz doazen iruzur kasuek eta herritarrek ulertzen ez dituzten murrizketek herri plataformak indartu ditzakeela uste dute talde horietako kideek. Beren burua politikari profesionalen iruditik urrun ikusten dute, eta hori egungo egoeran lagungarri zaiela iruditzen zaie. Horregatik hartu dute beren burua indartzen saiatzeko erabakia.

Plataforma bakoitza bere kasa aritu izan denez, txiki izateko ospea dute. Gaitasun handirik ez edukitzearena. Baina ez dira gutxi osotasunean. Eta indartsuak dira horietako batzuk, herriak urte luzetan gobernatzeraino. Datuak ikusi besterik ez dago. Sortu berri den Ikune alderdiak bere lan eremutzat hartu dituen lurraldeetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 39 alkatetza dituzte herri plataformek. 251 udalerri dituzte hiru herrialde horiek, eta, beraz, eremu horretako udalen %15 gobernatzen dituzte.

Urte askotan eutsi diote alkatetzari, gainera, horietako batzuek. Bizkaiko Etxebarri herriaren kasua da adierazgarriena. La Voz del Pueblo herri plataformak duela 23 urte kendu zien alkatetza ohiko alderdiei, eta herria gobernatzen du oraindik.

Arazo zehatzei begira sortuak

Ez da kasualitatea plataformetako batzuek sorreratik herrietan duten indarra. Izan ere, gehienak herrian edo auzoren batean sortutako arazo zehatz bati erantzuteko baliabide gisa sortu ziren: alderdiek konpondu ez dituzten protesta herritarrak bideratzeko tresna gisa. Horixe da Etxebarriko kasua ere. Agintariek San Antonio auzoarekiko zuten utzikeriarekin «nekatuta» eta udal gobernuan zeudenek (PSE-EAJ) ez zutela egoera konpontzeko ahaleginik egiten ikusita sortu zen La Voz del Pueblo plataforma 1990. urtean. Urte horretan Eusko Legebiltzarrerako egin ziren hauteskundeetan abstentziorako deia egin zuen, eta herritarren %80ek babestu zuten hautu hori. Hurrengo urtean izan ziren udal hauteskundeak. Bere hautagaitza aurkeztu zuen plataformak, eta alkatetza eskuratu zuen.

Gaur egun, 9.000 biztanleko herria da Etxebarri, eta duela 23 urte alkatetza eskuratu zuen plataforma berak segitzen du gobernuan, gehiengo osoarekin, gainera. 2011ko udal hauteskundeetan botoen %64 lortu zituen.

Gobernatzen ez duten hainbat herritan ere badute ordezkaritza talde independenteek: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 80 herritan 353 zinegotzi dituzte. Hau da, hiru herrialde horietako hautetsien %30 dituzte herri plataformek.

Ikune iaz aurkeztu zuten. Talde independenteen elkarlana sustatzeko sortu zuten, eta herri plataformen atxikimenduak jasotzen hasi zen. Harrera ona izan zuen proposamenak. Gehienbat Abadiño, Etxebarri, Muskiz, Plentzia, Gorliz, Mungia, Zanbrana, Laudio eta Aiarako talde independenteek sustatutako alderdiak hogei herri baino gehiagoko plataformen babesa jaso du dagoeneko.

Alderdiak zehaztuta dauzka oinarri orokorrak. Herriko beharrei begiratzea eta herritarren parte hartzea sustatzea dituzte lehentasun nagusi, baita herritarren esanak gauzatzea ere. Bestalde, denetariko taldeak batu ahalko dira Ikunera, betiere giza eskubideak errespetatzen badituzte. Hori bai, alderdian parte hartzen duten taldeek beren erabaki propioak hartu ahalko dituzte, orain arte bezala. Nork bere berezitasunei eutsiko die, eta bere independentzia izango du. Hala egin ezean herri plataformen izaera bera galduko litzatekeela iruditzen zaie sustatzaileei.

Araban eta Bizkaian

Bizkaiko eta Arabako hainbat plataformatako kideek sustatutako egitasmoaren ondorio da Ikune. Ondoren batu zaizkien taldeak ere bi herrialde horietakoak dira. Eta helburua EAEn batzen diren hiru herrialdeetara zabaltzea den arren, noraino iritsiko diren ikusteko dago. Alderdi gisa egingo duten lehen urrats praktikoa zein lurraldetan gauzatuko duten ere ez dago argi, bainazer egingo duten bai: datorren urteko foru hauteskundeetan parte hartzeko erabakia hartua dute.

Udal hauteskundeetan orain arte baino herri gehiagotara iristeko esperantza du plataformen taldeak. Izan ere, Ikuneren sorrerak eragin duen mugimenduari esker, gaur-gaurkoz plataformarik ez duten hainbat herritako lagunen deiak jaso dituzte sustatzaileek.

Orain arte ez bezala, foru hauteskundeetara ere aurkeztuko dira plataformak datorren urtean. Arabako eta Bizkaiko aldundietara behintzat bai. Udalei zuzenean eragiten dien gaien gaineko erabakiak hartzen diren lekuetan egon nahi dutela esanaz argudiatu du erabakia Ikunek. Boz horietako emaitzak izan daitezke, hain zuzen, alderdi berriaren etorkizunaren gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.