Donostiako Parte Zaharra. 1984. urteko udazkena. Uztailean Frantzian emaztearekin frantsesa ikasten aritu ostean, proposamen batekin iritsi da Joxe Manuel Odriozola euskaltzalea bilerara. Hamar bat lagun dira mahai baten inguruan. Guztiek Odriozolaren eskutik jaso dute eztabaidagai duten proposamenaz solastatzeko gonbidapena: ENEP Euskararen Normalizaziorako Erakunde Politikoa. Euskararen alderdia sortzea, alegia.
«Guk dakigunez, ez dago alderdi edo mugimendu politikorik euskararen normalizazioaren aldeko hizkuntz praktika sistematikoa egiten duenik, helburu taktiko-estrategikoen artean euskararen aldeko borrokari lehentasuna aitortzen dionik eta erreala eskaintzen dionik eta praktika politiko guztia euskaraz gauzatzen duenik», dio Odriozolak bere txostenean. 1980ko hamarkada da, eta Hego Euskal Herrian dauden alderdi politikoak komunitate erdaldunaren ordezkaritzat jotzen ditu Odriozolak, barne funtzionamenduan hizkuntza hegemonikoa darabiltelako: gaztelera. Horregatik bidali du eztabaidarako proposamena. «Euskaraz bizi nahi duen herriak ez du bere interes linguistikoak eta nazionalak ordezkatzen dizkion indar politikorik», laburbildu du.
Bildutako gehienak bizkaitarrak eta gipuzkoarrak dira. Urte batzuk lehenago ere izan da bizkaitar batzuen antzeko asmo bat. Joseba Alvarezen iritziz, ordea, Odriozolarena «serioagoa» da. Proposamena mahai gainean dago, baina ez dute garbi ikusten. Bizpahiru bileratan eztabaidatu dute Odriozolaren proposamena, eta azkenean ez da aurrera atera.
30 urte baino gehiago pasatu dira, eta, memoria txarra duela aitortu arren, Odriozolaren begietan ideia sortu berri baten txinpartak ematen duen argia ikus daiteke oraindik. Esku artean du bilera horietarako idatzi zuen txostena. «Orduko lengoaian idatzia», dio irribarre bat ezpainetan. Eszeptiko jarraitzen du euskararen normalizazioaren inguruan, eta azken mohikanotzat du bere burua. «Euskaldunei beti esan izan zaigu itxaron egin behar dugula euskara bere tokian jartzeko. Orain ere hori ari dira esaten batzuk, estatugintzarako indar guztiak beharrezkoak direla eta euskarak ahuldu egiten duela. Baina itxaron, noiz arte itxaron behar dugu? Egoera honek ez du betiko iraungo».
1984an, euskarak alderdi politikoen lehentasun izan behar zuela esaten zuen. Orain, aitortu du alderdien artean aldatu direla gauzak, orduan ez bezala euskaraz funtzionatzen dutenak badaudela, baina uste du guztia baldintzatzen duela haiek osotasunean lan egin behar izateak, alderdi sektorial batek ez bezala. Hori da hizkuntza minorizatuen normalizazioaren kontraesana, haren hitzetan, osotasunari heltzen zaionean ahultzen dela aldarrikapena; «gurpil zoro bat da». Horregatik, Odriozolak garbi du euskarak estrategiaren ardatza izan behar duela, ezin dela periferian utzi. Bestela zer gertatuko den, Irlanda jartzen du eredu; hizkuntza minorizatu bat baztertuz hizkuntza hegemonikoan eraikitzen den estatuan ez du itxaropenik.
Alvarez iritzi berekoa da: hizkuntza eta euskara ezin dira bereizi. Txillardegi aitak ere ez zuen begi onez ikusi euskararen alderdia sortzea. «Etsaiaren estrategia bereiztea zen, eta euskararen aldeko alderdi bat sortzea bereiztea zen», gogoratu du. Donostian bildutakoen kontrako iritziarekin euskararen alderdia bere horretan geratu zen, baina Odriozolaren orduko gogoeta hor dago: «Euskal militantearen hizkuntz praktika erdaraz gauzatzen bada, nahiz eta euskararen onerako jardun, azkenik gabeko kontraesan batean murgildurik dago, zulo batean amildurik».
@ Odriozolaren proposamena BERRIAren agiritegian irakurgai: http://www.berria.eus/dokumentuak/dokumentua1455.pdf
Euskalgintza. Euskara, alderdi
Alderdi bat, normalizaziorako
1984an, euskaltzale talde bat Donostian bildu zen euskararen alderdi sektorial bat sortzeaz eztabaidatzeko. Asmoak ez zuen aurrera egin. 30 urte geroago, helburuak bete gabe daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu