Lau urte dira Oscar Rodriguez Vaz (Gasteiz, 1977) politikatik aldendu zela. PSEko legebiltzarkidea izan zen 2004tik 2012ra, baina Arabako PSEko ildo kritikoarekin lerrokatu izanak alderdi sozialistatik kanpo utzi zuen. Egun, PSEko afiliatu bada ere, ez du inolako loturarik alderdiarekin. Politikan emandako urteak eta pilatutako esperientziak, ordea, baliagarri izan zaizkio tesi batean gizartearen atxikimendu politikorik eza aztertzeko. Duela gutxi aurkeztu du azterlana, EHUn.
Zergatik egin duzu tesia?
Betidanik izan dut kezka herritarrek politikarekiko duten atxikimendu faltarekin. Legebiltzarkide nintzenean, baina, harrigarria zen inork gai honekiko kezkarik ez izatea. Esaten zidaten hauteskundeetan herritarren %70ek botoa ematea ez zela politikarekiko distantziaren isla. Zintzoak diren politikariak baino ez dira arduratzen gai honekin. Baina politikari onak ez daude beti alderdietako aginte postuetan, eta, arazorik atzematen ez dutenez, ez dute konponbiderik bilatzen.
Zer da atxikimendu politikorik eza?
Herritarrek politikarekiko duten distantzia sentimendu bat da. Alderdi politikoekiko distantzia bat da, ez da hainbeste erakundeekiko. Sei adierazleren azterketa konparatua egin dut, eta ondorioetako bat izan da Europako Batasuneko 11 herrialdeetan atxikimendurik eza handiagoa dagoela alderdiekiko, parlamentuarekiko edota gobernuarekiko baino. Gizarteari interesatzen zaio politika, baina ez du bat egiten politikan parte hartzeko dauden mekanismoekin. Beste era batera esanda: alderdi politikoekiko urruntasuna ez da politikarekiko interesaren parekoa. Horren adibide argia da M-15 mugimendua: sisteman sinesten zuen, baina ez gobernatzen ari ziren politikarietan. Herritarrak desengainatuta daude alderdietako ordezkariekin.
Zer dela-eta gertatzen da fenomeno hori?
Hamaika arrazoi daude. Ordezkaritza sistemaren krisia da horietako bat; komunikabideak, alderdiak eta erakundeak krisian daude beste mekanismo batzuk sortu direlako herritarren kezkei bide emateko. Atxikimendurik eza sortzen da alderdi batek herritar guztientzat gobernatu beharrean soilik bere koloreko jendearentzat gobernatzen duenean. Ustelkeria da beste arrazoietako bat, gizarteak sumatzen duelako sistema ustela dagoela. Agerikoa den ustelkeria dago, baina baita ikusten ez den ustelkeria ere. Badira bestelako arrazoiak fenomeno hau ulertzeko: gardentasunik eza, alderdi barruko demokrazia eta parte hartze mekanismorik eza...
Ikusten ez den ustelkeria dagoela esan duzu. Adibidez?
Amarruak, adiskidekeria... Hain nabaria ez den ustelkeria da sistemari min handiena egiten diona. Ikusten ez den ustelkeriak ahalbidetzen du erdipurdiko politikariek beren postuetan jarraitzea eta eragozten du alderdietan haize freskoa sartzea, pertsona berriak egotea eta eztabaida demokratikoak egotea. Esaterako: nola da posible hainbat alderditako buruzagiek militanteen botoen %100 jasotzea? Nik dakidala erabateko babesa jasotzen da askatasunik ez dagoen sistema politikoetan eta errotutako ustelkeria dagoen sistemetan bakarrik.
Gizarteak zein erantzukizun dauka egoera horretan?
Zergatik dago BEZik gabeko kultura bat? Zergatik uzten zaio Rita Barberari [Valentziako alkate ohia, PPkoa] hogei urtez agintzea? Gizarteak sekulako erantzukizuna dauka egoera honetan, eta baita alderdietako militanteek ere.
PSOEko eta Podemoseko militanteak eta buruzagiak galdekatu dituzu ikerketan. Zergatik?
Hasiera batean, Euskadiko ezker progresista ikertu nahi nuen, baina, arazo batzuk tarteko, bi alderdi horietara mugatu behar izan dut lana. Tesia egiteko hiru ardatz erabili ditut: adituen teoriak, ikerketa soziologikoak eta iturri zuzenak —hor galdekatu ditut PSOEko eta Podemoseko ordezkariak—. Kataluniako, Extremadurako, Errioxako eta Euskadiko militante eta buruzagi politikoei egin dizkiet galderak.
Hainbat proposamen egin dituzu atxikimendu politikorik ezari aurre egiteko. Besteak beste, zerrenda irekiak edota hauteskunde primarioak egitea proposatu duzu.
Ordezkaritza sisteman aldaketak egitea ezinbestekoa da. Primarioak, zerrenda irekiak edota hauteskunde barrutien zerrendak egitea, adibidez, funtsezkoa da. Gaur, hainbat alderdik egiten dituzte primarioak eta zerrenda irekiak, baina hala moduz. Alderdi bateko idazkari nagusia aukeratzeko primarioak egiten dira, baina ez da gauza bera egiten zuzendaritza taldea aukeratzeko, hori idazkari nagusiaren esku geratzen delako. Primarioak soilik pertsona bat aukeratzeko egitea akatsa da, pertsona horrek jaungoikotzat hartzen duelako bere burua eta erabaki arbitrarioak hartzera bultzatzen duelako. Primarioak egiten direnean, gainera, alde handia egoten da hautagai ofizialaren eta gainerako hautagaien artean. PSOEren barruan, esaterako, hautagai ofizialak baliabide ekonomiko gehiago ditu gainerakoek baino. Primarioak maila guztietan eta berme guztiekin egin behar dira; Frantzia da horren eredu.
Podemosek hartu du politika egiteko modu berriaren lema?
Egia da M-15 mugimenduak Espainiako agenda politikoa goitik behera aldatu zuela eta alderdiak aldaketak egitera bultzatu zituela. Mugimendu horrek aldaketa handiak ekarri zituen sistema politikora; besteak beste, parte hartzeko mekanismo berriak martxan jartzera behartu zituelako alderdi asko. Baina jadanik printzipio horiei traizio egiten diete denek.
Arabako PSEren ildo kritikoaren aurpegia izan zara. Alderdi sozialista berritzea eskatzen zenuen, besteak beste, demokratikoagoa izan zedin. Zure tesiek ba al dute lekurik egungo PSEn?
Hasiera batean, alderdi barruko desadostasun politikoaren kostuaren gainean egin nahi nuen tesia, baina ideia baztertu nuen ematen zuelako nire esperientzia pertsonalaz ari nintzela eta ordaina hartzeko egiten nuela. Zure galderari erantzuten ari naizela uste dut. Alderdi barruan desadostasunak azaltzeak kostuak izaten ditu, zigortu egiten direlako, eta hori drama bat da politikan. Siglekiko leialtasunik eza leporatzen zaie desadostasunak azaltzen dituzten alderdikideei, baina, nire ustez, alderdien elikagai nagusia izan behar dute kritikek eta desadostasunek.
PSOEko primarioak demokratikoak izaten ari dira?
Umezurtz sentitzen naiz gai honetan. Eta nik dakidala afiliatu askoren sentimendua da hori. PSOEri duela bost urte erlojua gelditu zitzaion, eta oraindik ez du orduan jarri. Espero dut hiru hautagaiek hori aintzat hartzea, berandu goazelako, oso.
Oscar Rodriguez. Politologoa eta PSEko legebiltzarkide ohia
«Alderdi barruko diferentziak zigortzea drama bat da politikan»
Herritarrek alderdi politikoekin duten distantzia sentimendua aztertu du Oscar Rodriguezek tesi batean. Haren ustez, ustelkeriak ahalbidetzen du «erdipurdiko politikariak» aginte postuetan egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu