«Alderdi bakarreko gobernuen aroa» amaitu dela uste du EPk

«Menpekotasunean» oinarritutako gobernurik ez du onartuko. Lopez de Uraldek esan du «gune berdea» sortuko dutela Unidas Podemosen, Equok koalizioa utzi ondoren

Juantxo Lopez de Uralde, Miren Gorrotxategi, Pilar Garrido eta Roberto Uriarte, atzo, Bilbon. BERRIA.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Elkarrekin Podemoseko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatuek uste dute amaitua dela «alderdi bakarreko aroa», eta Espainiako hurrengo gobernua «koalizio gobernua» izango dela ezinbestean. Haien iritziz, EPrena da «aukera politiko eraldatzaile bakarra», eta, horregatik, sostengua eskatu diete ezkerreko boto emaileei: «hazi» egin nahi dute eta «gehiago» izan, horrela «indar gehiago» edukitzeko Espainian gobernu progresista eratzerakoan.

Arabako Elkarrekin Podemosek Espainiako Kogresuan duen diputatu Juantxo Lopez de Uralde, Gipuzkoako Pilar Garrido eta Bizkaiko Roberto Uriarte eta Miren Gorrotxategi hedabideen aurrean agertu dira egoera politikoaz iritzia emateko. Kazetariek zuzenean galdetu aurretik, ez dute aipatu ez PSOE eta ez Iñigo Errejon buru duen Mas Pais alderdi berria, baina helburu argia izan dute beren adierazpenetan: esatea haiena dela «aukera eraldatzaile» bakarra, horren froga gisa orain arte egindakoa aurkeztea, eta geroari begira koalizio gobernuaren formula berrestea, PSOEk proposatzen duenetik aldenduta.

Roberto Uriarte Bizkaiko diputatuak esan duenez, Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioetan Unidas Podemosek «kooperazioan, lankidetzan eta elkarkidetzan» oinarritutako eredua proposatu dute, eta hala egingo dutela aurrerantzean ere. «Horrek ez dauka zerikusirik menpekotasunarekin», erantsi du, eta azaldu PSOEk «menpekotasunean» oinarritutako gobernua «inposatu» egin nahi izan diela.

Uriarteren ustez, eredu hori akituta dago. «Hurrengo gobernua askotarikoa izango da. Amaitu da alderdi bakarreko gobernuen aroa», esan du.

Bere hitzaldian, Uriartek ez duaipatu Mas Pais, baina kazetariei erantzunez esan du ez duela uste Errejonen hautagaitzak kalte egingo dienik datozen hauteskundeetan. «Inkesten arabera, badirudi hautagaitza hori erakargarriagoa dela PSOE eta Ciudadanosen boto emaileentzat. Kalterik egitekotan, alderdi haiei egingo die».

Uriartek nabarmendu du «mundu guztiak» duela bozetara aurkezteko eskubidea, eta hori «errespetatu» egiten dutela, baina ez dio etorkizun handirik aurreikusi Errejonen hautagaitzari. «Aurrekoetan ere ezkerreko alderdi batzuen zatiketen ondorioz sortutako hautagaitzekin lehiatu behar izan genuen: IUren zatiketa zen Actua hautagaitza,Gaspar Llamazares buru zuena, eta Solidaria, PSE-EEren zatiketaren ondorioz sortua. Orain Mas Pais ere aurkezten da, baina nik esango nuke zatiketek normalean ez dutela arrakasta handirik izaten hauteskundeetan».

«Haztea» helburu

Miren Gorrotxategi Bizkaiko diputatuaren ustez, «norbera ekologista edo feminista gisa aurkeztea ez dago edonoren esku», eta horrelakoak «ekintzen bitartez» frogatu behar dira. Azaroaren 10eko hauteskundeei begira «haztea» jarri du helburutzat, «gehiago izatea, gizarte honek aurrean dituen erronka kolektiboei heldu ahal izateko».

Juantxo Lopez de Uraldek, Mas Pais aipatu gabe, esan du «albiste ona» dela orain beste indar politiko batzuek boto ekologista erakarri nahi izatea, «horrek frogatzen duelako larrialdi ekologikoaren gaiak eztabaida politikoaren erdigunea eskuratu duela», baina, «hitzetatik harago», Unidas Podemosek egindako proposamenak aletu ditu, koalizioa «benetako erreferentzia berdea» dela frogatu nahian: klima larrialdiaren adierazpena, Bioaniztasunaren Legea, animalien eskubideen aldeko ekinbideak eta abar.

Oraintsu arte, Equo alderdi ekologistako zuzendaritzako kide ere izan da Lopez de Uralde. Mas Pais agertu izanak arrakala handia sortu du alderdian: Espainian, esaterako, Mas Paisekin batera aurkeztuko dira, Unidas Podemos bazter utzita, eta Equoren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzarrak joan den astean erabaki zuen ez dutela inoren aldeko kanpaina egingo. Orain, baina, Gipuzkoako Equok adierazi du bat datorrela Espainiako Equoren erabakiarekin.

Lopez de Uraldek esan du «errespetatu» egiten dituela erabaki horiek, baina berak jarraituko duela UPn lanean, «koherentziagatik».

«Ekologismo politikoak UPren eskutik lortu du erakundeetara iristea», gogorarazi du Lopez deUraldek, eta iragarri ekologismoaren inguruan aritzen diren beste militante batzuekin batera «gune berdea» sortuko dutela Unidas Podemosen barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.