Josu Esparza. AAMeko eledun ohia

«Alderantziz izan behar du, estatuak izan behar die beldurra herritarrei»

2009ko Korrikan presoen aldeko argazkiak erakusteagatik urte bateko espetxe zigorra ezarri zioten, eta bete behar ote duen esan behar du Auzitegiak. Edozein unetan etor daiteke erabakia.

joxerra senar
Iruñea
2013ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Josu Esparza Amnistiaren Aldeko Mugimenduko Nafarroako eledun ohiak (Iruñea, 1979) aitortu du urduri dagoela. Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia noiz etorriko zain dago. Beste bost lagunekin batera 2009ko Korrikan presoen aldeko argazkiak erakusteagatik, urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten. Esparzaren kasuan, kilometro horretako arduradun gisa zigortu zuten. Orain zigorra bete behar duen edo ez ebatzi behar du auzitegiak.

Sanferminen bezperan gaude. Nolakoak dira egunok?

Egia esan, urduri nago. Une berezia da. Ezjakintasunak urduritasun handia sortzen du. Gainera, hemendik hiru astera aita izango naiz. Dena nahastu zait. Azkenean, burua ez dago bere tokian. Lehenengo gauza alaba da. Neska-laguna azken egunetan dago, eta lagundu egin behar diot... Eta honek guztiak neska-lagunari ere eragiten dio.

Noiz etor daiteke erabakia?

Edozein unetan, ez dago eperik. Abokatuek uste dute abuztua baino lehen etorriko dela, abuztuan ez delako lan egiten arlo judizialean. Noiz? Gaur izan daiteke, datorren astean...

2009ko Korrikan presoen aldeko kartelak erakusteagatik zigortu zintuzteten. Nola izan zen kasua?

Korrikan espetxe ondoko kilometroan izan ginen. Aurreko urteetan bezala, preso politikoek pairatzen dituzten eskubide urraketak eta sakabanaketa salatu eta Euskal Herrian egon behar dutela irudikatu nahi genuen; zehazki Nafarroakoak Iruñeko espetxean. Garai hartan hasi ziren presoekiko elkartasun asmo guztiak kriminalizatzen. Orduan hasi zen argazkien jazarpena. Oraindik ez zegoen tipifikatuta delitua, baina biktimen elkarteek egiten zuten presioaren ondorioz, elkartasun guztia zapuztu eta kriminalizatu zuten.

Zer espero duzu gertatzea?

Itxaropen gutxi daukat Espainiako auzitegiekin. Hasieratik ikusi dugu inolako zentzurik ez duela kontuak, baina tipifikatuta ez zegoen kontu bategatik zigorra jaso dugu. Ez epaileak ez fiskalak ez dute onartu genioena: ez zela inongo terrorismoaren gorazarrea, baizik eta presoen egoera salatzeko zela.

Nahiz eta bi auzi desberdin izan, zure kasuak denboran bat egin du 8/10 sumarioko bost auzipetuekin. Asteon irudikatu da herritar talde handi bat prest dagoela espetxeratze agindu baten aurrean zuek babesteko. Nola ikusten duzu?

Jendearen elkartasuna izugarria izan da. Nabaritu dugu sektore handi bat dagoeneko ez dagoela horrelako egoera bat onartzeko prest. Hemen, Txantrea auzoan, saltokietatik erronda bat egiten ari gara, eta harrera ona izan du. Hurbileko jendeak, berriz, elkartasunetik konpromisorako urratsa egin du, lehen ez bezala. Etxeak, dirua eta behar den laguntza emateko prest dira. Batzarretan jendea prest dago lanean hasteko. Oso adierazgarria da.

Eta sinbolo gisa, giltzak erabili zenituzten asteazkenean. Zergatik?

Irudikatu nahi genuen ez dela gure arazoa soilik. Jendarte osoaren arazoa da. Eskubide zibil eta politikoak urratuak diren heinean, gaur guregana jo dute, baina, hau eteten ez badugu, bihar edozeini gerta dakioke.

Ekainaren 22ko Gazteluko plazako batzar irekian, ama batek esan zuen lehen atxiloketen inguruan «zerbait egingo zuten» pentsatu ohi zuela. Pentsamolde hori apurtzea falta da?

Ama hark esandakoa erreala da. Iruñerrian sarekadak egon zirenean, hainbat gurasorekin lan egitea suertatu zitzaidan, eta bati baino gehiagori pasatu zitzaion hori. Komunikabide askotan jartzen gaituzte adarrekin eta isatsarekin. Ezagutzen gaituztenak, berriz, harrituta geratzen dira. Hori apurtzea falta da, baina badoa. Bi urte estatua mugitu gabe, eta orain arte izan den indarkeria bakarra harena da. Jendea ohartzen ari da atxiloketa horien atzean ez zegoela bortizkeria arazo bat.

Zer egingo duzue espetxeratze agindua iristean?

Ez gaude prest maletak egin eta gure kabuz espetxera joateko. Horrelako epaiak ez ditugu onartzen. Legezkoak dira, baina bidegabeak. Desobedientzia da bide bakarra injustizia amaitzeko.

Eta nola ikusten ari zara herri harresiaren dinamika?

Oso esperientzia aberasgarriak izan dira. Erakusten duelako herri honetan badagoela determinazioa beste bide batzuk hartzeko eta desobedientzia zibila martxan jartzeko.

Iparraldean hasi zen dena, Aurore Martinekin, eta elkartasun uholde haren lekuko zuzena izan zinen.

Han ez zen onartu militante politiko batek horrelako zigorra jasotzea. Lan txukuna egin zen, eta argi geratu zen gauza bat dela iritzi desberdinak izatea eta beste bat iritzi horiek ezin direla kriminalizatu. Ikusi zen posible dela gauza geldiaraztea. Gero kasu gehiago etorri dira. Ni harrituta geratu nintzen Iparraldean jasotako elkartasunarekin. Azkenean, inplikatu ziren sektoreak frantsesak ziren, eta ez zuten onartzen «frantses» bat Espainiaratzea. Ideia hori gainditzea ere lortu zen, bai nirekin bai Izpurako gazteekin, eta onartu zen militantzia politiko huts bategatik ezin dela inor kartzelatu.

Falta al da herritarrak jabetzea gauzak aldatzeko duten ahalmenaz?

Ondarroa eta Donostiako kasuek erakutsi dute herritarrak batzen garenean indar handia dugula. Estatua larritu egin da pixka bat. Beldurra erakutsi du. Beldurren arabera beste mugimendu batzuk planteatzen ari dira. Herritarrek beldurra izan ohi diogu estatuari, baina alderantziz izan behar du. Estatuak izan behar die beldurra herritarrei. Kasuokin irudikatzen ari gara posible dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.