Hasi orduko amaitu da. Itxi da sei urteko parentesia. Eta akordioarekin, itxi, gainera. Atzo zen hastekoa 11/13 auziaren epaiketa, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Baina, auzipetuak aretoan sartu eta berehala iragarri du fiskalak akordioa lortu dutela aldeek. Ados jarri dira fiskala, auzipetuak eta Dignidad y Justicia eta AVT akusazio partikularrak. Horrela, espetxea saihestu ahal izango dute 47tik 45 lagunek, urte eta erdi eta bi urtera arteko zigorra ezarri baitiete. Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak, ordea, bosna hilabete egin beharko dituzte kartzelan, hiru urte eta erdi eta bi urte eta zazpi hilabeteko zigorra jaso baitute, hurrenez hurren. «Erabaki kolektiboa» izan da, auzipetuek azaldu dutenez. Egotzitako delituak onartu dituzte, eta gaur baieztatuko dute Alfonso Guevara, Clara Eugenia Bayarri eta Ana Maria Rubi epaileek.
«Oinarri politikoa duen beste epaiketa baten» gisan definitu du Jon Iñarritu Espainiako Kongresuko EH Bilduko diputatuak epaiketa: «Marmotaren eguna da. Salbuespenezko auzitegi baten epaiketa dugu, berriro. Iraganera garamatza. Orain, kartzela husteko garaia da». Junts Pel Cat-ekoak eta ERCkoak ere bildu dira sostengua ematera, baita 47ei babes ematera auzitegira joandako Madrilgo talde bat ere. Eta, horrela, urduri eta txalo artean sartu dira auzipetuak epaitegira.
Aurretik, ordea, Ibon Meñika auzipetuak ohartarazi du ez direla Auzitegi Nazionalera «justizia bila» joan, eta espero dutela prozesuak balio izatea Euskal Herriari «begiratu» eta «oraindik konpontzeko» dagoen euskal presoen auziari aterabidea emateko. Asmo horrekin sartu dira auzitegira, eta berehala jakinarazi ditu Miguel Angel Carballo fiskalak zigor eskaera berriak.
Espetxea saihestea helburu
Auzipetutako 45ek «erakunde terrorista batean parte hartu izana» onartu dute, eta, ondorioz, fiskalak urte eta erdi eta bi urtera arteko espetxe zigorra ezarri die —azken horiek aurrekariak zituzten—. Hortaz, ez dute espetxera joan beharko.
Amaia Izko auzipetuak epaiketaren ostean esan du helburua zela 47 lagun gehiago kartzelara ez sartzea, baina, ez dutela lortu, izan ere, Zuluetari eta Enparantzari «erakunde terrorista bateko kide izatea» egotzi diete, eta, aurrez behin-behineko kartzelaldia egin zutelako, bost hilabetez joan beharko dute espetxera, nahiz eta Izkok adierazi duen hasierako helburua guztiek «espetxea saihestea» zela: «Haien eskuzabaltasunari eta konpromisoari esker ahalbidetu da akordioa», nabarmendu du.
Meñikak epaiketaren aurretik, eta Izkok epaitegitik irten ostean, biek azpimarratu dute nahiko luketela 11/13 sumarioko prozesuak balio izatea euskal presoen auziari aterabidea jartzeko. Areago, asmoa gatazkaren konponbiderako akordioa «baliagarria» izan dadin nahiko lukete: «Guretzat, garrantzitsuena da erabaki hau hartu dugula iraganean katramilatuta gauzkaten estrategiak alde batera uzteko eta etorkizunari atea zabaltzen laguntzeko. Horretarako funtsezkoa izan da Arantzaren eta Jonen konpromiso pertsonala», nabarmendu du Izkok.
Zuluetak eta Enparantzak, beraz, bost hilabete egin beharko dituzte espetxean, ezarritako zigorra betetzeko gelditzen zaiena, alegia. BERRIak jakin ahal izan duenez, hilaren amaieraren aurretik sartuko dira biak espetxean, eta zigorra zein kartzelatan bete nahi duten aukeratzeko modua izango dute.
Gainontzekoek ez dute kartzelara joan beharko, nahiz eta espetxe zigorra jaso duten. Halere, akordioak baditu bestelako zenbait ñabardura. Besteak beste, Fran Baldak eta Imanol Karrerak isun bat ordaindu beharko dute, fiskalaren arabera, «behin-behineko neurriak» ez dituztelako bete —euskal presoen aldeko egitasmoetan parte hartzea debekatua zuten auzipetuek, eta Karrerari eta Baldari leporatu diete neurri hori haustea—. Bestalde, ezarritako espetxe zigorra baino handiagoa da inhabilitazioa, fiskalak hala eskatuta. Hiru urtez kargu publikoetan ezin izango dute lan egin auzipetuek, eta administrazioaren arloan inhabilitatuta izango dira.
Salbuespenaren eragina
Txaloz jaso dituzte auzipetuak epaitegi kanpoan, baina Izkok aitortu du Auzitegi Nazionalaren «berezitasunak beldurtu» dituela: «Salbuespenezko epaitegia da, eta horrek ahalbidetu du gure aurkako zigor eskaera neurrigabeak egitea. Bete ahal izateak beldurtzen gintuen». Iraganekoa atzean utzi eta etorkizunera begiratzeko garaia dela azpimarratu dute auzipetuek, nahiz eta hiru urtez «baldintzatuta» izango diren inhabilitazioengatik.
Kargu eta lan publikoak utzi beharko dituzte, hortaz, 11/13ko auzipetuek. Esate baterako, Amaia Izkok Iruñeko bere zinegotzi kargua utzi beharko du, eta hiru urte pasatuta ere, ezingo du berreskuratu, bertan behera gelditzen delako postu hori eskuratzeko prozesua bera ere. Gauza bera gertatuko da irakasle edo lanpostu publikoa duen edonorekin ere. Lana galtzeaz gain, postua bera ere gal lezake, kontuan hartuta tokia lortzeko prozesua bertan behera gertatzen dela. Hala jakinarazi diote BERRIAri auziko abokatuek.
Hain justu, salbuespenezko neurri horiekin amaitu behar dela salatu du Aurora Madaula Junts Pel Cat-eko Espainiako Kongresuko diputatuak: «Disidentzia politikoa da epaitzen dena, eta iraganeko garaietara garamatza, erakunde terrorista bat ez dagoenean ere. Beti izango dute gure babesa». ERCko senatari Bernat Picorellek ere babesa eman die auzipetuei: «Beste epaiketa politiko bat da. Aterabideen aurrean, Espainiako Estatuak bide judiziala erabiltzen du. Eta jende honek [auzipetuek] eskubideen aldeko lan baketsua egin du».
Beste epaiketa baten zain
Akordioa lortuta, eta inhabilitazioak sor ditzakeen eragozpenez jabetuta, baina aske eta Euskal Herrian dira jada auzipetu guztiak. Ondorengo egunetan argituko da Enparantzak eta Zuluetak non egingo duten espetxealdia, eta espero da bost hilabeteren buruan libre gelditzea.
Ordea, atzoko parentesia itxita, beste auzibide bat jarri da lehen lerroan, izan ere 2010ean atxilotu zituzten H-Alboka izeneko operazioan bederatzi lagun tartean abokatuak, eta egiteko dago oraindik epaiketa. Horien artean daude Zulueta eta Enparantza.
[youtube]https://youtu.be/tfQHZN8W8iE[/youtube]