Lizarra-Garazi akordioa 1998ko irailean abian jarri eta hilabetera, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ, erkidegoan bezala, Bilbon ere zerrenda bozkatuena izan zen, 65.000 botorekin. Ez zen emaitza txarra, 1990 eta 1994koetan 62.000 eta 60.000 bildu baitzituen; Bizkaian eta EAEn ere goraka zihoan. Lizarra-Garazi garatzen segitu zuten EAJk, EHk, EAk eta abarrek—hiru alderdi haiek Gasteizko parlamentuan egindako ituna tarteko—, eta iritsi ziren 1999ko ekaineko udal eta foru hauteskundeak. 1998ko urrian moduan, berriro Euskal Herritarrok-ek boto pila, baina hango buruzagi bat ez zen oso kontent. «EHrentzat oso hauteskunde onak, baina prozesuarentzat ez». EAJren emaitzengatik ari zen; adibidez, ia galdu zuen Bilbo. Iñaki Azkuna zen jeltzaleen alkategaia han, estreinakoz.
EArekin batera aurkeztu zen EAJ 1999ko bozetara, eta Bilbon 58.000 boto bildu zituzten, %31, bederatzi zinegotzi. PPk 47.000 boto, %25, zortzi aulki. EHk lau hautetsi eskuratu zituen eta, haren babesarekin, alkate Azkuna. Hark aurtengo urtarrilean,Espainiako Auzitegi Nazionalak Herrira-ren martxa debekatu ostean EAJk eragile batzuekin batera beste manifestazio baterako deia egin zuela medio, «Sortukoekin, ezta herentzia jasotzera ere!» esan zuen. «Egoera berezia izango dela espero dut, eta ez dela errepikatuko». 1999ko uztailaren hasieran alkate kargua hartzeko udalbatzarrean ezker abertzalearen herentzia ez, haren botoak jaso zituen, eta eskertu egin zituen. Alkate zen.
EHk hiru boto eman zizkion Azkunari, ez lau. Izan ere, Xabier Aretxaga euskal preso eta EHko zinegotzi hautatu berriari ez zioten utzi botoa ematen. Dena dela, Aretxagak udaletxean mintzaldi bat egiteko aukera izan zuen. PPko eta PSE-EEko hamahiru hautetsiek aretoa utzi zuten. Gogoz kontra hartu zuen Azkunaalkateak gertaera hura.
Antonio Basagoiti PPko Bilboko orduko zinegotziak 1999-2003 agintaldian behin baino gehiagotan gogoratu zion zeinen botoei esker zegoen karguan: «Terrorista bat aurkeztu duen alderdi baten botoekin».
Azkunak kargua hartu zuen egun berean zioen ez zegoela EAJ-EH udal akordiorik. «Ez bitez engaina: ez dago inolako itunik. Etzi hasiko gara taldeekin hizketan». Arantza Urkaregi EHko orduko zinegotziak esan du euren babesa ez zitzaiola batere gustatu Azkunari, eta EHri berari ere ez haren legealdiko politika. Inbestidura aurreko egunetan, ordea, Bilboko EHk gobernu akordioa proposatu zien EAJri eta Jose Maria Gorordoren ICVri, «Euskal Herrian zabaldu den prozesu politiko-demokratikoan sakontzeko premia baitago».
Goraka Azkuna
Prozesua gelditzen hasia zen, baina. Esan zuen ezker abertzaleko buruzagi hark: «EHrentzat oso hauteskunde onak, baina prozesuarentzat ez». Bilbo galtzeko arriskuan izan ziren jeltzaleak, lehen postua PPren esku lagatzear. ETAren eta EAJren —eta EAren— arteko elkarrizketak ere gaiztotzen hasiak ziren uda hartan. Euskal Herriko 1.778 hautetsik 1999ko irailean Udalbiltza sortu zuten, Bilbon bertan egindako biltzar batean, han izan zen Azkuna —gogo handiarekin ez—, baina hilabete batzuetara amaitu egin zen nazio eraikuntza eta bake prozesua.
Orduan hasi zen Azkunaren figura hazten. Jaurlaritzan 1991-1999 artean Osasun sailburu izateak baino oihartzun mediatiko eta politiko handiagoa eman zion Bilboko alkatetzak, euskal hiribururik handieneko alkatetzak.
Gero eta errazago joan zen udal bozak irabazten, askotariko esparruetatik botoak pilatuz. 2003an, berriz ere EArekin batera, hamahiru zinegotzi; bigarren indar PPk, zortzi. 2007an, EAJ bakarrik zela ordurako, atzera hamahiru postu; bigarren indar PPk, zazpi. 2011n, hamabost aulki, gehiengo osoa; bigarren indar PPk, sei hautetsi —45.000 botora; 2011an forukoetan EAJ eta PPren arteko aldea Bilbon 32.000koa izan zen—.
Bilbon 2011n eman zuen jauzirik handiena Azkunak, hautagaitza guztiak berriro legezko zirela. Baita Bizkaiko foru hauteskundeetan EAJk Bilbon izandako emaitzekin alderatuz gero ere. Datuak: 1999an Bilbon forukoetan EAJ-EAk %32 eta udalekoetan %31, 2003an EAJ-EAk forukoetan %41 eta udalekoetan %41, 2007an EAJk %39 eta %41, 2011an EAJk %38 eta %44. Azken horietan Jose Luis Bilbao ahaldungai nagusi jeltzaleak 63.000 boto pilatu zituen Bilbon, Azkunak 74.000.
Alkate hilberriak EAJn zeukan pisua eta EAJk hari esker izandako emaitza onak adierazteko beste datu bat: 2011ko foru bozetan EAEn, EAJk 60.000 botoren aldea atera zion Bilduri, eta udalekoetan 49.000rena, eta Bilbon bakarrik —udalekoetan—, 50.000ren diferentzia.
Iñaki Azkunaren heriotza
Aldea Azkunarekin
Iñaki Azkuna Bilboko alkate hilberria politikari garrantzitsua izan da EAJrentzat, alderdiak hari esker Bizkaikoa bezalako hiriburu jendetsu batean boto pila lortu izan duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu