Aldatzen ari dira hautesleen espazioak; edo espazio horien arteko harremanak, behintzat. Harridura izan zen askorentzat duela hilabete Nafarroako barometroak utzitako sentipen nagusietakoa, batez ere, Podemosi emandako emaitzengatik. Orain, alderdi berriaren sarrerari dagokionez behintzat, antzeko joera erakutsi du Euskobarometroak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere: bigarren indarra litzateke, EAJren atzetik eta EH Bilduren aurretik.
2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ingurukoa da inkesta. Kontuan hartzekoa da, beraz, bi urte barru izango diren bozen inguruan galdetu zaiela herritarrei, eta galdetutakoen %25ek ez dutela argi zer aukera egingo duen —%30 ziren iazko azaroko Euskobarometroan—: abstenitu, edo, botoa ematekotan, noren alde egin. Gainera, Hego Euskal Herrian orain ari da egituratzen Podemos-Ahal Dugu, eta ez du autonomia erkidegoko buru ezagunik, ez programarik.
Euskobarometroak emandako datuen arabera, gaur egun Eusko Legebiltzarra osatzen duten lau talde politiko nagusiek egingo lukete behera: guztiek galduko lituzkete lau eserlekutik gora. Emaitzak aztertzeko faktoreen artean, espazioak «lurruntzen» ari direla nabarmendu dute egileek, eta horrek familia politiko bakoitzaren hautesleen fideltasuna galtzea ekarri duela. Hau da, gero eta gutxiago direla betikoari botoa emango diotenak, eta Ahal Dugu ari dela etekina ateratzen. Ez da berria: iazko barometroan ere esan zuten hori. Hautesleen artean, EAJrenak lirateke fidelenak —%75ek mantenduko lukete botoa—, eta atzerago leudeke EH Bildu (%63), PSE-EE (%61), PP (%50) eta UPD (%44).
Independentziazaleak
Ondorioz, osaera nabarmen ezberdina izango luke legebiltzarrak. Esaterako, erdi eta erdi lirateke egitura zentrala Espainian daukaten indarrak eta Euskal Herrikoak; hau da, independentziaren aurka agertu direnak, eta independentziazaletzat agertu direnak. Podemos, PSE-EE, PP, Ezker Anitza-IU eta UPD batuz gero, 37 eta 40 eserleku artean leudeke —38 eta 35 artean EAJ eta EH Bildu gehituta—. Gaur egun, 48 dituzte jeltzaleen eta koalizio subiranistaren artean: ia bi heren.
Seiehun elkarrizketa egin dituzte barometroa osatzeko, joan den urriaren 27tik azaroaren 14ra. Parte hartzeak goranzko joera hartu du, azken bi urteei erreparatuz gero. 2012ko bozetan, %63,73koa izan zen, baina iazko eta aurtengo barometroen artean aldea dago: %60koa aurreikusi zuten iaz, eta %67koa aurten.
EAJk eutsiko lioke lehen postuari Eusko Legebiltzarrean, parte hartze horretatik eratorritako emaitzen arabera. Boto baliagarrien %30,5 jasota —%4 gutxiago, borobilduta—, 22 edo 23 eserleku lituzke legebiltzarrean: orain baino lau edo bost gutxiago. Lurraldekako datu zehatzik jakinarazi ez badute ere, egileek azaldu dute Bizkaian lehen indarra izaten jarraituko luketela jeltzaleek. Araban, bigarren, Ahal Dugu-ren atzetik; eta Gipuzkoan, hirugarren, Ahal Dugu-ren eta EH Bilduren atzetik.
EH Bilduk galera handiagoa izango luke, estimazioen arabera: atzera geratuko litzateke lehen indar izateko lehiatik, hirugarren lekura pasatuta. Boto baliagarrien zenbatekoari begiratuta, ez luke hainbeste egingo behera—%5 inguru—, baina eserleku galera handiagoa izango luke gainerako indarrek baino: zazpi edo zortzi gutxiago. Hamahiru edo hamalaurekin geratuko litzateke. Lurraldeka ere, arriskua luke: Gipuzkoan Ahal Dugu-rekin jokatu beharko luke lehen postua, eta EAJren eta Ahal Dugu-ren atzetik legoke Araban eta Bizkaian.
Podemosen bozak, nondik?
Podemos Ahal Dugu bigarren indar gisa sartuko litzateke Eusko Legebiltzarrean, EAJren atzetik, botoen %25,6rekin. 21-22 eserleku lortuko lituzke. Nondik datoz boto horiek? Fideltasunaren galerarekin lotzen du galdera hori Euskobarometroak. Egileen arabera, Ezker Anitza-IU edo bosgarren espazioa deitu izan den horren hautesleei eragingo lieke gehien (%60). Eragina izango luke, ordea, EH Bilduren eta PSE-EEren hautesleengan ere (%20). Boto kopuruan, hortik eta abstentziotik jasoko luke gehien. EAJren boto-emaileengana ere iritsiko litzateke Pablo Iglesiasen alderdia, baina gutxiago (%12). Barometroaren arabera, gainera, gazteen artetik jasoko luke boto asko Podemosek (%60).
PSE-EE eta PP, bitartean, beheranzko joera gelditu ezinik dabiltza oraindik. Idoia Mendiaren alderdia botoen %12,8an geratzen da —%6 behera—, hamar legebiltzarkiderekin (sei gutxiago). PP, berriz, botoen %8,1ean —ia %4 gutxiago—, sei eserlekurekin —lau gutxiago—. Ezker Anitza-IU eta UPD, berriz, parlamentuan sartzeko lehian leudeke: Araban eserleku bat lortu edo ez, hori da bien aukeren tartea.
Gobernurako aukerak
Lehen ere ez zegoen gehiengo argirik legebiltzarrean, eta, estimazioen arabera, are zatituagoa izango da osaera aurrerantzean. EAJri edo Ahal Dugu-ri egokituko litzaieke gobernu bat osatzeko ekimena hartzea. Gehiengoa ziurtatzeko, jeltzaleei ez lieke balioko PSE-EErekin egindako itunak soilik: 32 edo 33 legebiltzarkide artean lituzkete biak batuta, eta beste norbaiten babesa ere beharko lukete 38ko langara iristeko —erdiak gehi bat—. PPrena, esaterako. Larri helduko lirateke EAJ batera ere: 38-39 legebiltzarkide. EH Bildu erakartzea erabakita ere, jeltzaleei ez lieke balioko horrek gobernu egonkor bat osatzeko: 35-37 artean lituzkete EAJ eta EH Bilduk.
Bigarren indar gisa, Ahal Dugu-k ere babesa beharko luke gobernua osatzeko. Ez luke nahikoa ez PSE-EErekin soilik (31-32), ez EH Bildurekin soilik (34-36). EH Bildu eta PSE-EEren babesarekin, aise gaindituko luke langa: 44-46.
Gaur-gaurkoz, aukera asko leudeke irekita, beraz. Barometroaren emaitzak eta gaur egungo diskurtsoak ikusita, ez litzateke harritzekoa legebiltzar berrian ere 2012ko bozen ondoren gertatutakoa errepikatzea: gobernu bat gutxiengoan osatu, eta akordioak egin ondoren. Baina bi urte falta dira boz horietarako.
«Goiz» da oraindik
Hori nabarmendu dute alderdi gehienetako ordezkariek: «goiz» da oraindik. Hala esan du, esaterako, Espainiako Kongresuko EAJren bozeramaile Aitor Estebanek, baina ziurtzat jo du Podemos euskal erakundeetan ere egongo dela. Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondok, berriz, «benetako aldaketa» Euskal Herrian egiten ari dela azpimarratu du: «Nahiago dugu gaur egungo errealitateaz hitz egin».
PSE-EEk eta PPk, berriz, «herritarren haserrearekin» lotu dituzte emaitzak. Jose Antonio Pastor legebiltzarkide sozialistaren ustez, horrek erakusten du «oso antzekoak» direla euskaldunen eta «beste espainiarren» kezkak. «Haserretu» horiei mintzatu zaie PPko Nerea Llanos: «Espero dut herritarrek ikusiko dutela hartu behar izan diren neurri asko beharrezkoak izan direla krisitik irteteko bidea hartzeko».
Aldatzen ari da
Euskobarometroaren arabera, EAJk irabaziko lituzke 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak.Indarrez sartuko litzateke Ahal Dugu, eta jeltzaleengandik eserleku pare batera geratu.EH Bildu hirugarren indarra litzateke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu