Aldarrikatu dute ez dagoela «zer ospatu» Hispanitatearen Egunean

Protestak egin dituzte Hego Euskal Herrian. EH Bilduk «Espainiaren inposizioa» salatu du

Alarde antifaxista egin zuten atzo Bilboko kaleetan. MONIKA DEL VALLE /FOKU.
edurne begiristain
2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Urriak 12 izan zituen atzo: Espainiak Hispanitatearen Eguna ospatzen duen eguna izan zen, eta Hego Euskal Herrian jaiegun ofiziala. Haatik, Euskal Herrian jai hori ospatzeko arrazoirik ez dagoela aldarrikatzeko protestak egin zituzten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta hainbat herritan. Ernai gazte antolakundeak herriz herri antolatu zituen mobilizazioak, goiz zein arratsaldez. Hogei deialditik gora egin zituen, «Euskal Herri burujabea, antifaxista, feminista eta sozialista» aldarrikatzeko.

Hispanitatearen Egunaren aurkako arbuioa manifestazioetan eta elkarretaratzeetan azaleratu zuen gazte antolakundeak. Ohar bidez azaldu zuen protesten zioa: «Gazte independentistok ez dugu ezer ospatzeko. Kontrara: 1978ko erregimenari arrakalak bideratzeko eguna da gaurkoa, erregimena eta bere zutabe guztiak eraistekoa». Ernairen ustez, bestelako Euskal Herri bat eraikitzeko «aukera zabalik dago», «euskal errepublika sozialista, feminista eta euskaldunerako bidea» egitea izan behar da erronka. Gazte independentistek «etorkizun justu bat eskainiko duen herri askea eraikitzen hasteko» parada dutela nabarmendu zuen, halaber.

Bestalde, Bilbon protesta jendetsua eta ikusgarria egin zuten zenbait talde antifaxistak deituta. Urtero legez, 36ko gerran errepublikaren alde borrokatu ziren batailoien antzezpena egin zuten, Jesusen Bihotza plazatik Arriaga Antzokirainoko bidea eginez. Atzoko eta biharko erresistentzia antifaxistaren alde lelopean antolatu zuten protesta.

Hispanitatearen Eguna ospatzearen aurka agertu zen EH Bildu, halaber. «Subiranistok eta independentistok ez dugu ezer ospatzeko», adierazi zuen Bakartxo Ruiz EH Bilduko Nafarroako parlamentariak, Iruñean egindako agerraldian. Salatu zuen Hispanitatearen Egunak «Espainiako inposizioaren eredua» islatzen duela: «Uniformizazioarena, inperialismoarena eta zentralismoarena». Marko horren bitartez, «hizkuntza eta identitate bakarraren eredua ere» inposatu nahi dutela salatu zuen, eta horren adibide jarri zituen azkenaldian Nafarroan euskararen aurka izandako erasoak.

Atzoko egunari beste deialdi batekin erantzun nahi dio EH Bilduk: datorren azaroaren 20an Bilbon deitutako manifestazio nazionalarekin, hain justu. Egun horretan Santi Brouard eta Josu Muguruza omenduko dituzte, eta izurriaren ostean jendea «berriz elkartzeko» topalekua izatea nahi dute. Manifestazioak «herri burujabe, euskaldun, feminista eta justua nahi duten guztiak» interpelatzen dituela esan zuen Ruizek, baita «atzoko eta gaurko antifaxismoarekin» engaiatutako guztiak ere.

Bestalde, Egiari Zor fundazioak ohar batean salatu zuen atzoko eguna «mingarria» izan zela estatu indarkeriaren biktimentzat, ospakizunetan indarkeriaren «apologia argia» egin zelako.

Guardia Zibilari gorazarre

Hispanitatearen Eguneko ospakizun nagusia Madrilen egin zuten atzo. Espainiako errege-erreginak buru, Espainiako Gobernuko ministroak eta erkidegoetako presidente ugari izan ziren desfile militarra ikusten. Besteak beste, Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibite han izan zen. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, ordea, ez zen joan Madrilgo ospakizunetara.

Gasteizko Sansomendi auzoko Guardia Zibilaren kuartelean ere ekitaldia egin zuten, eta han izan zen Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Adierazi zuen Espainia «kontzeptu kultural irekia eta barneratzailea» dela, eta «pluralismoa eta pertenentzia sentimendu ugari» bere baitan hartzen dituela. Guardia Zibila ere zoriondu zuen, «egiten duen lanagatik» eta «leialtasunez» jokatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.