Aldarrikatu bainoago, egin

Herrigintzan eta balio eraldatzaileetan sustraitutako euskalgintza baten alde egin dute Donostian, adibidetzat hartuta Laba espazioa, Lau Haizetara euskara elkartea eta Tokikom hedabideen sarea

Yasmine Khris Labako kidea, Mikel Azkarate Lau Haizetarakoa eta Iban Arantzabal Tokikomeko lehendakaria, atzo, Donostiako Miramarren. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Aperribai.
Donostia
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Balio aurrerakoiak sustatzeko nahia, euskara horietarako bitarteko izanda: helburu hori antzematen zitzaien atzo eguerdian Euskararen aldeko aktibazio soziala: aukerak eta proposamenak jardunaldian hizlari aritutako hiru lagunei: Errenteriako Lau Haizetara elkarteko Mikel Azkarateri, Iruñeko Laba proiektuko kide Yasmine Khrisi eta Tokikom tokiko komunikabideen sareko presidente Iban Arantzabali. Eragiteko eta herrigintza egiteko moduez aritu ziren, euren elkarteek euskalgintzan funtzio ezberdina izanagatik.

Azkaratek, esaterako, kide den Lau Haizetara-ren bilakaera azaldu zuen, eta garaian-garaian hartutako erabakiak arrazoitu. Pandemia garaian egindako barnera eta kanpora begirako hausnarketa baten ondorioz «gako berriak» agertu zirela azaldu zuen, eta erabaki zutela herrigintzan gehiago zentratzea: «Erabaki zen herritarren topagune bihurtzea, non hizkuntza sustapena eta komunitatearen garapena uztartzen diren». Printzipio hori «norabidetzat» harturik garatu dituzten bi proiektu aipatu zituen.Elkarrekin ikasiz izenekoa, batetik. Euskara urrun duten haurrei eskolarako errefortzu klaseak eman dizkiete, boluntarioen bidez. Hala, euskararekin lotura egin dute haur horiek, babesa jasotzearekin batera. Arrisku bat ere baduela zehaztu du Azkaratek, dena den: «Euskara eremu formalarekin lotzekoa».

Bestalde, odol emaileentzako zerbitzu bat ere sortu dute. Horretan jarduten zuen elkarteari erreleboa hartu, eta jardun hori zaintzaren eta hizkuntzaren ikuspegiarekin busti nahi izan zutela azaldu zuen. Horrela, besteak beste, zerbitzu hori jasotzen duten gehienek, gaur egun, euskarazjasotzea lortu dute, azaldu zuenez.

Aktibazio sozialak «komunitatearen eta pertsonen beharrekin» konektatu behar duela argudiatu zuen Azkaratek, eta, halaber, «justizia sozialaren» ikuspegia txertatua izan behar duela. Bestelako gako batzuk ere zerrendatu zituen, hala nola egungo erronka konplexuei tokian-tokian erantzunak ematea, etengabe esperimentatzea, eta antolaketa eredu berriak eta «horizontalagoak» bilatzea.

Ibilbide askoz ere laburragoa du Iruñeko Laba guneak, eta haren berri eman zuen Khrisek.Euskararen bueltan zerbait «berrria, ausarta eta konplexurik gabea» egiteko Iruñeko euskalgintzaren bueltan zenbait lagun biltzen hasi zirenetik hiriaren erdialdean, Gazteluko plazan gune fisiko bat zabaldu artekoak kontatu zituen. Espaziotik harago, prozesu hori hiriko hainbat euskaltzale saretzeko bide ere izan dela azaldu zuen, eta «topagune» ere badela egun. Baita plaza ere. Izan ere, urtarrilean zabaldu zituen espazioak ateak, eta ordutik 50 ekitaldi baino gehiago hartu ditu.

Hedabideak herrigile

Herri ekimenetik sortutakoak dira tokiko hedabide gehienak ere. Horien eta euskalgintzaren arteko harremanaz, haien bueltako komunitateaz eta etorkizunerako erronkez hitz egin zuen Arantzabalek. Hedabideek euskararen aldeko lana ez ezik «demokrazia soziala» ere sustatzen dutela azaldu zuen, eta, aurreko hizlariekin lotuz, euskara euren kasuan ere bestelako balioen eroale dela. Hala, informazioaren bueltan komunitatea eraikitzeko eta komunitate horri ikusgaitasuna emateko beharrezkotzat jo zituen. Horrekin batera, erronkatzat jo zituen tokiko komunikabideen «irismena» handitzen jarraitzeaeta euskaraz kontsumitzen dutenen kopurua areagotzea. Hedatze horretan, bezperan hizlari aritu zen Gorka Julio Talaios kooperatibako kideak jardunaldira eramandako kontzeptua berreskuratu zuen: «metakomunitatea» edo «herrizoma». Lotura trinkoak eta arinagoak uztartzen jakin beharra dagoela esan zuen, baita komunikabideek ere.

Teknologia berriak ere euren alde eta konplexurik gabe erabili beharra ere mahaigaineratu zuen. Izan ere, aurrerapen teknologikoak sarritan horien gaineko gogoeten aurretik doazela ohartarazi zuen, eta gaur egun jad, errealitate dela teknologia horien presentzia.

Feminismoan nola ispilatu

Mugimendu euskaltzaleen eta beste mugimendu eraldatzaileen arteko harremanaz hausnartzeko beta ere izan da Euskaltzaleen Topagunearen jardunaldian. Mugimendu feministaren eta euskaltzalearen artekoaz aritu zen atzo Miren Aranguren Emagineko eta Bilgune Feministako kidea, eta mugimendu feministan izandako zenbait eztabaida eta kezka plazaratu zituen, euskalgintzarentzat lagungarriak izan daitezkeelakoan.

Besteak beste, subjektu politikoaren bilaketan egindako ibilbidea gogoratu zuen, eta dei egin «subjektu bakarraren» ideia alboratu eta, intersekzionalitatearen bidez, mugimenduaren barrura nahiz hortik kanpora begiratzera. «Zenbat aldiz hitz egin da euskalgintzan pribilegioez?», galdetu zuen, besteak beste.

Aliantza horiek garatzeko estrategiez, erakunde publikoekin izan beharreko harremanaz, lidergo eta militantzia ereduez eta iruditegiaz ere aritu zen. Mugimendu feministak errotiko aldaketak proposatzen dituela ere azaldu zuen, eta euskalgintzak horiekin lotzea ere komenigarria litzatekeela erantsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.