Lasterka Askatasunera egitasmoko antolatzailea

Mikel Alvarez Teran: «Aldarrikapena eta kirola uztartuz, ohiko eskemak gaindi daitezke»

Lasterka Askatasunera egitasmoaren bigarren aldia egingo dute etzi Bilbon. Aisialdi eredu alternatibo bat eskaintzea da gazte konpartsen asmoa, eta erakustea Euskal Herriaren askapen prozesuaren borrokan gazteriak baduela zer esan.

Mikel Alvarez Teran, Portugaleten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Alvarez Teran, Portugaleten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Portugalete
2025eko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aldarri independentistak Bilboko kaleak hartuko ditu etzi. Bizkaiko hainbat gazte konpartsek antolatuta, Lasterka Askatasunera egitasmoaren bigarren aldia egingo dute. Aisialdi eredu alternatibo baten beharrak bultzatuta, erakutsiko dute Bilbon eta Bizkaian gazte euskaldun asko daudela eta eurek ere «hitza» badutela. Halaxe adierazi du Mikel Alvarez Teran (Portugalete, Bizkaia, 2003) egitasmoaren antolatzaileetako batek. Bihar arte egongo da izen ematea zabalik, eta herritarrek bi aukera izango dituzte parte hartzeko: 9 kilometroko lasterketa edo 4,5 kilometroko martxa. 

Lasterka Askatasunera egitasmoaren bigarren aldia antolatzea erabaki duzue aurten.

Lehenengoaren balorazioa positiboa izan zen: iaz hutsetik sortu zen egitasmoa, eta 500 pertsona inguru elkartzea lortu genuen. Aurten anbizio berarekin antolatu dugu. Izan ere, hasieratik egon gara prest bigarren aldia egiteko. Biharko 22:00 arte egongo da izen ematea zabalik. Gure helburua da iazko izen emateak gainditzea, eta uste dut lortuko dugula.

Aisialdi eredu alternatibo batean oinarrituko den ospakizun handia antolatu duzue. Zergatik ikusi duzue eredu hori eskaintzeko beharra?

Gazteria independentistari ohiko aisialdi eredutik at dagoen egitasmo bat eskaini nahi diogu. Sarri, jaiekin eta alkoholaren kontsumoarekin zerikusia duten ekintzak egiten ditugu. Ekinaldi hau, osasuntsuagoa izateaz gain, beste modu bat da aldarri bat egiteko. Horrez gain, topagune bat izan dadin nahi dugu. Gure ustez, aldarrikapena eta kirola uztartuz, ohiko eskemak gaindi daitezke, subjektu desberdinengana helduz, eta parte hartzeko aukera eginez.

Eta zergatik Bilbon?

Gaur egun, gazte konpartsek euren herrietan eta auzoetan egiten dute euren jarduna. Uste dugu Bizkaiko konpartsek euren aldarriak hiriburuan ere egin behar dituztela. Gainera, Bizkaiko hiriburua alderik alde hartzea kristorena izango da.

«Lasterketa hau balio euskaldun, feminista eta eraldatzaileak partekatzen dituzten guztientzat da, adina alde batera utzita»

Kirola eta aldarrikapena uztargarriak direla diozu, baina zergatik erabaki duzue lasterketa bat egitea?

Korrika egiteak, nahiz eta bakarka egin, badu sen kolektibo eta parte hartzailea. Eta era osasuntsu batean lehiakorra da. Ohituta gaude manifestazioak ikustera, baina kirol pixka bat sartzea ere polita da. Kirola eta aldarrikapena uztartzen dituzten adibide nahikotxo ditugu Euskal Herrian: Lasterbidean, Etxera Trail… Horiek ere helburu argi bat daukate, Lasterkak bezala.

Aldarri independentista lau haizeetara zabaltzea da zuen asmoa.

Lehen lerrora ekarri nahi dugu Bilbon eta Bizkaian gazte euskaldun asko garela, eta guk ere hitza daukagula. Komunitate izatearen eta komunitatea indartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Auzoetan egiten dugun bezala, nazio pultsu bat eta independentziaren aldeko aldarri argia egin nahi dugu Bizkaiko hiriburuan.

Zein ekarpen egin diezaioke gazteriak aldarri horri?

Argi dago gazteria badela zerbait plurala, baina ukaezina da ere subjektu aktibo dela. Horiek horrela, Euskal Herriaren askapen prozesuaren borrokan gazteriak ere badu zer esan eta zer egin. Hori erakutsi nahi dugu Lasterkarekin. Horrez gain, deialdia egin nahiko genuke Gure Esku-k ekainaren 7rako deitu duen manifestazioan parte hartzeko. Euskal Herri libre baten alde, Euskal Herriak erabaki beharko du, eta hori ere gure esku dago. Gazteok hor egon behar dugu, lehen lerroan, guk ere badugulako zer esan. 

«Konpartsa bakoitzak bere herriaren errealitatera bideratutako eskaintza ugari antolatzen ditu, euskararen arnasgune bilakatuz eta balio askatzaileak sustatuz»

Gazteek antolatu duzue, baina norentzat da egitasmoa?

Ez da bakarrik gazteentzat. Lasterketa hau balio euskaldun, feminista eta eraldatzaileak partekatzen dituzten guztientzat da, adina alde batera utzita.

Iaz asmoa izan zenuten tokiko publiko gehiago hartzeko herri bazkaria edo kontzertuak kalean eginda, baina udalak ez zizuen baimena eman. Lasterketa gehiena ere espaloitik egin behar izan zenuten, ez zizuetelako baimenik eman errepideak ixteko. Zein harreman izan duzue aurten udalarekin?

Ez genuke nahi arreta udalean jarri. Gugan jarriko dugu arreta. Lasterka Askatasunera luzarorako izango da. Beraz, hurrengo urteetan, kaleak hartzen jarraitu nahiko genuke Lasterkaren bitartez. Bi urte hauek balio izan digute egitasmoaren oinarria zehazteko, baina aurrerantzean espazio publiko gehiago hartzea gustatuko litzaiguke.

Lasterka Askatasunera da Bizkaiko gazte konpartsek elkarrekin antolatzen duzuen lehen egitasmoa. Iaz esan zenutenez, bide luzea duzue oraindik egiteko. Zelan doa elkarlan hori?

Gazte konpartsak Bizkaiko hirigunean kokatzen gara, hau da, kontsumo basatira bideratutako errealitate erdaldun batean. Konpartsa bakoitzak bere herriaren errealitatera bideratutako eskaintza ugari antolatzen ditu, euskararen arnasgune bilakatuz eta balio askatzaileak sustatuz. Beraz, garrantzitsua iruditzen zaigu elkar ezagutzea eta bakoitzaren bizipen eta irakaspenak partekatzea, gure herrietan gazteria independentista gugana hurbiltzeko anbizioarekin. Eta Lasterka anbizio horren adierazpen gorena da.

EGITARAUA

  • 09:00. Dortsal banaketa. 
  • 10:15. Zumba beroketa.
  • 11:00. Lasterketaren eta martxaren hasiera.
  • 12:30. Ekitaldia eta sari banaketa. Bakarrizketa Asier Galarzaren eskutik, eta musika zuzenean.
  • 13:00. Bazkaria.
  • Goiz osoan. Sortzaileen azoka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.