Aldarri zaharrei bultzada berria

Naziogintza taldeak gogora ekarriko ditu 1931n hainbat udalek Euskal Errepublikaren alde onartutako mozioak, eskaera XXI. mendera egokitzeko. Azpeitian egingo dute, larunbatean.

Josu Albero, Naziogintza taldeko kidea, Azpeitian. GORKA RUBIO / FOKU.
Iosu Alberdi.
Azpeitia
2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuaren egituraketa berriaren aurrean, Azpeitiko hiribilduko udala uztear direnek, euren karguak laga aurretik, eta nazio gisa dagozkion eskubide natural eta historikoak baieztatu ostean, Euskal Errepublika aldarrikatzen dute Euskal Herriaren lehen autodeterminazio ekintza bezala». Halako eta antzeko adierazpenak onartu zituzten Euskal Herriko hainbat herritako udalek 1931. urtean, Espainian errepublika ezarri berri zela. 91 urte geroago, aldarrikapen haiek gogoratuko ditu Naziogintza taldeak, katea eten ez dela irudikatzeko.

Naziogintzako kideek 42 udaletako artxiboetan miaketa lanak egin dituzte azken urteetan, eta horietatik hemeretzitan aurkitu dituzte Euskal Errepublikaren aldeko mozioak; besteak beste, Zumaian, Oñatin, Hernanin, Errenterian (Gipuzkoa), Bermeon, Getxon, Mundakan eta Markinan (Bizkaia). Horietako bat da Azpeitikoa (Gipuzkoa) ere; 1931ko apirilaren 17an onartu zuten. Hala, han ospatuko du taldeak Euskal Errepublikaren Eguna, larunbatean. Taldeko kide Josu Alberoren hitzetan (Bartzelona, 1957), gertaera «guztiz ezezaguna» da jende gehienarentzat, eta hura ezagutarazteko asmoz ere mugitu dira.

Alberoren esanetan, iraganabaliagarria da erakusteko Euskal Errepublikaren aldeko aldarrikapenak aspaldikoak direla: «Esaterako, Aita [Manuel] Larramendik oso garbi hitz egin zuen Euskal Errepublikaz, eta proposamen independentista garbia egin zuen Euskal Herriko zazpi lurraldeentzat». Erreferentziok, baina, «XXI. mendeari egokituta» egin behar direla uste du.

Gakoa, Alberoren hitzetan, Euskal Errepublikari eginiko erreferentziak dira: «Euskal Herriak bere berezko errepublika behar du, gure etxean guk geuk agintzeko, eta ez espainiarrek edo frantsesek». Hala, Kataluniako ereduari jarraituz, independentismoaren inguruko diskurtsoa «Euskal Errepublikaren» inguruan sortu behar dela defendatu du, «Euskal Estatuaren» inguruan egin beharrean. Hark izan beharreko itxura ere argi du Naziogintzako kideak: «Modernoa, justua, demokratikoa, askea eta euskalduna».

Euskara erdigunera

Azken ezaugarri horri berebiziko garrantzia eman dio Alberok, uste baitu «euskal kontzientzia nazionala» galtzen ari dela: «Euskal abertzaletasuna krisi sakon batean sartuta dago, gure nazioaren sustraiak, euskara, euskal kultura eta euskal identitate kolektiboa ahazten eta baztertzen ari direlako». Hala, gogoratu du euskara «nazio egiten gaituen funtsezko elementua» dela.

Egun, ordea, alderdi abertzaleek beste lehentasun batzuk dituztela uste du, eta, «hegemonia politikoa lortzeko lehia» betean, «botoen gatibu» direla. Are gehiago, lehia horrek abertzaleen arteko batasuna zailtzen duela argudiatu du Alberok: «Lizarra-Garaziko garaian besterik ez dugu ezagutu abertzaleen arteko elkarlana azken 50 urteetan».

Hutsune hori identifikatuta, Naziogintzaren asmoa da «euskal kultura eta euskal identitate kolektiboaren aldeko mezua» zabaltzea, Euskal Errepublikaren aldeko pedagogia egiteaz gain: «Nortasun nazionala sendotu ezean, nekez lortuko du inoiz Euskal Herriak burujabetza osoa». Beraz, taldearen helburua izan da, independentziaren aldeko beste talde bat izatea beharrean, Euskal Herria nazio egiten duten ezaugarrietan zentratzea: «Euskara politizatzeko».

Asmo horixe dute larunbateko ekitaldirako ere: «Abertzale eta independentiston topagunea izango da». 12:00etan hasita, 1931ko apirilean Euskal Errepublika aldarrikatu zuten Azpeitiko zinegotziei omenaldi bat egingo diete. Halere, egitarauari izaera nazionala emateko asmoa dute, eta, besteak beste, duela 91 urteko udaberri hartan Euskal Errepublikaren alde egin zuten herrietako ordezkariak ere gonbidatu dituzte ekitaldira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.