Hirugarren urtez jarraian, haustura hidraulikoaren aurkako oihua entzun da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Euskal Herrian baditugu galdu behar ez diren bi ohitura: mendira igotzeko zaletasuna eta jasan nahi ez ditugun proiektuen aurkako herri erantzuna», azaldu zuten Fracking Ez Araba plataformakoek atzo Gorbeiako tontorrean eta Urbiako zelaietan irakurritako agirian.
Hirugarren urtea da plataformak mendi martxa antolatzen duela; aurten, mendiko federazioen laguntzarekin antolatu dute. Azken bi urteetan Gorbeiara egin duten, eta, gehienbat, Araba eta Bizkaiko lagunak bildu dituzte. Ordea, aurten Urbiako zelaietara ere iritsi dira, Gipuzkoako herritarrei ere errazteko aldarrikapena egiteko aukera.
Eguneko lehen hitzorduan, 08:00etan, 30 lagun inguru agertu ziren Arriaga parkeko aparkalekura. Bertatik Gorbeiara —eta bakarren bat Urbiako zelaietara— joan ahal izateko autoetan banatu ziren. Igoerarako jantzi egokiak eta motxilak ondo hornituta eramateaz gain, bestelako osagarriak ere ez ziren falta: haustura hidraulikoaren aurkako kamisetak, banderak...
Arriaga parkeko aparkalekuan bildutakoek Muruako (Araba) harrobietatik hasi zuten igoera. Bertara heltzean, tontorrean gertatuko zenaren lehen zantzuak sumatu zituzten. Ordurako hainbat auto zeuden bertan, eta beste asko, heltzeko zeuden. Gorbeian gora egin ahala, igoera Muruatik zein beste lekuetatik hasitako lagunak elkartuz joan ziren. Denak tontorrerako bidean. Denak haustura hidraulikoaren aurkako osagarriz ondo hornituta.
Gorbeiako aldapetan bildutakoek, bide ezberdinez gain, Gorbeia igotzeko modu ezberdinak ere aukeratu zituzten. Gehienek oinez egin zuen igoera. Ausart batzuk korrika edo bizikleta gainean igo ziren gurutzeraino. Zaldi gainean ere igo zen baten bat. Ordea, denek helburu bera zuten: tontorretik, lau haizeetara, haustura hidraulikoaren aurka oihu egitea.
Gorbeiatik Urbiara
Fracking Ez Araba plataformakoen arabera, «milaka pertsona» batu ziren bertan. Horren garrantzia nabarmendu zuten: iazko kopuru bera bildu zen, baina joan den urtean gaia «pil-pilean» zegoen, eta aurten ez da horrenbeste informazio egon. Hala ere, gogorarazi zuten lehen putzuak egiteko lanean ari direla. «Ez dira gelditu azken urtean, eta datorrenean berriro saiatuko omen dira lehen putzuak egiten... baina ez diegu utziko!», esan zuten plataformako kideek tontorrean. Eta oihu hori Gorbeiatik Urbiako zelaietara heldu zen.
Lehen aldia izan zuen atzo haustura hidraulikoaren aurkako aldarrikapenak Urbiako zelaietan, baina «oso emaitza ona» izan zuen. Antolatzaileen arabera, 300 lagun inguru bildu ziren bertan, inguruko hainbat udalerritako ordezkari politikoak barne, Arabatik zein Gipuzkoatik heldutakoak. «Hiru urte pasatu dira lehen putzuak egiteko asmoa zutela jakinarazi zutenetik; gaur arte erakutsi dugun aurkakotasun trinkoarekin jarraitu behar dugu», azaldu zuten plataformako kideek bertan.
Batzuek ogitartekoa hartzen zuten bitartean, beste batzuk Fracking Ez Araba plataformak jarritako mahaietara gerturatu ziren. Bertan, kamisetak edota banderak erosteko aukeraz gain, sinadura emateko aukera izan zuten, herri ekinbide legegilea babesteko. «Gorbeian bildutako gehienek aurretik sinatua dute, baina orria eman diegu inguruko lagun eta senideen babesa lor dezan».
Izan ere, haustura hidraulikoaren aurkako herri ekinbide legegilearen sustatzaileek sostengu handia eman nahi diote. Eusko Legebiltzarrak 30.000 sinadura eskatu zizkien. Kopuru horretara heldu dira, baina 60.000 sinadurara heltzeko erronka hartu dute, gasa erauzteko teknika horren aurkako jarreraren indarra erakusteko.
Politikariei oharra
Sinadura horien bidez, orain arte haustura hidraulikoaren aurka agertu diren politikariei ildo horretan jarraitzeko eskatu nahi diete. Hain zuzen ere, legebiltzar talde batzuek iritzia aldatuko duten beldur da plataforma, azken hilabeteetan Espainiako Gobernuak eta Auzitegi Konstituzionalak hartu dituen erabakiak kontuan hartuta.
Aldarri ozena tontorretik
Gorbeiako gurutzean eta Urbiako zelaietan jendetza bildu da haustura hidraulikoaren aurka agertzeko eta abian dagoen herri ekinbide legegileari babesa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu