Krisia Nafarroako Gobernuan. Osasuna. Juan Jose Rubio. Osasunbideko zuzendaria

«Aldaketen berezko ondorioak dira dimisioak»

Ez du ukatu Nafarroako Ospitale Guneko Traumatologia zerbitzuan krisia dagoela; aurre egiteko lanean ari direla erantsi du, eta oraingoz ez dutela konpontzea lortu.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Joan den uztailean izendatu zuten Juan Jose Rubio (Iruñea, 1965) Osasunbideko zuzendari kudeatzaile. Osasun Departamentuaren krisia barrutik ezagutu du. Oraingoa aldaketa garaia dela nabarmendu du, eta egoera horretan tentsioak sortzea normaltzat jo du. Zer hobetu badela uste du, hala ere.

Osasunbideko zuzendaritzaren ardura zure esku hartu zenuenerako, nahasia zen jada departamentuko giroa. Zuk nola ikusten duzu egoera?

Nik uste dut oraingoa aldaketa garaia dela. Eta aldaketa hori hiru maila nagusitan gertatzen ari da. Batetik, gure asmoa da Osasunbideak zerbitzurik onena eskaintzea. Arlo horretan daude, adibidez, laborategiak eta larrialdi zerbitzuak bateratzeko prozesuak, bai eta sukaldeena ere. Aldaketen lehen mailan jartzen ditut prozesu horiek, baina horrek ez du erran nahi errazak direnik. Bigarrenik daude kultur integraziorako proiektuak. Hor dago, adibidez, Iruñerriko ospitaleak Nafarroako Ospitale Gunean bateratzeko prozesua. Guneko hiru ospitaleek hartzen dute departamentuaren aurrekontuaren erdia baino gehiago, bai eta Osasunbideko profesionalen erdia baino gehiago ere. 10.000 inguru gara, eta ospitale horietan 5.600 ari dira. Zerbitzuak bateratu behar dira, eta prozesua ez da erraza. Hirugarren maila, azkenik, gizarte mailako aldaketari dagokiona da. Herritarrak hurbildu nahi ditugu zerbitzuen ardura esparrura. Aldaketa horrekin zerikusi handia du, adibidez, gaixo kronikoekin egin nahi dugun lanak.

Zein da asmoa?

Kontua da egungo osasun sistemaren helburua dela gaixotzen dena sendatzea. Hori da funtzionatzeko modua. Baina gaixo kronikoak dituen beharrak ez ditu sistema horrek behar bezala asetzen. Zerbitzu ona jasoz gero, bizi-kalitate ona izan dezake gaixo kronikoak, eta denbora gehiena etxean eman, ospitalera joateko beharrik gabe. Egun, kronikoei begira, zerbitzu txarra ematen ari gara, eta, gainera, horretan diru anitz gastatzen ari gara. Populazioaren %18k baditu arazo kronikoak, eta Osasunbideko aurrekontuaren erdia baliatzen ari gara anitz hobetu daitekeen zerbitzu bat emateko. Hori aldatzea, noski, ez da erraza. Denbora beharko da lehen mailako aldaketak egiteko, eta are gehiago hirugarren maila honetakoak egiteko.

Aldaketa horien ondorio dira azken hilabeteotan gertatu dimisioak eta kargugabetzeak?

Krisi garaian bizi gara. Gizartean dago krisia. Aukera garaia ere izan daiteke. Hainbat kargu desagertu dira zerbitzuek bat egin dutelako. Lehen bi ziren, eta orain bakarra; halabeharrez kendu behar dugu kargu bat. Hori normala da. Gertatzen ari diren aldaketen berezko ondorioak.

Traumatologia zerbitzuari, antza denez, bereziki eragin diote aldaketek. Profesionalek departamentuaren jarrera salatu dute. Zer gertatzen ari da?

Traumatologia zerbitzuan krisi handia dago. Ari gara egoerari aurre egiten, baina oraindik ez dugu konpontzea lortu. Zerbitzua bateratu egin genuen, eta Ubarmin ospitalera eraman genuen. Hirigunetik urrun dago zentro hori. Hori erronka bat da. Azpiegitura berriak ditugu, baina oraintxe jarri ditugu martxan. Presioa handia da, gainera, itxaron zerrenda luzea delako.

Zenbat pertsona dago ebakuntzaren zain zerbitzu horretan?

10.000 inguru. Kezkatzen nau horrek. Egia da abuztutik behera egin duela kopuruak, baina oraindik anitz dugu hobetzeko. Ehun egun itxaron behar du gaixo bakoitzak ebakuntza egiteko, batez beste. Horiek ebakuntza egiteko itxaron zerrendari dagozkion datuak dira, baina kontsultaren zain direnen itxaron zerrenda ere luzea da, eta konpondu beharreko arazoa da. Kontua da ebakuntzak egiten dituzten profesional anitz ebakuntza gelatik kanpo ere aritzen direla. Arazoa konpontzen zaila da. Informazio sistemak hobetzen ari gara, baina oraindik ere ez dugu egin dezakegun guztia zehazteko tresna nahikorik. Argi dago oinarrizko arretaren eta espezialisten arteko koordinazioa hobetu behar dugula, bertzeak bertze.

Baliabideak behar bezala erabiltzen dira?

Uste dut badela aukera gure baliabide materialak modu eraginkorrago batean erabiltzeko. Dirua zegoenean egindako hainbat azpiegitura hutsik dira. Eta martxan jarri nahi ditugu aurten. Tuterako ebakuntza gelak martxan jarri nahi ditugu, adibidez, bai eta Nafarroako Ospitale Guneko bertze hainbat espazio ere, tartean larrialdi zerbitzu berria.

Mediterranea de Catering enpresa pribatuak hartu zuen sukaldeen ardura duela urtebete. Kexaz eta protestez betetako urtea izan da.

Egia da, baina egoera onera egiten ari da. Nik uztailean hartu nuen kargua, eta abuztuan jada erabaki nuen Mediterranearekin adostea nire ustez huts egiten ari den elementu bat aldatzea: gurdiak, alegia. Enpresak irailean onartu zuen gurdiak aldatzea, eta horretan ari gara.

Hainbat hilabete joan dira, eta kexak ez dira amaitu.

Egin beharreko urratsetan luzatzen ari garela egia da. Kontratua aldatu beharra dago. Administrazioaren esparruan ari da prozesua luzatzen. Baina nik espero dut bi hilabete barrurako gurdi berriak prest izatea.

Zergatik ez duzue kontratua etetea erabaki?

Egia da hainbat txosten zabaldu dizkiogula enpresari, eta ez dira gehiago izan enpresak gurdiak aldatzeko konpromisoa hartu zuelako. Kontratua etetea azter daiteke, baina nik uste dut gurdiak aldatuta egoerak nabarmen eginen duela hobera. Gure asmoa da inkesten bidez jasotzea kalitatearen inguruan gaixoek duten iritzia.

Parlamentuko taldeek, profesionalek, erabiltzaileek... anitzek jarri dute Osasun Departamentuaren jarduera zalantzan azken hilabeteotan.

Ditugun erronkak ez dira errazak. Kontseilariak zehazten du departamentuak egin behar duen bidea, eta denok ahalegintzen gara gauzak ahalik eta hobekiena egiten. Beti dago hobera egiteko aukera, bai eta hutsak zuzentzekoa ere.

Oinarrizko arretari eta larrialdiko etengabeko arretari buruzko erreformak piztu du protesta gehien. Inposizioa egotzi diote Verari.

Egia da Nafarroako Parlamentuak atzera bota zuela aurkeztutako lehenbiziko proposamena. Urtebeteko epea zehaztu zion bertze bat egiteko, eta laster aurkeztuko du kontseilariak. Esparru guztien parte hartzea lortzen saiatu da departamentua. Egia da sindikatuen gehiengoak ez diola babesa eman, baina UGTk eta CCOOk, adibidez, bai. Era anitzetako iritziak badira, baina babesa ere lortu du proiektuak.

Landa eremuetako osasun zentroak haserre dira. Bazterketa salatu dute, bertzeak bertze.

Zerbitzuak ematerakoan, niretzat garrantzitsuagoa da denboraren dimentsioa, espazioarena baino. Gehiago kezkatzen nau ehun egun itxaron behar izateak ebakuntza bat egiteko, herritar bakoitzak kilometro gutxira ospitale bat izateak baino.

Akaso ez dute ospitalea eskatzen, larrialdi batean medikua izanen dutela ziurtatzea baizik.

Medikuak zaintza osasun etxean egiteak ez du erran nahi zerbitzua hobea denik. Lehentasuna behar du izan zerbitzu ona emateak, baina denen interesak hartu behar ditugu kontuan, herriena eta udalena, baina bai eta profesionalena ere. Arratsaldez zerbitzua eskaintzeko, adibidez, profesionalak behar dira. Eta hori lor daiteke langileak kontratatuz, edo txandak moldatuz. Kontratuak egiteko dirurik ez dago. Konponbideak bilatu behar dira.

Aurrekontu gero eta murritzagoak ematen du aukera?

Egia da aurrekontuak %25 behera egin duela azken urteotan. Hala ere, nik aukera banu, agerian utziko nuke osasunak zer ikusteko gehiago duela hezkuntzarekin eta azpiegiturekin osasun zerbitzuekin baino. Etorkizunaren alde egin behar dugu, eta hezkuntzan inbertitu, haurrek bizi ohitura osasungarriak barnera ditzaten. Nire esku balego, gure aurrekontuaren zati bat hezkuntzari emanen nioke; eta ospitaleen aurrekontuaren zati bat oinarrizko arretari. Ez dut erranen diru gehiegi dugunik; gehiago bagenu, hobeki. Baina lan egiteko baliabide nahikoa badugula uste dut. Helburua beti izan behar du hobetzeak. Profesional onak ditugu, eta herritarrek ongi baliatzen dituzte zerbitzuak.

Azken garaiko krisiaren ardura, beraz, norena da, kudeatzaileena?

Gure lanak ere hobera egin beharko du. Kudeatzen zaila den egitura dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.