Aldaketaz, protagonistekin

'Nafarroa, orain ala inoiz ez' liburua aurkeztu dute Ion Orzaiz eta Joxerra Senar kazetariek, Iruñean. Aldaketaren zailtasunez, perspektibaren eta orekaren beharraz, eta etorkizunaz mintzatu dira

Joxerra Senar, Ion Orzaiz eta Juan Kruz Lakasta Nafarroa, orain ala inoiz ez liburuaren aurkezpenean, atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2016ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Lanean ari zen Joxerra Senar. Besta zuenez gero, etxean, gantxitoak eta garagardoa egongelako mahaian, eta sakelakoa eskuan zituen Ion Orzaizek. Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko kazetaria arratsaldeko seietarako Irrintzi dorrean zen, bi xanpain botila eskuan. BERRIA egunkariaren Iruñeko egoitzan hoztu nahi zituen. «Barre algaraka hartu ninduten». Maiatzaren 24a zen, eta hauteskundeen emaitzek posible egin zuten aldaketa Nafarroako instituzioetan.

«Non zinen maiatzaren 24an?». Galdera horri erantzunez abiatu dute Nafarroa, orain ala inoiz ez liburuaren aurkezpena. Senar eta Orzaiz BERRIAko kazetariek idatzi dute, eta Lakastaren esku geratu da aitzin solasa. Hiruren artean aurkeztu dute liburua Iruñeko Caldereria kaleko udal aretoan. Aldaketari buruzko liburua, aldaketaren protagonistekin partekatu nahi izan dute: politikariekin, eragile sozialekin eta herritarrekin. Denak ezinbestekoak izan baitira aldaketa abiatzeko.

Liburua erraz irakurtzeko moduan idatzi dute, irudiak bilatuz, eta batzuetan estilo literarioagoa erabiliz. Aurkezpena ere erraz aditzeko moduan egin nahi izan dute, eta Lakasta izan dute gidari. Txantxetarako tarterik izan da, eta anekdotarik ez da falta izan. Adibidez, Senarrek azaldu du UPNkoengana jo aurretik, parlamentuko korridoreetan Bakartxo Ruizi esan ziola elkarrizketatu nahi zituela. Galdegiteko erantzun zion EH Bildukoak. Baita lortu ere. Senar: «BERRIAn beti sumatu dugu [UPNren] gobernukoekin zailtasun handiak genituela eta distantzia erabatekoa zela. Elkarrizketa ematea seinale ona da». Aldaketaren ondorioak.

UPNkoei ez ezik, 50 lagun baino gehiagori egin zieten elkarrizketa bi kazetariek. Baina, bakoitzaren aipu gutxi batzuk sartu dituzte. «Helburuetako bat zen dibulgatiboa izan behar zuela, irakurterraza, eta ezin zuela doktoretza tesi baten antza eduki», azaldu du Orzaizek. Batzuek ahoan bilorik gabe mintzo dira, beste batzuekin gehiago kostatzen da. Senarrek Ezkerrako parlamentari bat jarri du horren adibide.

Nafarroako aldaketa historikoa dela nabarmendu dute hizlariek —hitz hori gehiegi erabiltzen dela jakitun—, baina hura lortzea lan nekeza izan zela. Aldeko faktoreak ere izan ziren: «ETArekin, akordio programatikoa ixtea ezinezkoa izango zen, seguruenik. Ezker abertzaleak politika instituzioetan egitea ere garrantzitsua izan zen», esan du Senarrek. Baina, azkenean, bota egin dituzte Nafarroa eurena zela uste zuten agintariak. «Orain beste batzuk ari dira kudeatzen, eta kontuz, hobeto egin dezakete». Hala ere, oztopoak ere badirela gogorarazi du Orzaizek: «Zer egiten duzu aldaketaren alde ez dauden, baina administrazioan duzun talde horrekin? Arazo handia da hori».

Aldaketaren bidean, Ivan Gimenezen metafora aipatu dute: erlojua eta iparrorratza; denbora eta norabidea, alegia. «Norabidea da garrantzitsuena. Urratsak atzeraezinak izan behar dira», azaldu du Senarrek. Perspektiba eta oreka dira maiz errepikatu dituzten beste bi kontzeptu. «Askotan segitzen dugu txip berberarekin, eta ikuspegi berarekin, baina uste dut neurtu beharko genukeela eta perspektiba gehiago izan», esan du Orzaizek. «Oreka behar da indar politikoen artean, baina baita gizartearen eta instituzioen artean, eta kritikaren eta diskurtso eraikitzailearen artean ere».

Horri loturik, Senarrek uste du akaso asko begiratu zaiela aldaketaren aldeko indarren akatsei, eta gutxi UPNk egindakoei. «Nago Diario de Navarra-k gehiegi baldintzatzen duela UPN». Hala ere, aldaketaren indarrek Cordovillako egunkariari duena baino botere gehiago aitortzen diotela dio Orzaizek.

Bukatzeko, liburuaren egileak busti egin dira, eta aldaketaren aldeko alderdiak nola ikusten dituzten esan dute. Senar: «Kontraesan bat dago, Geroa Bai moderatua da, baina ezkerreko hiru hanka ditu gobernuan». Orzaizen idurikoz, EHBilduk jokatu du leialen, «hainbat apo janda» aldaketaren alde. Ahal Dugu erabakigarritzat jo dute, eta laugarren hankaren jokaldia Orzaizek azaldu du: «Ezkerrak oso ongi jokatu ditu bere kartak».

Gonbidatu anitz

Liburua aldaketaren protagonisten aurrean aurkeztu dute. Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea, eta EH Bilduko, Geroa Baiko eta Ahal Dugu-ko parlamentariak agertu dira. Haiekin batera liburuan ageri diren beste batzuk: besteak beste, Floren Aoiz, Ivan Gimenez eta Sagrario Aleman. Horiez gain, herritarrak ere joan ziren ekitaldira.

Martxelo Otamendi, Lorea Agirre eta Olatz Osa ere han izan dira, BERRIA egunkariko, Jakin aldizkariko eta Elkar argitaletxeko zuzendariak, hurrenez hurren. Izan ere, liburua hiru talde horien arteko lankidetzari esker atera da argitara; Aleka bildumako lehena izan da. «Aktualitatea aletu nahi dugu, xehatu, erpin eta ertz ezberdinetatik begiratu», azaldu du Osak. Gisa horretako liburuak euskaraz urriak direla uste du Elkarreko zuzendariak. «Kazetari lanak izatea nahi dugu, ahalik eta ikuspegi zabalena dutenak, eta irakurterrazak, jendearengana iritsiko direnak, zabalkundea ere helburua delako». Kaleratuko duten hurrengo liburua euskarari buruzkoa izanen da, eta Garikoitz Goikoetxea BERRIAko kazetariak idatzi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.