Aldaketari eutsiko diola erantzun du Bilduk

Alduntzin diputatuaren kontrako zentsura mozioa gaitzetsi dute ehunka herritarrek, manifestazio batekin

Diputatuek eta Bilduko kideak aldamenean zituela parte hartu zuen Alduntzinek martxan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
mikel p ansa
Donostia
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Gipuzkoan «aldaketa sozial eta politikoa» gauzatzeari ekin diola, eta bide horretan ez duela urratsik atzera egingo. Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatua kargutik kentzeko eztabaidaren biharamunean, erantzun hori eman die EH Bildu koalizioak EAJri, PSE-EEri eta PPri. Manifestazio batekin erantzun ere. Bi mila pertsona inguru batu ziren Donostian atzo, Alduntzini babesa agertzeko eta Gipuzkoako Diputazioak aurkeztu duen hondakinen kudeaketa plana «konponbidea» dela aldarrikatzeko.

Manifestarien artean EH Bildu koalizioko kide ezagunak ziren: Rufi Etxeberria eta Joseba Permach (ezker abertzalea), Pello Urizar (EA), Rebeka Ubera eta Ernesto Merino (Aralar) eta Ander Rodriguez (Alternatiba), beste askoren artean. Martin Garitano ahaldun nagusia ere bertan zen, diputazioko kabineteko kide gehienekin eta diputatuekin. Bilduko Gipuzkoako hainbat hautetsik eta alkatek ere bat egin zuten manifestazioarekin, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea tartean. Birziklatzeari zentsurarik ez; Gipuzkoa aldatzen ari gara idatzia zuen pankartaren atzetik egin zuten martxa.

Alduntzin bera ere manifestazioan zen. Bezperan, zentsura mozioa Batzar Nagusietan eztabaidatu zutenean «hunkitua eta haserre» aritu bazen, atzo babes eta zorion mezuak zuzenean jaso zituen. Manifestazioa 18:15 aldera bukatu zen, hiru ordu laurden eskas lehenago abiatu zen leku berean, Bulebarrean. Bukaerako ekitaldian, agiri bat irakurtzen hasi ziren Xabi Soto eta Iban Asenjo. «Euskal Herria Bildu koalizioa osatzen dugunok babesa agertu nahi diogu Alduntzin diputatuari, Gipuzkoan abian den aldaketa politiko eta sozialarekin aurrera jarraitzeko guztion beharra dugulako», esan zuen Sotok. Momentu horretan txaloka hasi ziren manifestariak, eta denbora luzez hala jarraitu zuten. Azkenean, Bulebarreko kioskora igo behar izan zuen Alduntzinek berak, nahiz eta, aitortu zuenez, berak hitz egitea ez zegoen «gidoian». Eskerrak eman zizkien elkartasuna adierazi diotenei, eta kantu baten ahapaldia ekarri zuen gogora: «Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak. Denon artean lortuko dugu. Eutsi!».

Manifestazioa, baina, Alduntzini babesa adierazteko baino gehiagorako zela seinalatu zuen Martin Garitanok. «Oposizioko alderdiek darabilten jarrera oztopatzailea» salatzeko egin zuten atzoko martxa, bere hitzetan.

Hain justu, diputazioaren hondakinen planak «zero zabor politikaren eta birziklatzearen aldeko apustua» egiten duela nabarmendu zuten Xabi Sotok eta Iban Asenjok, manifestazio bukaeran irakurritako agirian. «Azken finean, hondakinen arazoarentzako konponbidea dugu esku artean; eta errauste plantak baino 200 milioi euro gutxiagoko kostua du».

Europako ebazpenek birziklatzea bultzatzeko agintzen dutela seinalatu zuten, «ez hondakinen errausketa». Eta Europako Parlamentuak, 2020rako, birzikla daitekeen guztia birziklatzea agindu duela erantsi zuten. «Beraz, errauste plantak iraganeko apustua dira». Ohartarazi zuten EAJ, PSOE eta PP Europan babestu dutenaren guztiz kontrakoa egiten ari direla Gipuzkoan. Hiru alderdi horiek hondakinen gaiarekin «demagogia hutsa» egiten ari direla ere salatu zuten.

Jarrera horren atzean «interes ekonomiko eta politikoak» sumatzen ditu EH Bilduk. Eta Alduntzinen aurkako zentsura mozioa «estrategia zabalago baten» lehen urratsa dela ohartarazi dute: «Gipuzkoan abian den aldaketa politiko eta soziala gelditzen eta ezkerreko suberanista eta independentisten olatua geldiarazten saiatu nahi dute». Baina aldaketa horri eusteko «konpromiso irmoa» duela berretsi du EH Bilduk. Azken udal eta foru hauteskundeetan Bildu «gipuzkoarren gehiengoak» hautatu zuela eta oposizioko alderdiak emaitza hura «ezin irentsirik» gelditu direla uste dute EH Bilduko kideek. Adierazi dute oposizioko hiru alderdi horiek «zarata eta burrunba» sortzen ari direla, baina haien salaketak ez direla egia. Horrela, ukatu egin dute Gipuzkoa geldirik dagoenik: «Gipuzkoa aurrera doa, Gipuzkoa aldatzen ari gara, berritzen ari gara».

Konfiantza moziorik ez

Martin Garitanok, bestalde, EAJko Gipuzkoako buru Joseba Egibarri esan dio ez duela konfiantza moziorik aurkeztuko: «EAJk, PSEk eta PPk, UPDren laguntzarekin, zentsura mozio bat aurkeztu nahi badute, haien kontua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.