Kontraboterearen benetako ispilua». Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren sinatzaileek horrela definitu zuten egitasmoa, 2013ko maiatzean agiria prestatzen hasi zirela. Ezinbestekotzat jo zuten «ezartzen ari diren politika neoliberalak errotik aldatzea, eta eraldaketa politiko eta soziala bultzatzea». Ia aldi berean, 2013ko abuztuan, klima aldaketari eta sistema neoliberalari aurre egiteko xedez, lehen Alternatiba Egunaren berri eman zuen beste plataforma batek: Baionako Bizi kolektiboak. Bi horiek dira, Eskubide Sozialen Gutuna eta Baionako Alternatiba Eguna, larunbat honetan Iruñean eginen duten jaialdiaren aitzindariak.
Baionakoa izan zen lehena. Kapitalismo basatiaren eta klima aldaketaren aurkako borroka agenda politikoan sartu nahi zuen Bizi kolektiboak, eta, horretarako, «Europa mailako ekitaldi bat» prestatu zuten, kontinente osoko adituak gonbidatu eta sistema aldatzeko alternatibak planteatzeko.
«Milaka egitasmo daude klima aldaketa molde eraginkorrean borrokatzen dutenak. Horiek guztiak ezagutaraztea, zabaltzea eta biderkatzea da xedea», esan zuen Biziko kide Elise Banconek, aurkezpenean. «Gizarte neurtuagoa, humanoagoa, atseginagoa eta solidarioagoa posible dela frogatu nahi dugu». Hasieratik argi zuten, gainera, Alternatiba Eguna ez zela egitasmo bakartua izanen, «dinamika berri batzuen oinarria» baizik. Hasiera batean asmo onak besterik ez ziruditenak errealitate bihurtu ziren urte gutxiren buruan.
«Ezin baikorrago»
2013ko urriaren 7an egin zuten lehen Alternatiba Eguna, Baionan, eta marka guztiak hautsi zituen egitasmoak. Antolatzaileen arabera, milaka bisitari jaso zituen hiriak egun hartan, eta jendetza bildu zen eguneko ekitaldi guztietan. «Laino tipi baten gainean gaude orain», aitortu zuen Jean-Noel Etxeberri Txetx-ek, Bizi mugimenduaren izenean. Greenpeaceko Juan Jose Lopez de Uraldek irakurri zuen hitzaldi nagusia, euskaraz, Liberation egunkariko webguneak zuzenean eskaini zuen ekitaldia, eta hainbat orduz, klima aldaketaren aurkako borrokaren Europako hiriburu bihurtu zen Baiona.
Horrez gain, hiri barnea autoei itxi, eta festagune bilakatu zuten, hamabost eremu tematikotan banatu zuten egitaraua, eta guztiek gainezka egin zutela nabarmendu zuen Etxeberrik, biharamunean: «Jendez gaindituak ginen egun bukaeran. Zinez zerbait pasatu den froga. Biziki une indartsua izan da. Oinarrizkoak izaten diren gertakarietan sentitzen den hori».
Baionako deialdiari jarraituz, ekitaldi ugari antolatu zituzten Euskal Herriko hainbat herritan, eta Alternatiben Izulia ere egin zuten, horiek guztiak lotzeko. Mugimendu hark, baina, jauzi kualitatiboa egin zuen 2015ean.
Bilbo, gainezka
Baionan sortutako kimua hartu, eta Bilbon landatu zuen Eskubide Sozialen Gutunak. 2015eko urriaren 20an egin zuten Alternatiben Herria. Han, adar sendoagoak hazi zitzaizkion mugimenduari: 150 eragilek bat egin zuten, Alternatiben Herriaren manifestuak 1.200 sinadura bildu zituen, eta eguneko ekitaldietan 8.000 bat lagunek parte hartu zuten.
«Alternatibak badaude, eta hemen ikusitakoa da horren froga», nabarmendu zuen antolakuntza taldeko Liher Gonzalez Bilbatuak. Zabala zen egitaraua, eta bere adarretik heldu zion bakoitzak alternatiba beharraren ideia nagusiari: ekologismoari buruzko mahai inguruetan, herrialdeen burujabetza prozesuei buruzko eztabaidetan, edota euskalgintzari edo feminismoari eskainitako saioetan.
Ez zen izan soilik teoria, ordea. Hitzaldi eta mahai inguruekin batera, tailerrak, bizikleta martxak, ikastaroak eta antzerki ikuskizunak ere antolatu zituzten. Horrez gainera, gizarte mugimenduek eta kooperatibek karpak eta postuak ere jarri zituzten Areatzan eta Plaza Barrian.
Jendetza izan zen Areatzan egun osoan, baina bereziki arrakastatsua izan zen, adibidez, Mario Zubiaga politologoa, David Fernandez CUP alderdiko kidea eta Cat Boyd Eskoziako Radical Independence Campaign taldeko kidea batu zituen mahai ingurua. Independenteak izan ziren hitzaldi eta mahai inguru guztiak: euskara, sindikalismoa, ekologia, feminismoa, ekonomia soziala... Nor beretik aritu zen bakoitza, baina baita ezinbestean bata bestearen ondoan ere, eta igarri zen hori ere solasaldietan.
Lan munduari buruzko mahai inguruan parte hartu zuen Yolanda Jubeto Ekonomia doktore eta aktibista feministak, adibidez, baina zabaldu egin zuen fokua. «Sistema honen arma indartsuetariko bat hori baita: etsaiak garela sinetsarazten digu, eta zatitu egin nahi izaten gaitu. Borroka feminista, borroka ekologista eta klase borroka erabat uztarturik daude: aliantzen garaia da».
Baionan eta Bilbon ereindako hazi eta aliantza horiek Iruñean loratuko dira etzi, eta segida izanen dute etorkizunean ere, Alternatiben Herriak ez baitu gelditzeko asmorik.
Alternatiben Herria. Aurrekariak
Aldaketaren hazia ereiten
Iruñekoa Alternatiben Herriaren hirugarren aldia izanen da. Aurretik, milaka pertsona batu ziren Baionako eta Bilboko jaialdietara, mundua aldatzeko xedez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu