Aldaketarako deia zabalduko du datorren Korrikak. Klika izango du leloa, eta hori jarri du helburu: «klik» egitea, euskararen aldeko jarrera aktiboa hartzea. «Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea». Bi aste falta dira Euskaraldia hasteko, eta mezuaren aldetik ildo berean egingo du indar Korrikak: «Konpromisoak hartzeko garaia da». Apirilean egingo dute 21. Korrika: hilaren 4an abiatuko dira Garesen (Nafarroa), eta 11 egunez igaroko dituzte Euskal Herriko ehunka herri. Gasteizen amaituko da, apirilaren 14an.
Lau hilabete falta dira Korrika iristeko, baina makineria martxan jarria du AEK-k. Jada zabalik dago Korrikaren laguntzaile egiteko aukera, eta herrietan batzordeak sortzen ere hasiko dira. Aurkezpeneko agerraldia Donostian egin zuten atzo, San Telmon. Korrikarentzat esanahi berezia du leku horrek, bertan baitago Korrikaren ikur nagusietako bat: jatorrizko lekukoa, Remigio Mendiburuk eginikoa. Horren moldaketa bat da lasterketan erabiltzen duten lekukoa, Juan Gorritirena.
Aldaketa aldarrikatzeko lekukoa izango da 21. Korrikan. Klika leloarekin hori zabalduko dute: euskararen aldeko hautua egitea, aldaketak abiaraztea, konpromisoa hartzea. Hala azaldu dute aurkezpeneko gutunean: «Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea. Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea». Aktibatzeko deia da, finean, klika egite hori: «konpromisoa» eta «euskararekiko kontzientzia» hartzeko aldarria.
Erabiltzeko, ezagutza
Nabarmena da Euskaraldiarekin baduela lotura hurrengo Korrikaren mezuak. Aurtengo ikasturtean euskalgintzaren arloko bi mugarri nagusiak izango dira, eta elkarren segidan joango dira. Lehenik, Euskaraldia, bi aste barru: azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Mugimendu handia ari da sortzen herriz herri, eta milaka lagunek eman dute izena. Bigarrenik, hura pasatuta, Korrika: Eguberrietatik bueltan, bete-betean hasiko dira.
Erabileran jarri dute erdigunea Euskaraldian, baina AEK-k ohartarazi du ezagutzaren esparruan pausoak eman beharra dagoela, kontuan hartuta euskal herritar gehienak erdaldun elebakarrak direla oraindik. Helduen euskalduntzea ezinbestekoa da egoera hori aldatzeko, AEKren esanetan. Erabilera bultzatzeko ere bai, helduak izanik gizartearen erdigune. «Ezinbestekoa da helduen espazioek euskaraz funtzionatzea», ohartarazi du koordinatzaile nagusiak, Mertxe Mugikak. «Zinez sinesten dugu euskaltegietan, mintzapraktika egitasmoetan, euskararen planetako langileen artean, milaka eta milaka ahobizi eta belarriprest aterako direla».
Horretarako, nahitaezkotzat jo du ekimen handiagoz jardutea, «erritmoak azkartzea», eta elkarlanean aritzea. Horren adibide gisa jarri du azken Korrikatik eginiko bidea. Argazki berria ekarri zuen 20. Korrikak, izan ere: Irun eta Hendaia artean, Santiago zubian, elkarrekin egin zuten kilometroa euskalgintzako eragileek eta erakundeek, lekukoa eskuz esku pasatuz. Beste harreman eredu baterako ikur izatea nahi zuten, eta denbora honetan aldaketa esanguratsuak egin dituzte. Lankidetza ildo batzuk ireki dira.
Badago zer egina oraindik, eta hori aldarrikatuko dute Korrikan. Mugikak ohartarazi du «ez-nahikoa» dela euskaltegiei bideratzen zaien finantzaketa publikoa, eta oraindik ere AEKrentzat ezinbestekoa dela Korrika antolatzea, finantzaketa lortzeko. Aitortu du, hala ere, aurrerapausoak izan direla azken urteetan. Nafarroako Gobernuak, adibidez, euskaltegientzako diru laguntzak berreskuratuak ditu, eta, aurten, lehen aldiz, euskara ikasteko diru laguntzak emango dizkie herritarrei. Eusko Jaurlaritzak, berriz, helburutzat ezarria du doakotasuna: B2 mailara dohainik ikasi ahal izatea euskara —azterketak gainditzean dirua bueltatuta—, eta urtez urte areagotzen ari da euskara ikasleentzako laguntzak.
Finantzaketa lortzeko helburua, bai, badu Korrikak, baina askoz haragokoa da jomuga: «aldekotasuna» erakustea, Mugikaren esanetan. Aldekotasun hori konpromiso bihurtzea dute jomuga.
Aldaketarako lekukoa
'Klika' leloa izango du 21. Korrikak: jarrerak aldatzea jarri dute helburu, euskararen alde «klik» egitea. Apirilaren 4an hasiko da, Garesen, eta Gasteizen amaituko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu