Marian Beitialarrangoitia (Legazpi, 1969) EH Bilduren diputatu izango da, bigarrenez, Espainiako Kongresuan. Koalizioak 35.000 boto gutxiago jaso ditu, azkeneko hauteskundeekin alderatuta. Orduan bezala, bi ordezkari lortu ditu. Gipuzkoan bata, eta Bizkaian bestea. Beitialarrangoitiak Matute izango du lankide, Madrilen.
Zein analisi egiten duzu lortutako emaitzei buruz?
Bistakoa da ez ditugula espero genituen emaitzak lortu. Hauteskunde hauetan helburu gisa jarri diogu geure buruari orain arteko joera aldatzea, jakinik aurki beste hauteskunde batzuk datozkigula, guretzat berebiziko garrantzia dutenak. Gainera, sumatu dugu kanpainan zehar jendearengan beste ilusio bat, beste konexio bat, behetik gora gentozenaren inpresioa. Horrela antzeman dugu herriz herri, eta geratzen zitzaiguna zen hori botoetara ekartzea. Ez da horrela izan.
Kolpe handia izan da?
Garbi daukagu gure proiektua epe luzerakoa dela. Horrelako hauteskunde batzuk, nahiz eta dagoeneko hirugarrenak diren emaitza txarrekin, ez dute EH Bilduren proiektua hankaz gora jartzen. Lehenago edo geroago, ereiten ari garen uzta jasoko dugu; baina nabarmena da bilatzen genuen helburua ez dugula lortu.
Zure ustez, zergatik izan da?
Ez dakigu zenbateraino izan den egindako aldaketak finkatzeko denbora gutxi izan dugula, edo zenbateraino eragin duten beste arrazoi batzuek. Hori aztertu beharko dugu orain, hurrengo hauteskundeei begira.
Abstentzioaren igoerak kalte egin dizue?
Jende gutxiagok parte hartu du. Horrek ere esan nahi du badagoela arrazoi desberdinengatik hauteskunde hauetara ez joateko joera. Izan daiteke hauteskundeak errepikatzearen aurrean egon litekeen nekea. Egon daiteke beste sektore bat uste duena gure joko zelaiak Euskal Herria behar duela izan, eta Madrilen ez dugula indarrik jarri behar.
Emaitzak bereiziak izan dira Euskal Herrian eta Katalunian, estatukoekin alderatuta.
Euskal Herrian, Katalunian bezala, herritarren zati handi batek aldaketaren aldeko apustua egin du. Kontua da bilatzen den aldaketarako itxaropena Madrilen jarrita emaitzek helburutik urrundu gaituztela. Zalantza geneukan, Alderdi Popularrarena ez zen gobernu bat jarriz gero, benetako aldaketa egingo ote zen edukietan. Egoera horretara iritsi aurretik ere, igandeko emaitzekin, PP izan da indartuena atera dena.
Aldaketa Espainian posible ez delako ideia indartu da?
Aukerarik txikiena irekiko balitz egiazko aldaketa baterako,EH Bildu bustiko dela berdin-berdin esaten jarraitzen dugu. Baina egia da, tamalez, egiten genuen diagnostikoa ere zuzena dela. Espainiako Estatuan ez dago gehiengo nahikorik benetako aldaketa bat egiteko. Euskal Herrian, Katalunian bezala, gehiengo batek aldaketaren aldeko hautua egin duen bitartean, Espainian orain arteko sistemari eustearen aldeko hautua egin da.
Zein da, emaitzei erreparatuta,EH Bilduren erronka nagusia?
Jende kopuru garrantzitsu batek aldaketan jarri du itxaropena, Madrildik etor zitekeelakoan; nahiz eta guk kontrakoa genioen. Aukeraren urruntzeak frustrazioa dakar. Euskal Herritik, ordea, gaitasuna izan behar genuke frustrazio horretatik jendea itxaropenera bideratzeko, zenbakiek ematen dute eta. Jendeak ikusi behar du itxaropena jarri duen aukeran ez dela posible izan, baina beste bide batean posiblea dela. Hori da erronketako bat.
Nola da posible aldaketa?
Gure bidea eginez, adostasunak bilduz. Aldaketa behar bada, egin dezagun gertuenetik hasita, ikusita baldintzak badaudela.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna. Marian Beitialarrangoitia. EH Bildu
«Aldaketan jarri da itxaropena, Madrildik etor zitekeelakoan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu