Aldaketak koadernoan

Nahiz eta Urkulluk legealdirako agindu zuen EAEko estatus politiko berriaren galdeketa, autogobernu lantaldea atzeratuta dabil.Gaur hasiko dira berriro biltzen

enekoitz esnaola
2015eko urriaren 28a
00:00
Entzun
EAEren eta Espainiako Estatuaren harremanari buruz asko ari da hitz egiten Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria; sarri —herenegun, Felipe VI.a Espainiako erregearen aurrean eta Radio Euskadin—, eta gako batzuk plazaratuz, estatuarekiko «borondatezko bat egiteaz» hitz egiten hasteraino. Instituzionalki eta gobernabide aldetik ustez hain seguru sentitzen da, estatus politiko berriaz 2012ko hauteskunde programan emandako hitza ez betetzeak ez baitu kezkatzen, nonbait. Gaurtik hasita, hilabeteotan ikusiko da noraino heldu ahal den EAJ.

Eusko Legebiltzarrean iazko martxoan eratu zuten autogobernuari buruzko lantaldea. Harrezkero, 28 lagun pasatu dira azalpenak ematera —azkeneko biak, atzo bost hilabete—, eta lantaldeak gaur egingo du zehaztapen faseko aurreneko bilera. Kontuan hartuta 2016ko bozak urri aldera izango direla, dagoeneko ez dirudi testu artikulaturik egiteko astirik izango dutenik, eta, beraz, ez litzateke galdeketarik izango. Urkulluk orain dela bi aste ETB2n esan zuen ez dela bere ardura hori, eta legebiltzar taldeei galdetu beharko zaiela zergatia. Alegia, atzerapenaren errua talde politikoei egotzi diela, nahiz eta lantaldea EAJk proposatu zuen, batzordeko presidentea jeltzale bat den, EAJ den parlamentuko talderik handiena eta hura dagoen Jaurlaritzan.

2012ko uztailaren 5ean izendatu zuten lehendakarigai Urkullu, eta hautagaiak urriko bozen kanpainan azaldu zuen erkidegoa batetik bestera zeharkatu zuela eta «guztia koadernoan apuntatuta» zeukala: 55 elkarterekin bildu zela; 45 herri eta hiritan egon zela; kanpainako 35 ekitaldi eta mitinetan hartu zuela parte; Patxi Lopezek abuztuaren 21ean hauteskundeak aurreratu zituenetik 11.600 kilometro egin zituela —«Euskadi-Quebec-Eskozia-Flandria-Katalunia-Euskadi ibilbideko kilometroak dira»—. «Eta nire koadernoak arrazoi du, gure bide orria baita hori. Euskadi, nazioa Europan». Data aldaketak, behintzat, badaude koaderno horretan.

Hauteskundeetarako programan hiru «konpromiso» finkatu zituen EAJk: krisi ekonomikotik irtetea; bakea finkatzea eta bizikidetzaren aroa hastea; eta EAErako estatus politiko berria sortzea. Alderdiak azpimarratzen zuen ez duela «menpekotasunik eta ezarritako loturarik» nahi, baizik eta, «Europara begira, burujabetza partekatua, alde bikotasun eraginkorrarekin, eta leialtasun eta errespetuaren bermearekin».

Azken pasartea, desberdina

258. orrialdean zekarren estatutu berriari buruzko konpromisoa: «Hurrengo Jaurlaritzaren proposamenez, [Eusko] Legebiltzarrean ponentzia berria eratuko da autogobernuaren etorkizunari buruz. [...] Hurrengo legegintzaldian [...], eta Jaurlaritzaren gidaritzapean, nazioarteko jardunaldiak eta parte hartze prozesu bat egingo dira [...]. Ponentziak testu artikuludun bat egingo du, legebiltzarrari onartzeko bidaliko zaiona. Prozesuaren emaitza, 2015. urtean, jendeari aurkeztuko zaio, eta horri buruzko erreferenduma egingo da».

Hauteskundeak nahikoa erraz irabazi, eta 2012ko abenduaren erdian hartu zuen Urkulluk lehendakaritza, eta ondoren aurkeztutako legealdiko gobernu programak ere jaso zuen EAEko estatus politiko berria egiteko konpromisoa —202. orrialdean—. Kasik, EAJren testu bera da Jaurlaritzarena, baina azkeneko pasartean ez du aipatzen 2015. urtea, ezta testu artikulatuari buruzko erreferendum bat egingo denik ere. «Autogobernuari buruzko txostena jendaurrean erakustea, bere iritzia eman dezaten», dio hor, zehazki.

Dena dela, hori ñabardura bat izan daiteke. Kontua da balitekeela legealdi hau amaitzerako ez izatea estatutu berriari buruzko kontsultarik. EH Bilduk adierazi du «nahi bada» egin ahal dela halako galdeketa bat, eta gaur zortzi Herritarrak Ahalduntzeko Lege proposamena aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean. Proposamena baztertu egin du Urkulluk: «Nahi izanez gero, antola daitezke kontsultak zapata kutxetan, baina ez dute balio juridikorik izango.Herritarrei planteamendu serioak egin behar zaizkie».

EH Bilduk nahi du babes juridiko edo legezko bat izatea galdeketek —orokorrak eta arloetakoak, eta erkidegokoak, herrialdekoak eta tokian tokikoak proposatuko ditu—, eta Jaurlaritzak berak ere Udal Legearen proiektuan badakar udalerrietako herri galdeketen proposamena —69. artikuluan—. «Estatuko gobernuaren baimenarekin», dio Jaurlaritzaren egitasmo horrek. EH Bilduk ere lege proposamenean estatuari «EAEri Herri gisa dagokion erabaki ahalmena» aitor diezaiola aldarrikatzen dion arren, hortxe dago gaur-gaurkoz legebiltzarreko talde nagusi EAJ eta EH Bildu abertzaleen alderik handienetakoa: EAJk Madrilekin itundu nahi du «legezko» galdeketa, eta EH Bilduk dio akordiorik ezean alde bakartasunari heldu behar zaiola. Madrilek noiz utziko dago EAJ, han indar harremanak noiz aldatuko. EH Bilduk, ordea, ez du bere apustua gauzatzeko modurik, instituzionalki ez baitago erakunde nagusietako boterean.

«Zirrikitua» konstituzioan

Bitartean, Espainiako Konstituzioa erreformatu gabe ere EAEren nazio izaera aitortu daitekeela uste du alderdi jeltzaleak, Urkulluk esan bezala konstituzioak horretarako «zirrikiturik» baduelakoan, Auzitegi Konstituzionalak estatuan «nazio subiranotasunaren jabe bakarra Espainiako Herria» dela ebatzia duen arren, horrek dakartzan ondorio guztiekin: estatuaren batasuna zatiezina da, eta erkidegoak ez dira subjektu politiko eta juridiko burujabeak.

Baina egin ahal dira erreferendumak estatuan; adibidez, haustura ez badute helburu. Jaurlaritzako lehendakariak berriki garbi zioen berak ez duela helburu independentziaren kontsultarik, eta duela urtebete azaldu zuen eztabaida ez dela erabakitzeko eskubidea, baizik eta eztabaidak autogobernua izan behar duela.

EH Bilduk ez du gustuko Jaurlaritzak eta EAJk autogobernuaren lantaldearen zehaztapen fase honen hasieran duten jarrera, eta Urkullurena ere txarretsi zuen atzo Pello Urizar legebiltzarkide eta EAko idazkari nagusiak: «Izugarrizko errespetu falta agertu dio herri borondateari, galdeketak zapata kaxekin alderatzean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.