Aldaketa martxan da

Ehunka herritar bildu dira EH Bilduren hauteskunde gauean, Bilbon. Ilusioa, poztasuna eta emozioa izan dira nagusi.

Bilboko Zabalguneko Merkatuan igaro du hauteskunde gaua EH Bilduk. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko Zabalguneko merkatuan igaro du hauteskunde gaua EH Bilduk. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko apirilaren 21a
23:55
Entzun

«Dena aldatzen da», dio Ines Osinagaren abestiak. Eta «dena aldatzen da» abestuz egin diote ongietorria Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiari Bilboko Zabalguneko merkatura hurbildu diren ehunka herritarrek. Azken asteotan, aldaketaren momentua «orain» dela aldarrikatu du EH Bilduk. Eta, hauteskundeetako emaitzak jakin ostean, hala berretsi du gaur gauean Otxandianok: «Aldaketa martxan da, eta geldiezina da».

Poztasun aurpegiek ilusioz bete dute merkatua gaur; bertan igaro du koalizio abertzaleak hauteskunde gaua. Mahaiak itxi bezain laster hasi da jendea bertaratzen. Urduritasuna eta poztasuna. Gauari gogor heltzeko, afaltzeko tartea izan dute EH Bilduko kideek, baita besarkada estuekin elkar agurtzeko ere. Lehen emaitzak iristeko bost minutu falta zirenean, eskuetan zituzten ogitartekoak utzi, eta areto handira joan dira. Momentu horretan iritsi dira Oihana Etxebarrieta kanpainako eleduna eta Maddalen Iriarte. Gaueko lehen txalo zaparrada jaso dute.

Etxebarrietak aurrean zituen entzuleei hitz egin die: «Hau guztia da lortu duguna; eskerrik asko komunitate guztiari, eta eskerrik asko gaur EH Bildurengan konfiantza jarri duzuenei». Kanpainako bozeramaileak nabarmendu du koalizio abertzalearen gaiak «eztabaida politikora» eramatea lortu dutela. Herritarrek erabaki dute: «Ikus dezagun orain herri mandatua zein norabidetan doan».

Dupla musika taldearen Dantzagaua abestiaren erritmora jarraitu dute gaua bertaratu direnek. Pixkanaka-pixkanaka aretoa betetzen joan da. Adin eta lurralde askotako jendea joan da. Kazetariek ere aretoaren zati handi bat hartu dute. Izan ere, EH Bilduren arabera, 75 kazetarik eman dute izena, eta, Euskal Herriko hedabideez aparte, nazioarteko hainbat ere agertu dira.

Gazte batzuk hauteskundeetako emaitzak ikusten. BERRIA
Gazte batzuk hauteskundeetako emaitzak ikusten. BERRIA

Lehenengo emaitzak 21:00etan eman dituzte. Eskutik helduta entzun dituzte askok, eta EH Bilduren emaitzak entzun dituzten bakoitzean txalo zaparradak jo dituzte. Batez ere, Arabako emaitza entzun dutenean: «EH Bildurentzat bederatzi eserleku». Lehenengo datuak entzun ostean, lasaitasunak hartu du berriro merkatua. Halere, datuek dantzan jarraitu dute telebistan, eta koalizioak boto gehiago jaso dituen bakoitzean ugaritu dira txaloak eta oihuak.

Ordu erdi geroago iritsi da Otxandiano, Ima Garrastatxu Bizkaiko zerrendaburuarekin eta Nerea Kortajarena Gipuzkoako zerrendaburuarekin batera. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia ere haiekin heldu da. Kazetari ugari sarreran jarri direnez, atzekoek ezin izan dute ezer ikusi. Halere, ikurrinekin egin diete ongietorria. Gela batean sartu dira zuzenean, eta emaitzak jakin arte ez dira berriro agertu.

«Ari, ari, ari, Pello lehendakari»

Aretoa guztiz bete dute EH Bilduko kideek azkenean, eta irribarreak nagusitu dira. 22:30 aldera eman dute abisua: «Bost minutu barru aterako dira». Ikurrinak eskuetan, korridore bat egin dute, Otxandiano eta gainerako zerrendakideak handik pasatzeko. Euforiak hartu du momentu horretan aretoa: Otxandiano agertu da. Txaloak, negar malkoak, txistuak eta serpentina berdeak; baita «independentzia» eta «jo ta ke, irabazi arte» oihuak ere.

Otegik hartu du hitza lehenengo: «Emaitza historikoak lortu ditugu. Guretzat, Euskal Herria zazpi lurraldeek osatzen dute; beraz, zazpi lurraldeetan 400.000 boto baino gehiago lortu ditugu. Kanpainan jarritako erronkak lortu ditugu». Noizbehinka, entzuleek moztu egin dute, «independentzia» oihukatuz edota txaloak joz.

Otegik eman dio hitza Otxandianoari. Berriz ere oihuak: «Ari, ari, ari, Pello lehendakari». Nahiz eta aitortu EAJk boto gehiago dituela, EH Bilduko lehendakarigaiak argi utzi du eserleku kopuru bera lortu dutela: «Ziklo politiko berri batean gaude; mapa politikoa aldatu da jada».

Ilusioa zabaldu da Zabalguneko merkatuan. «Egingo dugu», esan dio koalizioko zale batek beste bati; «egin dugu», erantzun dio besteak. Elkar besarkatuz eta abestuz jarraitu dute hauteskunde gaua. Gazteek oholtza gainean argazkia ateratzeko aprobetxatu dute, «euskal gazteria, aurrera!», oihuka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.