Inaxio Oiartzabal eta Begoña Atxa. Sareko eledunak

«Aldaketak ez dira egun batetik bestera iristen; eragin egin behar dira»

Sareko bozeramaileek uste dute presoen urruntzea amaiturik «bidearen zati bat» eginda dagoela, baina beste bat «egiteko» dagoela oraindik; bereziki kezkatuta daude gradu progresioen «urratzearekin».

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Pandemiak ekarritako bi urteko parentesiaren ostean, Sare ohiko mobilizazio moldera itzuliko da, eta manifestazioa egingo du datorren larunbatean Bilbon, euskal presoen eskubideen defentsan. Aurtengo deialdia oso testuinguru berezian egingo da, Begoña Atxa (Zornotza, Bizkaia, 1982) eta Inaxio Oiartzabal (Donostia, 1986) Sareko eledunek azaldu dutenez.

Ikusi gehiago: Presoen etxerako bideari ekiteko deia egin dute Etxerat-ek eta Sarek

Urte askoan ez da aldaketarik egon espetxeetako egoeran, eta, orain, badirudi urruntzearen amaiera gertu ikusten dela. Berrikuntza handia da, ezta?

OIARTZABAL: Hala da. Urruntze politikaren amaieraren atarian gaude, eta orain ikusten ari gara hainbestetan aipatu dugun etxeratze prozesua, legearen ibilbidea eta abar. Ibilbide horretan oztopoak daudela ere ikusi dugu, eta datozen denboretako aldarrikapen edo jomuga nagusiak non egongo diren ere bai: oztopo horiek gainditzea, alegia.

Oztopo horietako bat gradu progresioei dagokie. Zer gertatzen ari da gradu progresioekin?

ATXA: Eusko Jaurlaritzak 33 presori aitortu die gradu progresiorako eskubide hori, baina Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak helegitea jarri die 23ri, espetxe batzordearen iritziaren gainetik eta legezko oinarriak kontuan hartu gabe. Helegitea jarritako 23 horietatik seiri gradua jaitsi diete eta, beraz, espetxera sartu dituzte berriro. Beste 13 ebazpenaren zain daude.

Zer dakar hirugarren gradua lortu duen preso batentzat egun batetik bestera espetxera itzuli behar izateak?

OIARTZABAL: Graduen sistema hori egiten da presoak kartzelatik ateratzeko bide hori pixkanaka eta gradualki egin dezan, eta psikologikoki, ekonomikoki eta abar prestatuz joan dadin. Egun batetik bestera hori bertan behera uztea izugarrizko kolpea da pertsona horren bizi planean, presoarentzat eta senideentzat. Juridikoki, basakeria bat da, legeak ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen dituztelako hirugarren graduan egoteko: 33 presori eman diete hirugarren gradua, baina 113k betetzen dituzte hori lortzeko baldintzak. Guk uste dugu salbuespenezko legedi horren aurka gaudenon artean horma moduko bat sortu beharko genukeela.

Inoiz aipatu da badagoela bidea oztopatu nahi duen indar bat; Foro Sozialak lobby hitza erabiltzen du horretarako. Zuen ustez nork osatzen du lobby hori?

ATXA: Auzitegi Nazionalean nolabaiteko bilakaera egon da, eta epaile batzuek, [Jose Ricardo] De Pradak esaterako, joera hori kritikatu dute. Baina egia da judikatura hein handi batean oso politizatuta dagoela. Oraindik badago iraganean finkatutako sektore bat Auzitegi Nazionalean, eta esparru politiko baten helburuei erantzuten die. Hori normalizatu egin nahi izan dute Euskal Herritik kanpo, eta, neurri batean, lortu ere egin dute.

Eta zeintzuk dira helburu horiek?

ATXA: Batetik, mendekua du helburu politika horrek. De Pradak berak esan du sistematikoki hartzen diren erabaki horiek, legean oinarritzen ez badira, mendekua dutela helburu. Baina, bestetik, ematen du ETA desagertu zenetik Euskal Herrian dagoen elkarbizitzarako bilakaera hori oztopatu nahi dela.

Fiskaltzak arrazoi batzuk ematen ditu helegiteak justifikatzeko: adibidez, presoak ez direla damutu, edo kalte ordainak ez dituztela ordaindu.

ATXA: Aitzakia horiek ez dira legezkoak, ez daude legean zehaztuta eta, gainera, ez dira egia. Erantzukizun zibilei dagokienez, argi dago preso bati gradu progresioa ukatzen bazaio ezin dela lan merkatura sartu, eta beraz erantzukizun horiei aurre egitea zaildu egiten dela. Erabiltzen den beste aitzakia da ez dutela gizarteratzeko asmorik erakutsi, baina presoa nola txertatuko da berriro gizartean baimenak ukatzen bazaizkio? Eskakizun horiek ez dute oinarri juridikorik, eta, hala ere, presoek bete egiten dituzte, eta orduan beste batzuk jartzen dira.

Presoen eskubideen aldeko aldarriak adostasun handia biltzen du. Sindikatuak dira horren adibide. Hortik jotzeko egokitasuna ikusten duzue?

OIARTZABAL: Azkenengo urteetan asko sakondu da bide horretan. Herri honetan, hamarkada askoan oso zaila izan da alor edo ideologia desberdinek elkarrekin hitz egitea eta elkar ulertzea, baina, azken urteotan, eraikuntza lan sakon bat egin da arlo horretan, eta salbuespen legedi horren kontra eta presoen eskubideen defentsan oinarri sendo bat sortu da, non beste hainbat gauzatan ados ez daudenek bat egiten duten; alor sindikalean ez ezik, baita alor politiko-instituzionalean ere. Gure helburua da adostasun horretan sakontzea, eta presoen urruntzearen kontra egon den babes berarekin salbuespen legedi osoa bertan behera uztearen alde egitea.

Urruntzea amaituta, desmobilizatzeko arriskua ikusten duzue?

OIARTZABAL: Mobilizazioa beharrezkoa izan da orain arte edozein aldaketa lortzeko, eta aurrerantzean ere hala izango da. Aldaketak ez dira egun batetik bestera iristen; eragin egin behar da horiek lortzeko. Desmobilizazioari dagokionez, nik uste dut sektore batzuek hori nahi dutela. Mezu hori ematen dute: urruntzearen amaierarekin egoera hau konpondu da, eta presoen gaia konpontzeko bidean dago. Baina guk argi dugu hori ez dela horrela.

Presoak Euskal Herrian egotea izugarrizko aurrerapausoa da, eta balioetsi egin behar dugu horrek ekartzen digun zamaren arintzea, baina gauza asko daude oraindik konpontzeko etxeratze bide hori gauzatu dadin.

Egoera berri hori gauzatuko balitz, mobilizatzeko moldeak egokituko lituzke Sarek?

ATXA: Gure lanean badaude lehentasun batzuk, eta horietako bat zen presoak Euskal Herriratzea. Hori gertuago dagoen heinean, gainerako urratzeetan zentratuko gara, eta, orain, graduen progresioarekin gertatzen ari dena da eskubideen urratzerik larrienetako bat.

OIARTZABAL: Gure ibilbidean mobilizazioak, aldarriak eta mezua moldatuz joan gara. Gure zutabeetako bat hori izan da: gure mezua eguneratzea eta egoerarekin bat egitea. Bakartzeen egoera konpondu zen, gaixo dauden presoen egoera asko aldatu da azken urteotan, eta orain ere, Euskal Herriratzea gauzatzearekin, gure mezuak, aldarrikapenak eta iruditeria moldatu beharko ditugu.

Urtarrileko manifestazioari eusteko asmoa al duzue?

OIARTZABAL: Oraingoz, horri eustea da gure asmoa, baina askotan esan dugu mobilizazio horiek ez direla betiko izateko sortu. Eta egoerak hala eskatzen duenean ez egitea tokatuko balitz, pozgarria litzateke, horrek esan nahiko lukeelako egoera konpondu dela. Bidearen zati bat egin dugu, baina beste bat egiteko dago, eta gure helburuak erdietsi arte kalean egotea tokatzen zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.