«Gazte boterearen erakusleihorik adierazgarriena» da Gazte Topagunea, Ernaiko eledun Ane Alabaren esanetan (Antsoain, Nafarroa, 2000). Antolakundeak helburu du apirilaren 6tik 9ra 4.000 eta 5.000 gazte artean batzea Elorrion (Bizkaia), eta hura izatea pil-pilean dauden gaien inguruan hausnartzeko zein ondo pasatzeko plaza.
Ernairen hamargarren urteurrenarekin iritsiko da topagunea.
Hamargarren urteurreneko erronka jarri zitzaigunean, oso argi geneukan topagunean itzulpen berezi bat izan behar zuela.Horregatik hautatu genuen Elorrio; horregatik nahi genuen abestia orain arteko bidearen aitortza bat izatea. Hamar urte ez dira edonola betetzen, eta egindako ibilbidea ospatzeko eta gozatzeko momentua izango da. Baina, baita hausnartzeko eta hurrengo hamar urteei begira jartzeko ere.
Zuei egokitu zaizue lehen hamarkadaren balantzea egitea. Nolakoa izan da bidea?
Azpimarratzen ditugu bi kontu. Batetik, Ernaik jakin zuela irekitzen ari zen ziklo politiko berriari erantzuteko izaera, egitura eta norabidea hartzen, eta joan garela ibilbide horretatik aurrera egiten. Bestetik, krisiak markatutako ibilbide bat izan dela. Bi aldagai horiek uztartu eta estrategia ahalik eta eraginkorrena garatzea tokatu zaigu; bai ziklo politiko berrian prozesu independentista askatzeko, bai krisi testuinguru hauei aurre egiteko.
Ernai krisian hazi den antolakundea dela adierazi duzue, eta krisia da oraindik ere protagonista. Zein dira erronkak?
Bidegurutze batean gaude. Hazkunde mugagabearena mito bat dela agerian geratu da, baita planetak mugak dituela ere. Erronka ekosoziala izango dugu nagusietako bat. Gazteoi lehen lerroa hartzea tokatuko zaigu; ez soilik gure etorkizuna jokoan dagoelako, baita aldaketak eragiteko motorra izateko gaitasuna dugulako ere.
Eta nazio auziari dagokionez?
Erronka nagusietako bat izango da ziklo politiko honetan prozesu independentista bera askatzea. Horretarako naziogintzaren aldeko apustu garrantzitsua egin dugu, uste dugulako gazteriaren partetik ez dagoela atxikimendu handirik kapitalismoarekiko eta estatu espainolarekiko. Baina hori ez da indar eraldatzaile bihurtzen ari. Lan pedagogiko handia egin beharko da borroka ideologikoari dagokionez ere. Kapitalismo zisheteropatriarkalar i aurre egiteko burujabetza prozesu batetik igaro beharko dugu. Estatu bat ez dugun bitartean, ez dugu tresna nahiko izango nahi dugun proiektu politikoa garatzeko; lan eta bizi baldintza hobeak lortzeko; energiaren prezioa erregulatzeko...
Ehotzen txostenean «gazte frontearen» artikulazioa aipatzen duzue. Nolakoa izan behar da halako fronte bat?
Ernaik bere zilborrera begira lan egin baino, ahalik eta gazte gehienekin elkarlanean fronte zabal bat eratzeko beharra dago. Ez da egongo erabateko adostasuna duen proiektu politiko bakar bat, baina zoru komun bat ezarri nahi dugu, balio batzuk konpartitzen ditugun gazte guztiokin elkarlanean: bizi eredu eta baldintza eraldatzaileen alde borrokan ari diren gazteak, euskaldunak, feministak, antifaxistak eta ekologistak.
«Belaunaldi krisi» kontzeptua ere erabili duzue, gazteen egoeran indar eginda.
Gizarteari dagokionez, zibilizazio krisiaz eta krisi anizkoitzaz hitz egin da. Uste dugu horrek gazteria modu konkretu batean jotzen duela. Batzen dira etorkizun bat edo bizi proiektu bat eraikitzeko ezintasuna eta horrek eragindako frustrazioa. Belaunaldi bezala krisian gaude, tresnarik izan ez eta etorkizuna eraikitzeko aukerak lapurtzen ari zaizkigulako.
Etxebizitzarena da arazoetako bat. Etxebizitza legea aurten onartzea da asmoa. Zer ezaugarri izan behar ditu?
Argi eta garbi, alokairuaren prezioa mugatzea gobernu ororen zeregina izan beharko litzateke. Merkatuan esku hartu behar dugu; merkatuaren eta etekinaren logika kapitalistan jarduten duen bitartean, gugatik probetxua ateratzen jarraituko dute. Bestalde, pentsatu beharko genuke nolako etxebizitza eredua nahi dugun: jarraitu nahi dugun jabetza pribatuen aldeko neurriak sustatzen, edo bestelako ereduak posible ote diren. Bizi ereduari buruzko hausnarketa potente bat egin behar da.
Hezkuntza proiektu propio baten alde egin duzue. Zergatik urrats hori?
Unibertsitateetarako plan politiko propioa osatu genuen duela pare bat urte. Falta zitzaigun kongresu batean berretsi eta hezkuntza eremuaren osotasunari begiratzea; hezkuntza ertainean Ikamarekin elkarlan estrategia finkatzeko aukera izan dugu. Gure azterketaren arabera, une horretan ez zegoen ikasle mugimendua osotasunean artikulatzeko motore lana egiteko antolakunderik. Ernaik hori izan nahi du unibertsitatean.
Hezkuntza eta euskara batuz, oraintsu salatu dute EHUren Sarrikoko fakultatean zer zailtasun dituzten euskaraz ikasteko.
Argi dago hezkuntza euskaraz ez dagoela bermatuta; ez EHUn, ez NUPen. Orokorrean, euskalduntzen ez duen hezkuntza bat daukagu. Guk euskaraz bizitzeko hautua egin dugu. Horrek eremu guztiak zeharkatu behar ditu, eta hezkuntza bezalako eremu garrantzitsu batean pisu handiagoa izan behar du.
Zer rol izan behar dute gazteekeuskalgintza arloan?
Euskalgintzaren aldeko ziklo berrian gazteak rol garrantzitsu bat dugu. Euskara Aurrera mobilizazioetan, Gazte Euskaltzaleen Sareak lekukoa hartu eta bultzada berri bat emateko konpromisoa hartu zuen. Euskara ildo estrategikoetako bat da.
Ane Alaba. Ernaiko bozeramailea
«Aldaketak eragiteko motorra izateko gaitasuna dugu»
Apirilaren 6tik 9ra egingo du Ernaik Gazte Topagunea, Elorrion. Ekitaldiaren nondik norakoez zein gazte antolakundearen hamar urteko ibilbideaz eta erronkez aritu da Alaba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu