Digitalizazioa hezkuntzan

Aldaketa zantzurik gabe

Hezkuntzan Librezale taldeak salatu du «multinazional handien produktuak» erabiltzea dela ohikoena. Software librearen aldeko apustua egiteko eskatu dute.

Hezkuntzan Librezale taldeko kide Miren Berasategi eta Iñigo Gebara, Donostian. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Litekeena da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza garai erabakigarri batean egotea: Hezkuntza Lege berria ontzen ari dira. Agerian geratu dira hainbat korapilo: hizkuntza ereduak, segregazioa... Baina itzaliago dago beste gai bat: digitalizazioa. Hezkuntzan Librezale taldeko kide eta irakasle Miren Berasategik eta Iñigo Gebarak kezkaz bizi dute lege proiektuak digitalizazioaz jasotzen duena —eta aipatzen ez duena—, markatzen duen norabidea, oraingoaren segida delakoan. Software librea ezinbestekotzat daukate, eta ildo horretatik egin dizkiote zuzenketak Eusko Legebiltzarrean dagoen testuari.

Ikusi gehiago:EZ ETSAI, EZ PANAZEA

Norabidea aztertu aurretik, baina, egun ikasgeletan duten egoerari erreparatu diote. Eredu bat da nagusi, Gebararen esanetan: «Hezkuntzan —EAEn bai behintzat, eta Euskal Herriko beste leku batzuetan ere baietz esango nuke—, Google eta Microsoft dira nagusi eskoletan». Eta hortik kanpo «eskola batzuk» soilik daude, salbuespenak, «erabaki kontziente eta oso landua» hartu dutenak. Izan ere: «Goitik datorrena edo merkatuak dakarrena zera da, multinazional handien produktuak erabiltzea».

Ez da erabaki hutsala, ordea; baditu ondorioak. Berasategik xehatu ditu. Batetik, eragin pedagogikoak daude, haren esanetan: «Frogatuta dago irakurketaren eta idazketaren hastapena okerrago lantzen dela digitalizazioarekin». Bestetik, multinazionalen produktuetara ohitzea: «Ikasleak, neurri batean, ez du ikasten testu prozesatzaile bat erabiltzen, baizik eta Word edo Google Docs erabiltzen». Eta, horrela, gainera, «bezeroak sortzen» ari dira, Berasategiren esanetan.

Finean, «merkantilizazioa eta pribatizazioa» sustatzen dituztela nabarmendu du Gebarak: «Enpresa pribatuen esku uzten dugu gure seme-alaben edo ikasleen hezkuntzaren parte bat, eta hori larria iruditzen zaigu; informazio baliagarri pila bat ari gara oparitzen». Berasategiren esanetan, afera harago doa: «Ez da bakarrik oparitzen dizkiegula, baizik eta enpresa horiei ahalbidetzen diegu gure ikasleen jokamoldeak, ohiturak, gustuak, zaletasunak... moldatuz joatea». Euskarari ere mesederik ez dio egiten, Gebararen irudiko: «Enpresa horien menpe gaudenean, enpresak dira, eta, komeni ez bazaie, ez dute euskaratuko, eta gure hizkuntza gutxitua dagoen bezala edo okerrago geratuko da».

Eta zein izan daiteke konponbidea? Software librea. Hala azaldu du Gebarak: «Software libreak soilik egiten du posible guk hezkuntzari ikusten dizkiogun betebeharrak betetzea». Hain zuzen, uste du ikasleak «ahalduntzeko» eta «ikuspegi kritikoa» izan dezaten ezinbestekoa dela digitalizazioa «etikoa, arduratsua, euskalduna eta eraginkorra» izatea. Eta, horretarako, uste du erabiltzen diren tresnek ezinbestean errespetatu behar dituztela eskola umeen eskubideak eta pribatutasuna, eta baliabide horiek «ikuskatzeko modukoak, berrerabilgarriak, libreak eta gardenak» izan behar dutela. «Hori da modu bakarra bermatzeko benetan hezkuntzak izan behar dituen funtzioak ari direla betetzen, eta ez beste batzuk».

Itunetik legera

Horiek horrela, Hezkuntza Lege berriak ekarriko al du aldaketarik? Ezezkoan daude elkarrizketatuak. Hitz bat darabil Berasategik planteamendua deskribatzeko: kontinuista. Haren hitzetan, helburua da legean jasotzea hezkuntza digitalizatuko dutela «ahal den guztia eta ahalik eta azkarrena», eta, gainera, lege proiektuan agertzen diren beste elementuak —metodologia pedagogikoak, irakasleen formakuntza...— «iraultza teknologikora» egokitu asmo dituztela. «Gure ikuspegia justu kontrakoa da, eta akordioan jartzen zuena ere justu kontrakoa zen».

Hain zuzen ere, 2021eko apirilean EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk erdietsi zuten hezkuntza itunak beste oinarri batzuk ezartzen dituelakoan daude Hezkuntzan Librezale taldeko kideak. Hala dio Gebarak: «Ez da guk idatziko genukeena, pixka bat lausoa baitzen, baina bide oso argia markatzen zuen».

Zein bide? Berasategik aletu du testua. Azaldu duenez, jasota zegoen digitalizazioak aukerak eskaintzen dizkiola hezkuntzari, «beti ikaslearen ahalduntzearekin zuzenean lotuta». Eta erantsi du: «Gero, zehazten zuen digitalizazio horrek nolakoa izan behar zuen ikaslearen ahalduntze hori bermatzeko». Alegia, «markatutako estrategia» bat ikusten zuen «statu quo-aren norabidea aldatzen zuena». Adibide bat jarri du: «Akordioan jasota zegoenaren arabera, gaur egun Googlerekin dauden hitzarmenak-eta ez lirateke posible izango; lege proiektuan, berriz, norabide hori guztia desagertu egin da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.