Labur aritu behar izan du EH Bilduko Marian Beitialarragoitiak Pedro Sanchezen inbestidurari emandako ezezkoa azaltzeko: izan ere, talde mistoa osatzen duten gainerako indar politikoetako eledunekin partekatu behar izan du denbora. Baina labur bezain argi mintzatu da: EH Bilduren aburuz, badago aukera «benetako aldaketa» eragiteko, baina PSOEk eta Ciudadanosek proposatzen duten aldaketa «iruzurra» da, eta horregatik ezezkoa eman diote Sanchezi.
Beste zenbait hizlarik egin bezala, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildakoak gogoan hartuta ekin dio Beitialarragoitiak hitzaldiari, eta, gero, EH Bilduren botoaren zergatiak azaldu ditu. Lan eta gizarte arloan murrizketak eta atzerapausoak ekarri dituzten neurriak bertan behera utzi behar direla uste du EH Bilduk, baina ez dute horrelakorik ikusten Sanchezek proposaturiko gobernu programan: «Non gelditu da lan erreforma bertan behera uztekokonpromisoa?», galdetu diote hautagaiari.
Fracking-aren adibidea ere jarri du EH Bilduko diputatuak: «Lehen, Patxi Lopez fracking-aren alde agertu zen, argazki eta guzti. Gero, kontrako botoa eman zuen Gasteizko legebiltzarrean. Orain, atzerapen bat ezartzeaz hitz egiten duzue». Erantzunean, Sanchezek esan du itunean fracking-a debekatzea proposatzen dela. «Gezurretan» aritzea leporatu dio Beitialarrangoitiak: «Itunean moratoria aipatzen da, eta moratoria ez da debekua».
Espainiaren batasuna
Hitzarmenean Espainiako batasuna aipatzen denean baino ez dutela argi hitz egiten leporatu die EH Bilduko eledunak itunaren sinatzaileei: «Ez ezazue gure botorik espero gure herriaren burujabetasuna ukatzen jarraitzeko eta jendea txirotasunera kondenatzen segitzeko», esan du.
Erantzunen txandan, Beitialarrangoitiak erantsi du EH Bilduk «eskua luzatuta» edukiko duela «benetako aldaketa» eragin nahi duten indarrekin elkarlanean aritzeko. Txaloak entzun dira Kongresuan. Ostean, UPNko Iñigo Alli igo da mintzalekura, eta, hitzaldiari ekin aurretik, esan du «oso esanguratsuak» iruditzen zitzaizkiola «Podemosek Bilduri jotako txaloak».
Espainiako inbestidura saioa. Euskal ordezkariak
Aldaketa PSOEren ahotan«iruzurra» dela esan du Beitialarrangoitiak
Orain arteko konpromisoei muzin egitea leporatu dio PSOEri. 'Fracking'-ari buruz ika-mika izan dute Sanchezek eta EH Bilduk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu