Aldaketa «posible» dela eta abagunea «orain» dela esanez abiatu du kanpaina EH Bilduk, Gasteizen

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiaren esanetan, «erregenerazio politikoa premia bat da».

EH Bilduren zerrendaburuak, Gasteizen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
EH Bilduren zerrendaburuak, Gasteizen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
2024ko apirilaren 4a
21:30
Entzun

EH Bilduk Gasteiz aukeratu du kanpaina abiatzeko. Iazko udal hauteskundeetan han boto gehien lortu zituen alderdia izan zen. Gainera, azken asteotan egin diren inkesta gehienen arabera, apirilaren 21ean lehia estua izango da EAJren eta EH Bilduren artean, eta eserlekuetan nor nagusituko den Araban erabakiko da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendaburuek, alderdiko ordezkari nagusiek eta dozenaka militantek bete dute Santa Barbara plaza. Aldaketa «posible» dela esanez abiatu du Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak kanpaina, eta, hori sinesteaz gain, horretarako abagunea «orain» dela azpimarratu du.

Aldaketa politikoa eskatzen dutenen ordezkari gisa aurkeztu da, eta mitinera bildutakoei mintzatu zaie: «Hurrengo hiru asteetan egin dezakegunak heri honen etorkizuna baldintzatu dezake. Gonbidapen bat egin nahi dizuet auzoz auzo aldaketa gogoa herriz herri eramateko». Sinetsita dago aldaketaren aukera posible da, «jendeak hala pertzibitzen du». Haren ustez, «erregenerazio politikoa premia bat da, zerbitzu publikoen gainbehera geldiarazteko». Uste du herri honek baduela anbizio hori, eta «aldaketaren agenda martxan jartzea da» apirilaren 21ean jokoan dagoena, haren ustez. «Herriaren zati honetan aldatu da mapa politikoa, eta orain arte indarrean egon den statu quo-a amaituko da apirilaren 22tik aurrera».

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak abaguneari egin dio erreferentzia. «Inkesta guztiek diote gehien igoko den alderdia EH Bildu izango dela, noraino? Herriak nahi duen tokiraino. Aukera historiko bat dago». Gonbidapen bat egin zuen botatzera joateko, «herri bat aldatzeko, herri justuagoa, libreagoa eta berdinzaleagoa egiteko».

Arabari egin dio erreferentzia: «Proiektu nazionala erregeneratzen ari da periferietatik». Eta Oiongo alkatea aipatu du, EH Bildukoa, mitinean baitzen, «abangoardia izan da Araba erregenerazio horretan». EH Bilduk azken urteetan Araban izan duen bilakaera azaldu nahi izan du hala.

Otegik joko arau batzuk proposatu ditu kanpainarako. Eztabaida «jantzi» bat eskatu du, «zehatza»; Espainiako politikaren «zaborkeria» baztertzeko eskatu du; eta «irainak, manipulazioa eta gezurraren marrak ez igarotzeko. Hilaren 22an arazoak arazo izango dira oraindik ere, eta herri honek akordioak beharko ditu, politika kolaboratiboak».

EH Bilduren programaren nondik norakoak azaldu dituzte goizean, eta kanpaina nondik nora joatea nahiko luketen ere bai. Ildo beretik egin du Otxandianok goizean. Esan du kanpaina ideiak aurrez aurre jartzeko eremu bat izatea nahiko lukeela, eta baita adostasun eremuak esploratzekoa ere. «Gai izan behar dugu ezberdinen artean herri eredu berri bati forma emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.