Aldaketa politikoa oztopatzea leporatu dio EH Baik Macroni

Ezkerreko abertzaleek Fronte Popularreko indarren adostasunaren alde eginen dute. Ipar Euskal Herriko eragileekin elkarlanean aritu nahi dute, aldarrikapenak Parisera eramateko.

Peio Dufau EH Baiko kide eta NFPko hautagaia, Ziburuko plazan, hauteskundeetako emaitzak ospatzen. PATXI BELTZAIZ
Peio Dufau EH Baiko kide eta NFPko hautagaia, Ziburuko plazan, hauteskundeetako emaitzak ospatzen. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko uztailaren 19a
13:44
Entzun

Yael Braun-Pivet izendatu ondotik Frantziako Asanblearako presidente, «hauteskundeetan deus gertatu ez balitz bezala» jokatzea leporatu die EH Baik Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aldekoei. «Aldaketa politikoa oztopatzea eta ezkerreko indarrei bidea hestea baizik ez du bilatzen», adierazi dute agiri batean ezkerreko abertzaleek. «Emmanuel Macronek herritarrek hautetsontzietan adierazitako borondatea errespetatu behar du, lehenbailehen NFP Fronte Popular Berriko lehen ministro bat izendatuz. Ez da beste aukerarik. Gainerakoa iruzur demokratiko berri bat izanen litzateke». 

EH Baik erran du NFPko indarren arteko adostasunaren alde egiten segituko dutela Parisen. Haatik, ez dute lehen ministro izateko hautagaiaren eztabaidan inplikatzeko asmorik: «EH Baik kontsentsuaren printzipioa atxikiko du, eta ez du posiziorik hartuko izan daitezkeen hautagai ezberdinen inguruko adostasun hori lortu bitartean», adierazi dute.  

Frantziako Asanbleako lehen bilkura Peio Dufau diputatuaren lehena izan zen; EH Baiko diputatu baten lehen aldia. «Urrats historiko bat da ezkerreko abertzaleontzat, eta ardura osoz helduko diogu erronka honi», adierazi dute. «Gure helburua izanen da Euskal Herriko agenda eta lurraldeko aldarrikapen garrantzitsuak Parisera eramatea, horien inguruan aitzinamendu berriak egiteko. Eta baita herritar guzien eskubideak segurtatzeko justizia sozialeko programa defendatzea ere». Erran dute horretarako elkarlanean arituko direla Ipar Euskal Herriko eragileekin eta hautetsiekin, «egiazki Euskal Herriaren ahotsa eraman ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.