Aldaketa lortzeko ardura eskatu diete Iruñean alderdi abertzaleei

Hamaika Bil Gaitezen eta Ezker Soberanista Eraikitzen herri ekimenek manifestazioa egin dute Nafarroako hiriburuko karriketan. Ezker abertzaleari, EAri eta Aralarri ausardiaz joka dezaten galdegin diete

edurne elizondo
Iruñea
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Ausardia eta ardura. Horixe eskatu zieten Hamaika Bil Gaitezen eta Ezker Soberanista Eraikitzen herri ekimenetako kideek atzo Iruñean ezker abertzaleari, Aralarri eta Eusko Alkartasunari, aldaketa politiko eta soziala lortu ahal izateko. Bi taldeok manifestazioa egin zuten Nafarroako hiriburuko karriketan, Aldaketa politiko eta sozialaren alde, Bat egin dezagun lelopean, Golem zinemetatik, Gazteluko plazaraino. Giroa hotza izan arren, ehunka pertsonak bat egin zuen.

Aldaketaren alde, «Nafarroa euskaltzalea, demokratikoa, parte-hartzailea eta berritua» lortzeko, haiekin bat egin dezaten galdegin zieten politikariei Hamaika Bil Gaitezen eta Ezker Soberanista Eraikitzen ekimeneko ordezkariek. «Aldaketa etorriko da Nafarroako gizarte, sindikatu eta politika sektore ezkertiar, aurrerakoi eta abertzale guztien batasunaren eskutik», erran zuen Hamaika Bil Gaitezen ekimeneko ordezkari Bakartxo Ruizek, manifestazioaren amaieran. Euskaraz mintzatu zen Ruiz; gaztelaniaz, berriz, Ezker Soberanista Eraikitzen ekimeneko Yolanda Duvale.

Eguraldia izan zen protagonista neurri handi batean atzoko ekitaldian, Iruñea zuritu zuen elurteari aurre egin behar izan baitzioten parte-hartzaileek. Ibilbidean independentziaren eta amnistiaren aldeko leloak oihukatu zituzten, eta sozialisten kontrakoak, PSNren egoitzaren aurretik igaro zirenean.

Manifestazioarekin bat egin zuten parte-hartzaileen artean ziren, bertzeak bertze, ezker abertzaleko Xanti Kiroga eta Txelui Moreno, eta EAko Koldo Amezketa. Herritarrek aldaketa politiko eta soziala nahi dutela argi utzi dutela erran zuen Kirogak, ibilbideari hasiera eman aurretik, eta falta dela horren gainetik «alternatiba bat» eraikitzea. «Gu lehen urratsa eta zirriborroa prestatzen ari gara». Herritarren nahia hori dela, eta haiekin lan egin behar dela berretsi zuen ezker abertzaleko kideak.

Amezketak, bertzalde, «aurrera egiteko keinutzat» jo zuen atzoko manifestazioa, «mundu guztiak egin ditzan egin beharreko urratsak». Nafarroan aldaketa politikoa lor daitekeela gaineratu zuen, hori uste duela, baina bertze kontu bat dela aldaketa hori berehala lortuko ote den. Gaineratu zuen aldaketa behar dela «herriak askatasunez adierazi ahal izateko nolako etorkizun politikoa nahi duen».

Akordioak bultzatzeko lana

Herritarrak politikariek zer egiten duten ikusteko zain ez direla gelditu azpimarratu zuen Bakartxo Ruizek Gazteluko plazan, manifestazioaren amaieran, baina haiei arduraz jokatzea dagokiela, eta ausardia erakustea. Aldaketa lortzeko behar diren akordioak bultzatzeko lana, hain zuzen ere, alderdiek egin behar dutela erantsi zuen.

Nafarroan aldaketa horren alde egin duten 7.000 sinaduratik goiti jaso dituztela gogorarazi zuen Hamaika Bil Gaitezen ekimeneko kideak. Furgobira martxan jarri zuten horretarako, eta atzoko manifestazioak ekimen horri amaiera emateko balio izan zuen, Ruizek nabarmendu zuenez. Nafarroaren Eguna baliatu nahi izan zuten, «ikur» bilakatu delako egun hori herritarrentzat.

«Gehiago da batzen gaituena, bereizten gaituena baino. Aldaketa lortuko dugu Nafarroako esparru ezkertiar eta abertzaleek bat egitea lortzen dugunean», berretsi zuen.

Aldaketaz ari direnean zer adierazi nahi duten zehaztu zuen Ruizek: «Kontua ez da eserlekuen izena aldatzea. Aldaketa ez da herritarren kontrako politika neoliberalak bermatzen jarraitzea. Aldaketa ez da Nafarroa Espainiako erkidegotzat jotzen jarraitzea, berezko hizkuntza ez balu bezala, bere historia ukatuz». Nafarroa ezkertiar, aurrerakoi eta abertzale baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen Hamaika Bil Gaitezeneko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.