Aldaketa haizea Sabin Etxean

Ortuzarrena da diagnostikoa: jendeak gehiago ikusten du EAJ «administratzaile» gisa «xede nazional handiagoen aldarrikatzaile gisa» baino. EBBko buruzagitza uzteko asmoa agertu du.

Andoni Ortuzar herenegun, Bilbon, EAJren 128. urteurrena ospatzeko ekitaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon olano
2023ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Kolpea hartu du EAJk. Hauteskundeetako hazkunde zikloa 2020an eten zitzaion, Eusko Legebiltzarreko bozetan, eta maiatzaren 28ko eta uztailaren 23ko bozketek —86.000 boto galdu dituzte maiatzean, eta 103.000 uztailean— azken urteetan ezezagun zuten egoera batean utzi dituzte jeltzaleak:gogoeta egin beharrean. Gertatutakoaz eta aurrera begira egin beharrekoaz. Diskurtso autokritikoak gero eta sarriagoak dira Euzkadi Buru Batzarrean, eta alderdiko buruzagien adierazpenetik erator daiteke alderdia aldaketa sakoneko fase batean sar daitekeela. Ortuzarrek berak atea ireki dio EBBren zuzendaritzan erreleboa emateko aukerari.

Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea larunbatean mintzatu zen autokritikaz, alderdiaren 128. urteurrena ospatzeko ekitaldian. «Apaltasun osoz, egin behar den autokritika guztia» egingo dute, agindu zuenez, «akatsak zuzentzeko eta kudeatzeko, eta gizartearekin erlazionatzeko moduetan berritzeko». Horrek beharrezko egingo du «diskurtsoetan eta politika publikoen kudeaketan» aldaketak egitea.

Ortuzarrek, ordea, Sabino Arana fundazioak argitaratzen duen Hermes aldizkariaren azken zenbakian egin du jeltzaleei gertatzen ari zaienari buruzko hausnarketa sakonagoa. Besteak beste, autogobernuaz mintzo da: «Autogobernuaren arloak, neurri batean lortutakoak, arrakastaz hiltzera eraman gaitzake, jende asko konformatzen baita daukanarekin». Hain justu, konformismo hori orain arteko autogobernu mailarekin lotu du Ortuzarrek: «Autogobernu maila handiak eraman gaitu gizarte ez hain aldarrikatzailea izatera arlo nazionalean, eta aldarrikatzaileagoa pertsonalean».

Galdetu du: «Zein dira euskalduntasunaren borroka nazional nagusiak? Selekzio nazionalak eta Gizarte Segurantzaren gaia kenduta, egiaz gutxi geratzen da borroka sinboliko nazional gisa».Ortuzarren ustez, horrek eragin du jendeak EAJ beste era batean ikustea: «Aldarrikapen eta helburu nazional handiagoen aldarrikatzaile gisa baino gehiago, lortutakoaren administratzaile gisa... bere gogoz kontra».

Diagnostikoa, abendutik

Bozen aurretik ere, jeltzaleen artean bazen kezka alderdiak gizartearen begietara izan dezakeen irudiaz. Hala jaso zuen abenduan aurkeztutako Entzunez Eraiki prozesuaren ondorioetan. «Zailtasunak ikusten dira EAJren mezua herritarren zati bati helarazteko orduan, alderdi kontserbadoretzat hartzen gaituztelako eta gugan ez dituztelako antzematen ez alderdi modernoaren izaera ezta esparru sozialarekiko konpromisoa ere», dio agiriak. Ondorioen artean jaso zuten alderdiak «irudi zaharra» transmititzen duela, «zaharkitua». Are: «Ez da oso plurala edo anitza. Euskal burgesiaren eta eskuinaren alderdia da, klase baxuetatik urrun dagoena. EAJk gardentasunik eza transmititzen du, eta zirkulu itxi gisa identifikatzen da».

Azken bi bozketetako emaitzek, ordea, urak nahastu dituzte. Hauteskundeen biharamunetik, emaitzen interpretazio kritikoa egin du Iñaki Anasagasti EAJko diputatu ohiak bere blogean, eta kritika horiek gaurkotuz joan da egunez egun. «Okerrena da ikuspegi asanbleariotik, alderdi aberats bat izatetik koadroen alderdi bat izatera igaro ginela. Batzarretara deitzeko baldintza noizean behin betetzen da, eztabaidarik gabe».

Koldo Mediavilla EBBko harreman instituzionalerako idazkariak ere blogeko artikuluen bidez egin du garaiari buruzko irakurketa, Anasagastiri kritika zorrotza egitearekin batera. Egoera «kezkagarria» da, «baina ez agonikoa», zioen larunbatean. Baina, alderdiko emaitzez harago, Espainiako panorama politikoak eskaintzen dituen aukerez mintzo da: «Aspalditik, euskal abertzaletasuna ari zen aukera leiho baten bila, aurrera ateratzeko Euskadirentzat eta Kataluniarentzat hain beharrezkoa den antolaketa Espainiako Estatuaren barruan. Agian hau da helburu hori lortzeko hainbeste esperotako aukera. Horregatik, Galeuscaren antzeko aliantza politiko bat errepikatzea ezinbestekoa izan daiteke egungo koiunturan».

Zertan hezurmamituko da EAJren autokritika hori? Eragingo du alderdiko buruzagien aldaketan? Larunbateko ekitaldian, datorren urtean egingo duten Batzar Nagusiari begira jarri zen Ortuzar: «Alderdiak lau urterik behin egin ohi duen prozesu berritzailea egin dezagun, alderdiaren organo nagusiak lideratuko dituztenak aukeratzeko». Azaldu zuen batzar horretan «momentu garrantzitsuak» izango direla: «Biziko ditu gure herriak eta biziko ditu gure alderdiak».

Hermes aldizkariko elkarrizketan, argiago zabaldu dio atea kargua uzteko aukerari. «Agintaldiak mugatu behar dira? Ahalko banu, bai [...]. Zentzuzkoena da gauzek zortzi eta hamabi urte bitartean irautea». Ortuzarrek hamar urte daramatza EBBren buruzagitzan, 2013ko urtarrilean Iñigo Urkulluren erreleboa hartu zuenetik. «Uztera zoazela esaten ari zara?», galdetu dio Xabier Lapitz kazetariak. «Nire esku balego, bai», dio Ortuzarrek: «Ez nekatuta nagoelako, edo ideiarik, indarrik edo konpromisorik ez dudalako. Adin batetik aurrera, antolakundea, zutaz baliatu beharrean, zure menpekoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.