Koronabirusa

Aldaketa ez da asko igarri

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak aske mugitu daitezke erkidegoan, atzera. Hiriburuetan ez da asko nabaritu aldaketa, eta ikusteko dago asteburuan zer gertatuko den.

Herritarrak, atzo, Bilbon, Areatzako zubian. OSKAR MATXIN / FOKU.
Igor Susaeta - Maialen Arteaga
Donostia-Usurbil-Bilbo
2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Emakume bat Donostiako autobus geltoki nagusiko nasa batean zegoen atzo, 11:30ak inguru zirenean —ez zuen izena eman nahi izan—. «Bilbora noa bikotekidea ikustera. Asteak dira ez dudala ikusi. Ez pentsa, aurreko asteetan ere eduki dut Bilbora joateko tentazioa, e? Tira, orain, behintzat, legezkoa da», esan du, umorez. Izan ere, Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak (Labi) bertan behera utzi du joan den urtarrilaren 25ean indarrean sartutako udalerrien konfinamendu perimetrala, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak erkidegoan aske mugitu daitezke atzotik —Labi hilaren 25ean da pandemiaren ondorioz hartutako azken neurri murriztaileak berrikustekoa—. «Ez exajeratuki, baina gaur [atzo] txartelen bat gehiago saldu dugu Bilbora eta Gasteizera doazen autobusetarako», zehaztu du Lurraldebus konpainiaren txartel saltzaile batek, Donostiako autobus geltokian. Nolanahi ere, aldaketa ez da asko nabaritu.

Gipuzkoako hiriburuko erdiguneko dendari batzuek espero dute asteburuan bertan «zerbait» igartzea. Artzain Onaren lur azpiko aparkalekuko arduradun bat, ordea, «etsita» zegoen: «Orduero zenbat ibilgailu sartzen diren apuntatzen dugu, eta aurreko egunetan bezalatsu gabiltza». 11:00ak ere ez ziren. «Oraindik ez da kanpoko inor etorri», zehaztu du Errege-Erregina Katolikoen kaleko kafetegi bateko langile batek. Alboko tabernako jabearen ustez, mugikortasunarenak ez, «beste neurri batzuk» aldatu behar dira sektoreari «bultzada bat» emateko.

Bestelako aldartea zuen Urbil (Usurbil, Gipuzkoa) merkataritza guneko kirol denda handi bateko saltzaileak. «Nabarmen igarri dugu probintzien artean mugikortasuna baimendu dutela. Urbilera etortzen den jendea, gainera, erostera etortzen da». Aurreko asteetako astegun buruzurietan baino gehiago saltzen ari ziren atzo. Bezero batzuk Zumarragakoak ziren; beste batzuk, Zestoakoak... Asteasu ez dago Usurbildik oso urrun; gutxigatik ez da mugakidea, baina Itsaso Agirregabiriak sei aste itxaron behar izan ditu merkataritza gunera joan eta «gauza jakin batzuk» erosteko. «Asteasun gutxienekoarekin moldatu gara...». Mari Jose Carballo ordiziarrak ere herrian egin ezin izan dituen erosketak egiteko baliatu zuen abagunea, atzo. «Herrian ez ditugun denda jakin batzuk daude hemen, eta irekieraaprobetxatu dut».

Bilbon, ohiko mugimendua

Mugimendua nabari zen atzo Bilbon. Gazteak eta helduak handik hona, Lopez de Haro kalean, telefono deiak egiten, motxilarekin, edo erosketen poltsekin. Kale nagusia eta alde zaharra lotzen dituen Areatza zubia ere, jendez lepo. Baina zamari eusten zioten zubiaren zutabeek. Mugimendua ohikoa da Bizkaiko hiriburuan: kontu administratiboak, lana... Pandemia garaian ere nekez lokartzen da Bilbo.

Areatza plazan zegoen Asier Raya, Arriaga antzokiaren parean. Leioakoa da bera, eta lan egitera joaten da aste barruan Bilbora. Atzo, mugak ireki ziren arren, ez zuen aparteko mugimendu berezirik nabaritu: «Uste dut astean zehar ez dela askorik nabarituko. Astean zehar denek ordutegi nahiko zurrunak eta antolatuak dituzte; ez dut uste Bilbo jendez beteko denik», adierazi zuen. Uste du maskarek haien funtzioa «berdin-berdin» betetzen dutela Bilbon, Leioan zein beste edozein herritan: «Neurriak errespetatuz eta maskararekin Leioan ibili ahal banaiz, gauza bera eginez, zergatik ez Bilbon? Maskarak beste herrietan berdin funtzionatzen du». Neurri berria pozez hartu du, aste barruan lanerako joan arren, hurrengo asteburua Bilboko lagunak ikusteko aprobetxatuko baitu.

Zazpi Kaleetan barrena zebiltzan Izarra Larraona eta Izarra Merodio bilbotarrak. Ama-alabak dira, eta, izen bera izan arren, desberdin ikusten dute dekretu berria. Merodiok irrikaz hartu du irekieraren albistea: «Irteteko gogo handia dut. Asteburuetan itsasoa ikustera joaten naiz; hori garrantzitsua da niretzat. Agian, asteburura arte ere ez diot eutsiko, eta bihar bertan joango naiz. Etortzen direnengatik ere ez daukat beldur handirik; orain arte bilbotar denak leku beretan pilatu gara, eta uste dut irekiera hau sakabanatzeko lagungarri izango dela». Sakabanatzeko onuragarria izango bada ere, «erantzukizun indibiduala» garrantzitsua dela uste du: «Gu izan behar gara geure buruaren erantzule, eta beste tokietara joaten garenean neurriak errespetatzen jarraitu behar dugu. Gehiengoak ondo egiten du, kontrakoa erakusten duten arren». Ama etxekoiagoa du, ordea: «Ni Bilbon geldituko naiz. Ondo ikusten dut irekiera; azken batean, senideak eta lagunak ikustea ahalbidetuko digu. Baina ni beldurrez nago, eta hemen geldituko naiz», argitu zuen Larraonak. Iritziak partekatu ostean, ideia komun eta argi batera iritsi ziren ama-alabak: «Kontua ez da non; kontua nola da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.